Historia

Bertsolari txapelketa nagusiak

Bertsogintzak badu berez jokotik jolasetik adina, eta badira, horregatik, aspaldiko bertso-joko sonatuak. Hala ere, 1935. urteko Bertsolari Eguna deituriko lehiaketa hura juzgatu izan da txapelketa ofizialen lehen kate-maila. Euskaltzaleak eta Eusko Gaztediak elkarteak izan ziren antolatzaileak eta, hainbestean, Bertsolari Txapelketa Nagusien aitzindariak. Gerra aurreko garaiak ziren; Euskaltzaindiak hartu zuen lekukoa gero, gerra ostean, 1960an, eta berak antolatu zituen 1982ra bitarteko sei txapelketak, Bertsozale Elkarteak txanda hartu zion arte. Basarrik irabazi zuen lehen hartatik abiatuta, hamalau izan dira jokatu direnak:

  • 2006_basarri 1935 – Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi Elkarteak antolaturik, Donostiako Poxpolin antzokian jokatu zen (1935-01-20). Antolatzaileek izendatutako mugaz bi aldeetako 20 bertsolari lehiatu ziren egun bakar batean. Basarrik jantzi zuen txapela.
  • 2007_txirrita 1936 - Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi Elkarteak antolatu zuten, baina lehenengoan ez bezala hiru sailkapen saio antolatu ziren herrialdeetan. 30 bertsolarik hartu zuten parte eta 10ek jokatu zuten finala Donostiako Victoria Eugenia antzokian (1936-01-19). Txirritak eraman zuen txapela
  • 1960 - Gerrak eta frankismoak eraginiko etenaldi luzearen ondoren Euskaltzaindiak hartu zien txanda aurreko antolatzaileei. Herrialdeetako txapelketak jokatu ziren lehenik; 56 bertsolarik hartu zuten parte. Txapelketa Nagusia Donostiako Victoria Eugenia antzokian jokatu zen (1960-12-18) hamar bertsolariren artean.  Basarrik bere bigarren txapela janztea lortu zuen ia 26 urte beranduago.
  • 2008_uztapide 1962 - Euskaltzaindiak antolatu zuen. Aurrekoan bezala, herrialdeetako txapelketak jokatu ziren aurrez. 84 bertsolari aritu ziren horietan.  Egun bateko ekitaldian jokatu zen Txapelketa Nagusia Donostiako Astoria antzokian (1962-12-30); hamar bertsolarik jardun zuten eta Uztapidek etxeratu zuen txapela.
  • 1965 - Euskaltzaindiak antolatu zuen. 113 bertsolari aritu ziren aurrez antolatutako herrialdeetako txapelketetan. Donostiako Anoeta pilotalekuan jokatu zen Txapelketa Nagusia (1965-01-01), eta aurrekoetan bezala 10 bertsolarik jokatu zuten txapela. Irabazlea, bigarrenez,  Uztapide izan zen.
  • 1967 -Euskaltzaindiak antolaturiko laugarrena. 83 bertsolarik parte hartu zuten herrialdeetako txapelketetan. Hauetan hautatutako zortziak eta, aldi honetako besteetan bezala, aurreko txapeldunak eta txapeldun-ordeak jokatu zuten Txapelketa Nagusia Donostiako Anoeta pilotalekuan (1967-06-11). Uztapidek jantzi zuen txapela hirugarren aldiz.
  • 2009_amuriza 1980 - Ia hamahiru urteren buruan, bere aroko bosgarrenaren antolaketari ekin zion  Euskaltzaindiak. Antolakuntza molde berriaz, antolatzaileek hautatutako 16 bertsolariren artean jokatu zen. Bi kanporaketa jokatu ondoren, Donostiako Balda pilotalekuan burutu zen finala (1980-01-06), eta Xabier Amurizak bere lehen txapela jantzi zuen.
  • 1982 – Euskaltzaindiak antolaturiko seigarrena eta azkena izan zen hau. Parte-hartze zabala izan zuen, 67 bertsolari,  eta sailkapen saio ugari jokatu ondoren Donostiako Balda pilotalekuan jokatu zen finala (1982-12-20). Bigarren aldiz Xabier Amurizak jantzi zuen txapela.
  • 2011_lizaso 1986 - Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak (EHBE) antolatutako lehena. Txapelketaren eraketari buruzko desadostasun batzuk tarteko, bertsolariek bertsozale hainbaten laguntzaz bere gain hartu zuten Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura. Herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan 91 bertsolari aritu ziren. Txapelketa Nagusian 40 lehiatu ziren eta  Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala (1986-03-23). Sebastian Lizasok jantzi zuen txapela.
  • 2010_lopategi 1989 – EHBEren aroko bigarrena. Aurreko urteko eraketa berarekin burutu zen txapelketa hau ere. 109 partaide izan zituen edizio honek eta hauetako 40k jokatu zuten Txapelketa Nagusia. Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala, beti bezala,  goiz eta arratsaldeko saioan (1989-12-17). Jon Lopategik jantzi zuen txapela.
  • 17_egana 1993 – EHBEk antolatutako hirugarrena. 101 bertsolari lehiatu ziren herrialdeetan. Hauetako 40rekin jokatu zen Txapelketa Nagusia. Bertsolari hautatu guztiak maila beretik hasi ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan eman zioten txapelketari amaiera (1993-12-19). Belodromoa mukuru, Andoni Egañak bere lehen txapela janztea lortu zuen.
  • 1997 – EHBEk (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea ordurako) antolatu zuen. Bertsolaritzaren “boom”a apur bat apaltzen hasia zen ordurako, eta bertsozaleen neurriko txapelketa eratzeko ahalegina egin zen. Aurretiaz jokatutako herrialdeetako txapelketak kontuan harturik 114 izan ziren lehiatutako bertsolariak, eta hauetako 42k jokatu zuten Txapelketa Nagusia; saio bakarrera egin ziren sailkapenak. Donostiako Belodromoan burutu zen finala goiz-arratsaldeko saioan (1997-12-14) eta Andoni Egañak bere bigarren txapela jantzi zuen.
  • 2001 – EHBEk antolatu zuen bosgarrena. 173 bertsolarik hartu zuten parte herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan. Horietatik, 37 bertsolari lehiatu ziren, denera, Txapelketa Nagusian. Finalaurrekoak bi saioetara jokatu ziren. Donostiako Belodromoan, buruz buruko saio gogoangarri baten ostean, berriz ere, Andoni Egaña geratu zen, oraingoan, Maialen Lujanbioren aurretik.
  • 2005 – EHBEk antolatu zuen seigarrena. Lehenengoz Bilbon izan zuen amaiera, ordura arteko edizio guztietako finaleko ekitaldia Donostiak hartu izan bazuen ere. Erdal guneko Euskal hiztunak erakartzeko eta Erdal komunitateari Bertsolaritzaren existentzia irudikatzeko ahalegin berezia egin zen. 13000 lagunek jarraitu zuten zuzenean BEC-en finala eta Andoni Egañak laugarren txapela jantzi zuen.
1935 Donostian Iñaki Eizmendi “Basarri”
1936 Donostian Manuel Lujanbio “Txirrita”
1960 Donostian Iñaki Eizmendi “Basarri”
1962 Donostian Manuel Olaizola “Uztapide”
1965 Donostian Manuel Olaizola “Uztapide”
1967 Donostian Manuel Olaizola “Uztapide”
1980 Donostian Xabier Amuriza
1982 Donostian Xabier Amuriza
1986 Donostian Sebastian Lizaso
1989 Donostian Jon Lopategi
1993 Donostian Andoni Egaña
1997 Donostian Andoni Egaña
2001 Donostian Andoni Egaña
2005 Barakaldon Andoni Egaña
2009 Barakaldon
  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • Barakaldo


    Abenduak 13, igandea, BEC, 11:00

  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa