|
Bertsu saioak eta txapelketak
Bertsularitzaren alderdi ludikoena bertsu saio eta txapelketetan agertzen da, bizitasuna, lasaitasuna, memorioa eta poesiaren zentzua beharrezkoak baitira.
Bertsulariak 2001eko txapelketa nagusiko finalean (argazkia : XDZ)
Bertsu saioak eta txapelketak apailu berezirik gabe iragaiten dira : kadira batzu lerro-lerro ezarriak eta gizon batzu zutitzen direnak kantatzeko !
Bertsularia apainketarik gabe agertzen da. Eguneroko bizian bezala jantzia da (soineko berezirik gabe) eta ez du ezer berezirik egiten : eskuak bizkarrean edo sakeletan ditu eta kantatzen duelarik ez da kasik mugitzen. Hori guzia harrigarria gerta daiteke ikusle erdaldunentzat.
Anoetako belodromoa (Donostia) mukurru betea 1997ko abenduan iragan bertsulari txapelketa finala denboran (argazkia XDZ)
Gaur egun, taula gaineko bertsularitzak arrakasta handia biltzen du : hamahiru mila jende inguru bildu ziren Barrakaldoko BEC zentroan 2005eko Txapelketa nagusiarentzat, Euskal Telebistak zuzenean eskaintzen zuelarik !
|
 |
EUSKAL KULTUR ERAKUNDEA - INSTITUT CULTUREL BASQUE
ICB - B.P. 6 - 64480 UZTARITZE - USTARITZ - TÉL. 00 33 5 59 93 25 25 - COPYRIGHT © 2003 EKE - Tous droits réservés- Legezko informazioak
Français
Español
English
|
|
|
|
Lekukoei buruz
Ondoko bertsularien lekukotasunen irakurtzeko egin klik beren izenean edo
beren argazkian.
Xalbador
"Beraz, ene lehen pertsua leihoaren kanpotik eman banuen ere, hortik
laster hasi nintzan barneko alderat ere sartzen, bai eta pertsu gehiagoren
emaiten.
Ez dakit noiztik, bainan aldia hartan Urepeleko ostatuetan izaiten ziren,
bi trago eginez geroz, pertsutan hasten zirenak karraskan. Ikusi izan ditut
artzen, eta nihaur ere bai ari izan, lau edo bortz lagun jarri mahain baten
inguruan, arnoa ekar arazi eta hori : pertsua bururatzen ez zuenak paga.
Eni ez zaut behin ere gertatu pagatu behar izaitea; zerbait gisa
moldatzen nintzan beti bururatzeko".
Amets Arzallus
"Lotsa etorri baino lehen, deia gu hasia ginen.
Eta horregatik pentsatzen dut gero jende aurrean ez garela sobera lotsatu
izan. Seguraski momentu batez pentsatu izan dugu zertan ari ginen, zer zen,
baina momentu hori etorri zaigunerako nola azala egina genuen, seguraski
horrek lagundu digu.
Beste batzuei gogorra egiten zaie eta tentsio handia bizi dute. Nik ez
dut inoiz sufritzerainoko tentsiorik izan".
Sustrai Colina
"Ni zortzi urtetan hasi nintzen. Gero hamabi urtetan utzi nuen eta
hamabost urtetan berriz hasi nintzen Hendaian. Talde berri bat sortu zen
irakasle berri batekin eta gero, pixkanaka pixkanaka, Oiartzunera joaten
hasi ginen. Orai Oiartzunen dugu lagun taldea eta hara joaten gara.
Oso lagunarte sanoa izan dugu beti, eta hori da bertso eskola bat aitzina
eramateko modu bakarra. Bertsoa aitzakia bat da. Ez da beharrezkoa bizitzan
eta orduan, ez baduzu lagunarte motibagarririk, oso errex uzten duzu.
Ez naiz ongi oroitzen zein zen gure lehen emanaldia jendearen aurrean,
baina ez dut oroitzapen txarrik, ez nintzen traumatizatu eta hori ere
inportantea da. Sufritu duzun gauza batean ez duzu segitu nahi.
Orai beldurra baino tentsioa sentitzen dut. Eta tentsioa behar da.
Lasaitasun gehiegi da txarra inprobisatzeko. Erreflexuak erori egiten
zaizkizu eta, urduriegi egotea txarra den bezala, erabat blokeatuta zaude.
Baina urduri bai, hasi aurretik, jende aurrean kokatu arte. Gustatzen zait
bertigo hori. Momentu hori oso indartsua da"
Miren Artetxe
"Oroitzen naiz nire lehen saio publikoaz. Hameika urte nituen. Arrasaten
zen, eskolarteko txapelketako Euskal Herriko finalan.
Han agertu nintzen, nire galtza motzekin… Urduri nintzen, baina
ongi, ez nuen presiorik sentitzen batere. Niretzat beti izan da jolas bat
bertsolaritza eta ez nuen lotsa berezirik pasa ere. Lotsa gero pasa dut
irakurri ditudalarik bertso horiek ! Uste dut esperientia polita izan
zela.
Traumatikoa izan zitekeen : hameika urterekin bat-batean publiko
aitzinean bota behar dituzu bertso batzu, ez duzu inoiz egin horrelakorik,
gainera txapelketa da, epaitua zira, prentsan ateratzen da… Baina azkenean,
publikoak begi onez ikusi ninduen. Sobera, behar bada. Orai arte, beti ikusi
naute neska eta txikia, aski zuten horrekin. Alde batetik ongi etortzen zait
ez hain kritikoa izatea, bestetik ongi izanen zen berdin epaitzea.
Sari batzu ukan ditut : eskolarteko txapelketetan, iparraldean
txapel batzu, Xenpelar sariketa eta Lizardi sariketa, 2004ko irailean. Harro
naizen bakarra da Lizardirena. Hor pentsatu dut : bai, merezi
duzu. Lehen aldiz asumitzen dut sari bat"
Patxi Iriart
"Oroitzen naiz taularen gainera igo nintzen lehen aldiaz. Ez dakit noiz
zen baina erraten ahal dut Sustrai Colinari bota behar niola agur bat.
Ttipi-ttipiak ginen eta horiek bazuten bertso-saio bat egiteko eta nik
bota behar izan nion lehen agurra.
Nahiz aitzinetik prestatua nuen, beldurra sentitu nuen. Baziren nirekin
hiru lagun eta gauza bera egin behar zieten bertsolari desberdinei eta
gogorra izan zen.
Gero usaia hartzen da, beharrik. Azkenean plazer hartzen dugu.
Urte guziz parte hartzen dugu eskolarteko txapelketan, hemezortzi urte
artekoentzat. Iparraldean kanporaketa bat egiten dugu eta bi edo hiru joaten
dira finalera.
Eta horretan bai parte hartu izan dut. Ez da sekulan errexa"
|
 |
|
|