Mundua.com
 
Bloga sortu  Sartu  

12.04.09

Euskara elkarteak behar zaitu!

Posted in Sailkatugabeak December 4, 2009 at 0:57 by baiesan

Kaixo, lagun hori!

Gutun honen bidez Bai Esan elkartearen berri eman, eta bide batez, laguntza eskatu nahi dizugu.

Bai Esan 2005eko udazkenean hasi zen elkartzen euskararen norma-lizazioan lanean ari zen hainbat elkartetako lagun batzuek bultzatuta (herriko ikastetxeak, kultur etxea, AEK, udal euskaltegia, eta Euskal Herrian Euskaraz). Guztion helburua berbera zen: Santurtzin euskararen presentzia areagotzea eta erabilera sustatzea.

Santurtzin dagoen arazoa Euskal Herri ia osoan dagoen arazo bera da; hots, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko desoreka. Amildegia are handiagoa da euskal hiztunen ehunekoa urria den herrietan, Santurtzi eta Ezkerralde osoa kasu. Hemen euskararen presentzia oraindik testimoniala da eguneroko bizitzan.

Handia eta estimagarria da ikastolak, eskolek eta euskaltegiek egindako lana, baina horrek ez du eragozten euskararen presentzia erreala ia hutsaren hurrengoa izatea. Hala adierazten dute azken urteetan eginiko ikerketek.

Egoera honi erantzun bat eman nahian jaio zen Bai Esan. 2006ko azaroaren 21ean eman genuen ezagutzera geure burua herritarren aurrean Kresalan antolatu genuen ekitaldian. Hantxe, aretoa beterik, eta Andoni Egaña eta Unai Iturriaga bertsolariak lagun genituela, adierazi genituen gure asmo eta helburuak:

-euskararen egoera gure herrian normalizatzeko ahaleginean laguntzea

-honetarako, euskararentzako erabilera-esparruak irabazi

-maiztasun jakin batekin, kultura ekitaldiak antolatu herritar guztiei zuzenduta.

Aurten, besteak beste, honako hauek antolatu ditugu: hitzaldiak, ipuin kontalaria, euskarazko film laburren zirkuitua, antzerkia, bertso-afariak, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina. Baina gure proiekturik garrantzitsuena eta harrerarik beroena izan duena Berbalagun programa da. AEKrekin batera bultzatu dugun programa horren helburua herriko auzo euskaldunak harremanetan ipintzea da mintzataldeak sortzeko eta, horrela, gure hizkuntza kalera, zinera, mendira… atera, gure eguneroko errealitatean bizirik izateko.

Baina orain laguntza behar dugu, eta horregatik jotzen dugu zugana. Laguntzeko bi modu proposatzen dizugu:

-ostegunero Santurtziko AEKko lokaletan biltzen gara. Taldean parte hartu nahi baduzu, hortik agertu besterik ez duzu.

-emandako diru-laguntzak ez dira nahikoak lan guztia aurrera eraman ahal izateko. Esan gabe doa, guk musu-truk lan egiten dugula (batzuetan geure poltsikoetatik ere aurreratu behar izan dugu dirua). Horregatik, Bai Esaneko bazkidea izatea eskatu nahi dizugu.

Kuotaren zenbatekoa ez da oso handia:

· Arrunta: 30 euro urtekoa, epe batean edo bitan ordainduta

· 15 euro gazte edo langabetuentzat

Bazkidearen txartela izateak abantaila batzuk emango dizkizu, hala nola, antolatzen ditugun ekitaldietan eta euskarazko produktuetan ere deskontuak izatea; baita beste herrietako elkarteek antolatutakoetan ere.

Euskararen aldeko lan erraldoi honetan behar zaitugu, animatu eta bazkidetu!

Gurekin harremanetan jartzeko: baiesan@kaixo.com

Kanta-kantari poz-pozik!

Posted in Sailkatugabeak December 4, 2009 at 0:17 by baiesan

Originala gaurko ekitaldia! Eskerrik asko Ainhoa Ansa aranotarrari, Jagoba Astiazaran zestoarrari eta etorri zareten guztioi! ;-)

Hor ibili gara 60 bat lagun poz-pozik kanta-kantari. Ahots apartak dauzkagu herrian, gero! Zur eta lur utzi gaituzue batzuok! Eta harrituta geratu da gidari izan dugun bikotea, santurtziarrok zenbat euskal kanta dakizkigun ikusita. Gutxienez bi poto -bertan egon zinetenok ulertuko duzue- egin zituzten! A zer-nolako giroa! Ezin hobea Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta Mikel Laboari gorazarre egiteko!

Argazkiak laster hemen!

11.27.09

Euskararen Nazioarteko Egunean: santurtziarrok kantari

Posted in Sailkatugabeak November 27, 2009 at 11:54 by baiesan

Abenduaren 3a, osteguna, Euskararen Nazioarteko Eguna santurtziarrok kantari emango dugu, Mikel Laboa gogoan dugularik, berak horrela gogoratzea nahiko luke eta. Asteartean, abenduak 1, gure artetik joan zela urtebete izango da eta egin diezaiokegun omenaldirik onena dela uste dugu. Zatoz zeu ere!

mikel_laboa

Lagunen artean abestea gustuko duzu? Bada, orduan ezin duzu galdu hurrengo ekitaldia. Originala eta berria izango da, zinez: Piano bat bertsotan. Oraingoan zeu ere protagonista izango zara, zeuk aukeratuko dituzu abestiak eta. Zeintzuk kanta abestu nahi dituzun pentsatzen hasi, eta zatoz gurekin! Ostegunean, abenduak 3, arratsaldeko 8etan Kresala aretoan, Santurtziko Bai Esan euskara elkarteari eta Udal Kultura Sailari esker. Ez huts egin!


piano-bat-bertsotan-2

Bertsolaritzan bezala, musikarekin ere inprobisatu daiteke. Bertsolaritzan bezala, gai jartzailerik ere izango da, kasu honetan pubilkoa bera. Ikuskizuna ikustera doanak entzun nahi duen euskal kantaren izena jarriko du papertxoan.  Musikariek zozketa bidez ateratzen den papertxoan jartzen duen kanta jo beharko dute.  Horrela publikoak garbi ikusi ahal izango du musikariak (Ainhoa Ansa: ahotsa eta gitarra ,  Jagoba Astiazaran : pianoa) inprobisatzen ari  direla, eta beraiek erabakiko dute une oro zer entzun.

Aldi berean, ordenagailuan euskal kanten hitzak izango ditugu sartuak, irteten den kanta irteten dela, pantaila baten bidez, publikoak abestu dezan. Publikoak ikuskizunean aktiboki parte hartzea da helburuetako bat beraz, pasiboki ikustera joan beharrean. Publikoa ezinbestekoa da, bera baita ikuskizunaren programa erabakiko duena, eta era berean, abestuaz ikuskizuneko parte sentituko dena.

Hauez gainera, beste hainbat helburu ditu “Piano bat bertsotan” ikuskizunak. Batetik euskal kantagintza bultzatzea, eta historikoki Euskal Herriak kantatzeko izan duen zaletasuna berpiztea, egun pixkanaka galtzen ari baita. Era berean, memorian gordeta ditugun kanta zaharrak nahiz berriagoak azaleratzea eta berriz entzun ahal izatea. Zer esanik ez, kanten bidez, euskara eta bere kultura sustatzearena.

Beste behin ere barrez lehertzen…

Posted in Sailkatugabeak November 27, 2009 at 11:10 by baiesan

Atzokoa mundiala! Eskerrik asko atzo etorri zineten guztioi! Ondo baino hobeto pasatu genuen atzo Ander Lipusi eta zuei esker. A zer-nolako giroa! Jendea barrez lehertzen, txaloka, parte hartzen… Kresala “eltxo” zoragarriz bete zen!!!  Mundialak zarete, benetan, zuen moduko jendearentzat atsegin handiz antolatzen ditugu ekitaldiak. Hurrengoa datorren ostegunean, zuen zain egongo gara! ;-)

11.15.09

Hala mintzatu zen Zappatrusta! Ander Lipus & Karabana

Posted in Sailkatugabeak November 15, 2009 at 15:49 by baiesan

Azaroaren 26an, osteguna, arratsaldeko 8etan barrez lehertzeko aukera izango dugu beste behin ere, oraingoan Ander Lipusen eskutik.  Kresala aretoan Hala mintzatu zen Zappatrusta antzezlan barregarria ikusi ahalko dugu Bai Esan euskara elkarteari eta Kultura Sailari esker. Ez geratu etxean eta zatoz gurekin euskaraz gozatzera!

zappatrustaDanadanada! Heldu da herrira Mamu eta Komerianteroen karabanea, titiriteroen zirkoa, Zorabioaren Konboya. Tigreak eta lehoiak, bala-gizonak, fakirrak eta dragoiak; geugaz dagoz: Juan Junda potosikotikodepresiboa, Euxebio Egaña bandoleroa, Belfasteko xoumana, Kamaleon Hermeneutika katedraduna, Eskoziako munstroa, Antartidako foka bizardunak, Eskandinabiako druida izoztuak, Ekuadorreko marra, platanoak eta sagarrak… Manex “Dominitxine” iparraldeko kantautorea, Estepean Asekas Lekeitioko skratxerra, Ignatius poeta mozkorra… portuko lazun baldarrak, mamu emeak eta mamu arrak.

Karabanak mundua zeharkatu dau Euskal-Herrira heltzeko: eroan genduzan Indiara atabalak eta konkistau genduan Taj Mahala, Australiara joan ginan eta mundu guztia saltoka ipini genduan, heldu ginan Afrikara eta uholdea probokau genduan Saharan, gero Ekialdeko errege magoengana korrika, hareek bahitu eta gora errepublika!, Ipar-Amerikara hurreratu eta yankee zantarrak kikildu, zeharkatu dogu Europa eta jateko bakarrik berakatz zopea, eta azkenean heldu gara Euskal-Herrira, kalipota larruan, eta barriro sartu dogu bizi-poza barruan!
Dzanga Antzerkira herriko mamu eta damiselak. Xoua eta algara plazan! Zazpi teta pitxaurre zapla! Pazpireta ratsis panza! Pantxazpi saltxitxas zaplata!

10.19.09

Bertso Zakuto, afari desberdin bat!!

Posted in Sailkatugabeak October 19, 2009 at 19:49 by baiesan

bertso-zakutoa-afitxa-web1Santurtziko berbalagun eta euskaltzaleok behar bezalako agurra emango diogu urriari. Honetarako Bai Esan euskara elkarteak eta Kultura Sailak antolatu duten Bertso Zakutoa ekimena baliatuko dugu. Zertan datza hau? Bada, oso erraza da urriaren 30ean gaueko 10:00etan afaltzeko tenorea izango dugu Mamarigako Itsasoko Ama ikastetxean. Eta afalostean, euskaldunok ohi dugun bezala, kantatzeari ekingo diogu, baina ez edozein abesti:

Zakuto bete bertso, denok elkarrekin kantatzeko

Bertso ezagun eta ezezagunak abesteko aukera da hau. Zakutotik atera eta jendearen aho-belarrietan ipiniz, danak elkarrekin ondo pasatzea da helburu.

Letra eta irudiak nahastuz, ahotsa eta musika jendearengana iritsiz, inor ez da ixilik geratuko. Jendea prest egon behar du kantatzeko, eta ez da ondo kantatzea beharrezkoa! Belarri eta ahots txarra dutenak obesten dira!

Bertso zakutoan musikatutako bertsoak eta musikatu gabekoak biltzen dira, hau da, aspaldiko bertsolarien bertso musikatuak (Bilintx, Xenpelar, Txirrita, Pello Errota…) eta gaur egungo (Lizaso, Lujanbio, Egaña, Peñagarikano, …) bertsolarien zenbait bertso, bertsozaleen ahotan jartzeko.

Egileak ezagunak dira. Hala ere, batzuetan, egile horien biografia laburra lantzen da bertsoak kantatzen hasi aurretik. Bertso-doinua ere kantari hasi baino lehen entzun ahal izango da. Zenbaitetan, txalaparta doinuak adieraziko du kantatzen hasteko unea.

Bertsoak eta kantak elkarrekin abesteko aukera duzu honako hau. Jai giro alaian afaldu, euskal kantak lagunduta euskaraz ondo pasatu eta euskaltzale zein berbalagunekin gau polita igaro!!!

Menua honako hau izango da:
1. Arrain-zopa edo
Makarroiak Bologna eran
2. Oilaskoa txilindron eran edo
Legatza koskera eran
3. Postrea: Hostore-tarta, San Markos tarta edo Tarta florentziarra
Edariak, ogia eta kafea barne.

Hori guztia 18 euroren truke.

Txartelak leku hauetan dituzue salgai: AEKn, Kalea tabernan eta udal euskaltegian.

Anima zaitezte eta goza dezagun elkarrekin euskaltzale guztiok!!

Aurrerapen txiki bat hemen: embed>

06.22.09

Ondo bai ondo! Itzel!!!

Posted in Sailkatugabeak June 22, 2009 at 17:43 by baiesan

baiesan-clip_image002.gif Hiru urte, hiru bete ditu gure elkarteak. Abestiak dioen bezala: “Hiru, hiru, hiru… kolkoa bete diru, kolkoa bete diru!” Bai, nahi bai, baina… Halan da guztiz ere, guk ondo baino hobeto pasatu genuen gure 3. urteurrena ospatzen, eta ez guk bakarrik, bertan bildu ziren guztiek ere bai. Gora gu ta gutarrak!

Giroa ezin hobea izan zen hasieratik amaierara arte! Arratsaldeko 8etatik 10ak arte bertso-triki-poteoan, 100 bat santurtziar ibili ginen euskara ahoan kalez kale trikitixek, panderoek eta bertso onek alaituta. Afaltzeko ordua heldu zenean, poz-pozik jatetxera joan ginen, eta bertan egon ginen 84 lagunok bapo afaldu ostean, kantuan aritu ginen, oraingoan ere Lander pandero-jotzaileak eta Ane eta Unai trikitilariek girotuta (mila esker, neska-mutilak!). Eguerdi aldera gure bertsolarien txanda heldu zen ostera ere, Andonik eta Unaik euren maila ezin hobea erakutsi ziguten, hasieran librean, guztion barre-algarak eraginez, eta gero gure gaiei erantzunda, aipagarriena sardina-saltzailearen (Egaña) eta 3. pisuko auzokoaren (Iturriaga) artekoa, Santurtzitik Bilboraino doinuan gainera, gora zuek!

Eskerrik asko, Andoni eta Unai, bihotz-bihotzez Bai Esanekoon partetik! Eta bidelagun zaituztegun guztioi: UDA ON!!!

bertsolariak-eta-baiesan-ebakita.jpg

Dauden guztiak badira, baina ez daude diren guztiak.

baiesan-3-2006-11-21-ebakita.jpg

Hemen hiru urte gazteago, aurkezpen egunean, 2006ko urriaren 21ean. Benetan aurkezpen bustia eduki genuen, aurten ez bezala, eguraldia ez genuen izan lagun, kriston zaparrada bota zuen egun hartan eta.

Larunbateko argazkiak ikusi nahi badituzu, klikatu hemen eta hemen.

Eta amaitzeko bertso batzuk, ea asmatzen duzuen nork jarri dituen!

Ekainaren hogeian,

larunbat gauean,

egon gara Don Jaime

paregabean.

Zizka-mizkak, okela,

arrainak labean

eta postre gozoa

afari legean.

Amaiera aldean

bertsoak airean,

eta ez CDan,

ederrak moldean.

Kamera zen lekuko

hor tripodean.

II

Ilegorri gizena

badoa ostera

grabazio trasteak

begiratzera.

Aurrealdean dabil,

ez daki non gera.

Ebazpena hartuta

nahiko artega

joan da lurrera,

aulkiaz batera,

ipurdiz behera.

Denak alegera.

Bertsoak kantatzeko

kriston aukera.

III

Bertsolari bi-biek

parada emana

aprobetxatu dute,

normala dena.

Santurtziko CSI-n

bi artistek lana

antzeztu egin dute,

ondo eramana.

Komedia? Drama?

Bada… erdi bana.

Zelako programa!

Zer txalo andana!

Bertsoon aita dugu

Cameraman-a.

!nanauJ apuA

06.07.09

Gure 3. urteurrena ospatzeko bertso-afari mundiala!!!

Posted in Sailkatugabeak June 7, 2009 at 19:35 by baiesan

andoni-egana-2.jpgbaiesan-1-2006-11-21-iturriaga-3.jpg

Aurten Bai Esan euskara elkarteak 3 urte bete ditu!!! Hiru urtez herrian euskara bultzatzen; besteak beste, hilero-hilero ekitaldi bat gutxienez euskara hutsean ematea lortu dugu, eta hasieratik gure egitasmo nagusia, BERBALAGUNA ere aurten gauzatu ahal izan dugu. Hori ez da, ez, lan makala!

Eta ospatzeko ekainaren 20an, larunbata, bertso-afari mundiala egingo dugu: Andoni Egaña eta Unai Iturriaga bertsolariekin; orain dela hiru urte aurkezpena egin genuenean, guk garai hartan ordaintzeko dirurik ez, eta musu-truk lagun izan genituen bertsolariekin, hain zuzen ere. Baina hori ez da guztia, oraingoan ere afaldu aurretik berbalagunekin poteoa egiteko asmoa geneukala esan, eta gurekin etortzera animatu dira. Hauek bai mundialak!

Arratsaldeko 8etan, giroa berotzeko, Txitxarratik, Tipi-tapa tabernatik hasita, bertso-triki-poteoa egingo dugu eta gaueko 10etan Don Jaime jatetxera, bapo afaldu ostean, egun Euskal Herriko txapeldunaren eta txapeldunordearen bertsoak entzutera. Gogoratu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurten izango dela, eta biek finalerako txartela ziurtatuta daukatela!

Afarian 80 lagunentzat baino ez dago lekua; beraz, arin ibili eta eros ezazu txartela lehenbailehen herriko euskaltegietan, bazkideek lehentasuna izango dute, jakina!

Menua? Berezia. 1. platera: zizka-mizkak, urdaiazpikoa, kabratxo pudinga, zainzuriak bi saltsatan eta entsalada epela; 2. platera: lupia saltsan, legatza kokotxekin, entrekota edo cordon blue. Postrea, ogia, ardoa, ura eta kafea barne.

Prezioa? 20 € baino ez. Berez, garestiagoa da, baina Kultura Sailak elkarteari ematea espero dugun diru-laguntzarekin merkeago jarri ahal izan dugu.

Eta ez dugu amaitu nahi honako hau esan barik: eskerrik asko hiru urte hauetako bide gorabeheratsuan lagun izan zaituztegun guztioi! Lehenengo eta behin gure bazkideei, batez ere hor buru-belarri ibili eta zabiltzatenoi; bestalde, Mamarigako Kultur Etxeari eta batez ere AEK-ri, azken honek gure bilerak egiteko lekua uzteaz gain, bertso-afaria antolatzen ere lagundu digute eta, urtero garai honetan antolatzen duten bertso-bazkaria bertan behera utzi dute, gurea ez oztopatzeko; baita Kultura Sailari ere.

A! Eta ez ahaztu gure leloa, Egañak utzitakoa:

Ia euskaraz pentsatu eta euskaraz luzatu hitza! Ez al da hori euskaldun baten lehendabiziko baldintza?

Eta hara zer-nolako bertso politak egin dituzten Itsasoko Ama ikastetxeko bertsolaritza taldekoek guretzat! Eskerrik asko, neska-mutilak!

Janari gozoa bai
bertso afaria eta
BAI ESANek prestatu
bota begirada
bi bertsolari etorri
festa honetara
Don Jaime jatetxera
gu joango gara.

Euskara gure hizkuntza
maite behar dugu
kontuan hartu eta
bai guztiok zaindu
Bai esan euskarari
lagundu behar diogu
bestela euskara galdu
hori inork ez nahi du.

Bai Esan elkarteak
festa asko ospatu
Santurtziko parkean
gu denok elkartu
ta euskaraz hitz egin
bai ondo pasatu
bertso hauekin goaz
ta jaia bukatu.
Doinua: Markosek egin eban

05.22.09

Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak

Posted in Sailkatugabeak May 22, 2009 at 14:49 by baiesan

Hil honetan bidaia bat egingo dugu itsasoaz bestealdera, bazatoz gurekin? Amets Arzallus bertsolariaren eta kazetariaren eta Txomin Txueka argazkilariaren eskutik Boliviaraino joango gara, maiatzaren 28an, osteguna, arratsaldeko 8etan Kresala aretoan, Bai Esan elkarteari eta Kultura Sailari esker.

aarzallus-ttxueka-illimani-2.jpg   Twantinsuyu-Qollasuyu esaten diote indigenek, Bolivia esaten diogu guk. Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak hogei egun pasa zituzten han, gure Bolivian. Bertan gertatzen ari diren aldaketa politiko eta sozial sakonak beren begiz ikusi eta beren belarriz entzutera joan ziren, gero Euskal Herrian zabaltzeko asmoarekin. Zorteko izan ziren; besteak beste Felipe Quispe gerrilla burua ezagutzeko aukera izan zuten, La Pazeko kartzelarik handienaren barruan pasa zuten goiz bat, Sanchez de Lozada diktadoreak piztutako gasaren gerrako biktimekin ere egon ziren, eta Evo Moralesek atea zabaldu zien. ARGIA aldizkarian erreportaia sorta bat argitaratu zuten, eta liburua atera ere bai gero Durangoko azokan, “Illimani: Boliviako izpiak eta hizkiak”. Orain, hitzaldi audiobisual bat muntatu dute, erakusketatxo batekin janzten dena. Ordu eta erdian, hitza, argazkiak, bideoak, bertsoak…denetik, Bolivia gertuago ikus, senti, eta uler dezagun. Eta indigenak askeago izan daitezen, bide batez.

lapaz_vistapanoramica-illimani.jpg

Illimani, urrezko arranoa aimaraz, Boliviako bigarren tontorrik altuena, La Paz hiriburutik ikusita.

04.24.09

Irakurri, gozatu eta oparitu!

Posted in Sailkatugabeak April 24, 2009 at 19:06 by baiesan

Aurten ere, aurreko urteetan legez, BAI ESAN euskara elkarteak TOPAGUNEAK antolatutako Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina abian jarriko du, apirilaren 23tik uztailaren 24ra.

Koloreak eta zaporeak

«Penak elefanteak dira, eta bizkarrera igotzen zaizkizu. Pozak zaldiak dira, eta zure oinei eragiten diete. Amodioa inurriak dira, eta gorputz osora zabaltzen zaizkizu». Ez dakit horren hitz gutxirekin gehiago esaterik ote dagoen. Hitzak Juan Kruz Igerabideren poema batenak dira, eta gutxi-asko bizitza bere osotasunean jasotzen dute.

Baina Igerabideren hitzak bezain egokiak dira Johnson doktorearenak: «Zer egiten du liburu on batek? Ba, oinazea arindu oinazean bizi denari, eta poza areagotu pozik bizi denari». Beraz, irakurri, gozatu eta oparitu!  Patxi Zubizarreta

Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoak irakurtzeko gogoa kutsatu nahi du, eta poza, eta ahal dela penak arindu eta inurriak zabaldu. Hainbat irakurtzaleren artean ehun liburuko zerrenda lagungarria osatu dugu, baina apirilaren 23tik uztailaren 24a bitartean, liburutegi osoa izango duzu eskura: zuk euskarazko liburu bat hautatu, irakurri, fitxa batean sentitu dituzun elefante, zaldi eta inurrien berri laburra eman, eta euskarazko beste edozein liburu %25 merkeago erosi ahal izango duzu zure herriko liburu dendan, Pagazaurtundua kaleko Temas-en,  zuretzat edo beste norbaiti opari egiteko. Baina adi! BAI ESAN euskara elkarteko bazkide izanez gero,  beste %25eko deskontua izango duzu liburua eskuratzeko, % 50 guztira, prezio erdian, alegia.

Gure bazkidea izan nahi duzu? Bada, jarri gurekin harremanetan honako helbidean: baiesan@kaixo.com; edo bestela, Kultura Sailean, AEKn, Udal Euskaltegian, Mamarigako Kultur Etxean edo liburutegian bertan, bazkide-orria eskatu eta bete, eurek helaraziko digute eta. Ongi etorria izango zara eta bestelako abantailak ere izango dituzu TOPAKIDE txartelari esker.

« Previous entries

Edukien lizentzia: Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5
hosting y dominios