Jorge Oteiza

Wikipedia(e)tik

Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Apostoluak Arantzazuko santutegiko fatxada nagusian, Oñati
Eraikuntza hutsa altzairuzko eskultura, Donostia
Aita Donostiari oroitarria Aginako harrespilen ondoan, Lesaka
Pietate eskultura Donostiako San Bizente elizaren alboko horman

Jorge Oteiza Enbil (Orio, Gipuzkoa, 1908ko urriaren 21Donostia, 2003ko apirilaren 9a) euskal eskultore eta arte-teorilaria zen, Euskal Herriko hainbat pentsalari, artista eta arkitektorengan eragin handia izan zuena.

Eduki-taula

[aldatu] Bizitza eta pentsaera

Orion jaio bazen ere, ondoko Zarautzen bizi izan zen denboraldi gehiena. Madrilen medikuntza hasi zen ikasten, nahiz eta arkitektura oso begiko zuen, baina laster utzi zuen eskultura munduan murgiltzeko. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Ameriketan zen eta han gelditu zen bizitzen (1935-46), Bogota hiriko (Kolonbia) Zeramika Eskola Nazionalean irakasle. Garai hartan antolatu zituen lehen erakusketak Santiagon (Txile) eta Buenos Airesen (Argentina). Orduan hasi zen eskultura eta estetika inguruko teoriak hausnartzen. Lehen lanek espresionismoaren eta kubismoaren eragin garbia zuten, baina hutsaren estetikaren esperimentazioari ekin zion ondoren. 1959an amaitutzat jo zuen esperimentazio bidea, eskultura hutsera iritsita.

Euskal pentsaera eta estetikaren ezaugarri nagusiak euskararen erroetan bilatzen saiatu zen. Quosque tandem! saiakeran euskal arimaren estetikaren interpretazioa aztertu zuen, historiaurreko artean eta antropologian erroak bilatzen zituena, berariaz asmaturiko sistema filologiko-poetikoen bidez. Lehen euskal gizakiak mundua nola ikusten zuen jakitea izan zuten helburu bere ikerketek, naturarekiko harreman eta ikuskera hori gizaki hark hizkuntzan eta artean nola zizelatu zuen jakin eta aditzera eman ahal izateko, euskal historiaurreko harrespil, zutarri eta trikuharriak ulertzeko. Huts eta harro hitzen estetika-etimologiak erabili zituen antzinako ikuskera horiek ulertzeko.

Kultur eragile eta Euskal Herriko arte-mugimenduaren gidari jokatu nahi izan zuen Oteizak. Ez Dok Amairu taldeari izena eman zion (1965) Azkuek Bizkaian jasotako herri ipuin batetik hartua eta Elorrioko Haur-Unibertsitatea sortzen saiatu zen. Hainbat talde artistikoen sortzaileetako bat izan zen: Hemen, Gaur, Orain, Danok, Baita (1966). Polemista sutsu eta kritikari zorrotz agertu zen gehienetan agintarien kultur politikaren aurrean. 1992 urtean Oteiza Fundazioa sortu zen, honen eskuz Altzuzan (Egues haranean) Oteiza Museoa eraikin zen, oriotar sortzaileak han baitzeukan bizileku eta lantegietako bat.

[aldatu] Lanak eta Sariak

  • 1950-57 : Poliedro hutsa, Esferaren desokupazioa, Bi elementu arinen bateratze dinamikoa, Velazquez-i omenaldia, Malevitx-i omenaldia.
  • 1950 : Arantzazuko (Oñati) santutegiko fatxadako eskulturak egiteko lehiaketa irabazi zuen: "Apostoluak" taldea eta Pietatea. 1954 urtean Donostiako gotzaindegiak eskulturak zentsuratu zizkion eta bide ertzean abandonatuak egon ziren hainbat urtez. 1969 urtean amaitu ahal izan zituen.
  • 1951 : Milango 9. Hirurtekoan Ohorezko Diploma
  • 1956-59 : Aita Donostiari oroitarria eta Luis Valles arkitektoaren kaperatxoa Aginako harrespilen ondoan, Lesaka.
  • 1957 : Nazioarteko Eskulturako Sari Nagusia Sao Pauloko 4. Biurtekoan, Eraikuntza hutsa tartean dela. 2002 urtean, eskultura bera berregin eta tamainaz handitu zuten Donostiako Pasealeku Berrian ipintzeko, lehen marinelen omenezko ermita zegoen tokian.
  • 1958 : Eskultura bertan behera utzi zuen, amaiera esperimentalera iritsi baitzen.
  • 1960: Montevideon (Uruguai) Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen Roberto Puig arkitektoarekin batera.
  • 1970 : Madrilgo Colon Plazarako urbanizazioa egiteko lehen saria, Angel Orbe arkitektoarekin batera. Ez zen eraiki.
  • 1985 : Urrezko Domina Espainiako Arte Ederretan.
  • 1988 : Arteetako Asturiaseko Printzea Saria jaso zuen
  • 1992 : Nafarroako Urrezko Domina jaso zuen, bere lan guztia Nafarroako Gobernuari utzi baitzion, gero Oteiza Museoa izango zena Altzuzan (Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto eta lagunak marraztutako eraikina)
  • 1999 : Aspaldian egindako eskulturen handitze eta ezartze publikoa: Pietatea Donostiako San Bizente elizaren alboan, Malevitx-i omenaldia Terrassa (Katalunia).

[aldatu] Idazkiak

  • 1956-57 : Xede esperimentala (Propósito experimental)
  • 1960 : Arte garaikidearen amaiera (El final del arte contemporáneo)
  • 1963 : Quousque Tandem...!, euskal arimaren interpretazio estetikoa (Quousque Tandem...!, interpretación estética del alma vasca)
  • 1968 : Arrautzaren estetika. Euskal pentsamoldea eta labirintua (Estética del huevo. Mentalidad vasca y laberinto)
  • 1973 : Giza eredua haurrarentzat herrialde bakoitzean (Un modelo de hombre para el niño en cada país)
  • 1983 : Gogo-jardunak tunelean: nortasun galdua bilatzen eta aurkitzen (Ejercicios espirituales en un tunel: en busca y encuentro de nuestra identidad perdida) 1965an idatzia, baina zentsuratua.
  • 1990 : Jainkoa bada Ipar-Mendebaldean (Existe Dios al Noroeste)
  • 1991 : Aldaketen legea. Plagioen liburua (La ley de los cambios. El libro de los plagios).

[aldatu] Ikus, gainera

[aldatu] Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Jorge Oteiza