2009/11/30

Berbalagunok Durangoko Azkora goaz!!

Datorren ostiralean Durangoko Azokak ateak irekiko dizkigu euskaltzale guztioi. Ohi bezala, hara bertaratu ahal izango gara azken liburu zein disken artean arakatzeko asmoz. Buelta pare bat eman, gogoko zerbait erosi eta giro euskaltzalean murgiltzeko parada helduko da!! Honetaz jakitun, larunbat goizeko berbalagunek Azokara joatea pentsatu dute txango bat antolatuz. Ideia bikaina zalantzarik gabe, eurek ekimena hartu eta irteera bikaina egitea proposatu dute.
  • Abenduak 5 (larunbata) goizeko 09:00etan Parkeko arkupeetan (Abra bideoklubaren aurrean) lotu dira txangoari hasiera emateko.

Hara joateko asmorik baduzue, zuen kabuz egin dezakezue edota larunbateko berbalagunekin. Baina honetarako izena eman behar duzue zenbat auto beharko diren aldez aurretik jakiteko. Ikusten duzuenez, talde bakoitzak bere gauzak egiten ari da. Hori da bidea hain zuzen ere, berbatalde sortzaileak izanik askoz gauza gehiago egin daitezke euskaraz!!! Eta besteok zer, Durangora joateko prest??

2009/11/26

Piano bat bertsotan kontzertu desberdina!!

Abenduaren 3an, osteguna, kontzertu berezia eskaniko da Bai Esan euskara elkartea eta Udal Euskara Sailaren ekimenez 20:00etan Kresalan. Euskaltzale eta berbalagunek aukera paregabea izango dute honetan bertsoak eta pianoa nahasten dituen emanaldi baten eskutik: Piano bat bertsotan
Kresalako eszenatokira bi musikari aterako dira. Euren izenak Ainhoa Ansa eta Jagoba Astiazaran dira. Bertsolaritza bezalaxe, musika ere bat-batean asma daitekeela erakutsiko dute biek. Ikuskizuna ikustera doan edonork paper batean idatzi beharko ditu gustukoenak dituen euskal abestiak. Musikariek, zozketa bidez, unean bertan aterako dute interpretatu beharreko abestia. Era horretan, musikariak bat-bateko jardunean nola ari diren ikusiko dute ikusleek, beraiek izango baitira une bakoitzean erabakiko dutenak zer entzun nahi duten.
Itzelezko emanaldia izango da, orijinal eta bikaina. Ez duzue hau galduko ezta?? Informazio gehiago Bai Esan euskara elkartearen orrian.

Euskara eguna Itsasoko Ama eskolan

Abenduaren 3an (osteguna) ohikoa denez, Euskara Eguna ospatuko dute hainbat tokitan. Abestiak, musika, jolasak, pelikulak... egongo dira euskaltzaleon eskura. Haietako batzuk Itsasoko Ama eskolan izango ditugu:
  • 09:00etan Denok patioan Kiribil maskoataren mezua entzun eta Behin Betiko kanta abestuko dugu.
  • 09:30ean Geletan Bertso saioak izango dira
  • 15:30ean Jolasak eta euskal dantzak izango dira

Dena da gutxi euskara biziko bada, zoritxarrez gaur egun ere geure hizkuntzak egoera zaila du aurretik, eta eskuan ditugun datuak ez dira baikorrak izateko modukoak. Horregatik da hain inportantea herri honetan euskararen aldeko eragile guztiek egiten duten itzelezko lana. Horregatik da garrantzitsua Itsasoko Amak antolatu duen jaia. Izan ere, denon ekarpena ezinbestekoa da euskararen biziraupenerako. Eta jakina, euskararen aldeko lana egunero egiten dena da, hau ezin zaigu inola ere ahaztu.

Liburutegi magikoak ekimena


Santurtziko Udal Liburutegi Sareak ekimen berezi eta interesgarri bat abian jarri du herriko haurren gozamenerako: Liburutegi magikoak. Bertan denetarik aurki dezakezue: magia, fantasia, trebezia... Hamaika ekintza desberdin eta orijinalak denon irudimena hegan jar dadin. Zure auzotik mugitu gabe gainera. Hona hemen atondu duten egitaraua auzorik auzo:

Donibane auzoko liburutegian:
Abenduaren 1ean 17:30ean Balen magoa
Abenduaren 15ean 17:30ean Puxika tailerra

Kabiezesko liburutegian:
Abenduaren 3an 17:30ean Balen magoa
Abenduaren 17an 17:30ean Puxika tailerra

Animatu eta parte hartu dinamika dibertigarri hauetan. Oraindik ere garaiz zaude zure sormena lantzeko!!

Olentzerori gutun lehiaketa


Hamaika izan daitezke Olentzerori gutun bat idazteko arrazoiak. Lehenik lehen, honelako zeregin batean murgiltzen garenean, gehien gura duguna eskatzeko joera izaten dugu (jolasen bat, libururen bat, norbaiten gertutasuna...). Erabat zilegia jakina, baina egia esanik nahiko arrunta, arruntegia. Beraz, irudimenari helduz gero gauza gehiago eska dezakegu, eta urrutira joan barik edo amets ezinezkoetan sartu gabe, euskarak geure herrian merezi duen tokia eduki dezan eska dezakegu, eta noski, horixe bera euskaraz galdegin beharko dugu. Osterantzean, egiten dugun eskaera oro herren geldituko da!!

Ildo honetan, Olentzerori gutun lehiaketa martxan dago Udal Euskara Sailaren eskutik eta adin guztietako partaideak egon daitezke. Hemen klikatuta parte hartzeko oinarriak irakur ditzakezue. Kontuan hartu izkribua emateko azken eguna abenduaren 15a izango dela.

Bertsolari Txapelketa nagusia BECen!!


Hemen da Bertsolari Txapelketa Nagusia! Lau urtez izan gara bertsozaleok ekitaldi honen zain, eta, jada, hilabetea baino gutxiago falta dugu honen finala ikusi ahal izateko.Milaka lagun batzen dituen ekitaldi ikusgarri honek gero eta arrakasta handiagoa du euskaltzaleon artean. Goiz eta arratsaldez giro euskaldun aparta eta txapelketa bateko tentsioak nagusi, bertsolaritzaz gozatzeko aukera paregabea dugu hauxe.Animatuko zara jai honetan parte hartzen?

Sarrera (26€) erosteko informazio gehiago hemen.

2009/11/25

Abenduko agenda prest eta eskura!!

Ikusi zenbat gauza dugun egiteko. Agenda bi ataletan dago banatua Gabonetako Haur Parkearen barnean ekitaldi ugati baitago. Helduok ere badugu euskaraz murgiltzeko egokiera. Adi eta parte hartu!!