Hemen zaude: Hasiera Albisteak Argentinako euskal etxeetan ere euskal hizkuntzaren doinua ozen entzun ahal izan zen Euskararen Egunean (I)

Argentinako euskal etxeetan ere euskal hizkuntzaren doinua ozen entzun ahal izan zen Euskararen Egunean (I)

Euskal herritar guztiena eta modu berezian euskaraz mintzatzen direnen eguna da Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE). Argentinako Diasporan, euskara ikasleak dira jai honen protagonista berezi, beraiek bermatzen baitute Euskal Herritik hamabi mila kilometrora euskararen geroa. Euskal Etxe batzuetan abenduaren 3an bertan ospatu zen ENE. Beste batzuetan ondoko asteburu edo astean. Edonola ere, jolasak, ekitaldi kulturalak eta topaketak Argentinako hainbat euskal etxetan egin ziren, Saltatik Patagoniara eta Mendozatik Buenos Aires probintziara. Hona hemen hurrerapen bat (I).

Río Colorado, Argentina. 'Patagonian ere bai' da Rio Colorado hirian euskararen alde egiten den jaia. Aurtengo edizioa abenduaren 13an egin zen eta aurreko bietan bezala, Bahia Blanca, Viedma eta Rio Colorado bertako ikasleek hartu zuten parte. Egun osoko jai honetan, partehartzaileek taldeak osatu zituzten eta taldeka Euskal Herriko kulturari buruzko gai bat garatu zuten. Ondoren, Bahia Blancako euskal etxeko antzerki tailerrak antzezlana aurkeztu zuen eta eguerdi aldera lagun guztiek asado bat partekatu zuten. 'Ekitaldi honekin, Patagoniako ikasleek elkar ezagut dezaten nahi dugu eta ikasten ari diren hizkuntza euren artean erabiltzea', aitortzen dio Rocio Basterra irakasleak EuskalKultura.com-i. 'Urrun gaude beste euskal etxeetatik, eta batzuetan zaila egiten zaigu gainerako festetan parte hartzea. Horregatik “Patagonian ere bai” jaian, 'hurbil' gaudenok elkartzen gara, integratzeko asmoarekin'. Jaiaren baitan, ikasleek diplomak eta ziurtagiriak jaso zituzten.

Patagonian ere bai 2009

["Patagonian ere bai" jaian parte hartu zuen ikasle talde bat]

Argentina erdi-erditik, Cordobatik hain zuzen, bertako hiriburuko Gure Txokoa Euskal Etxeko kideek ere beren berri helarazi digute. Hasteko, ENE egunean bertan, Radio Nacional-eko Jorge Lewitt kazetariak Elba Mocoroa euskal etxeko euskara irakaslea elkarrizketatu zuen. Solasaldian Mocoroak hizkuntzari buruz eta hizkuntzaren egoeraz hitz egin zuen. Ondoren, abenduaren 4an, 'euskal kalejira' moduko bat antolatu zen, erakundeko kide eta lagunek osatua, Colon Plazatik Euskal Etxeraino. Hor, Gure Txokoa-ko Baietz taldeak eta Txotx! dantza taldeak euren ikuskizunak aurkeztu zituzten. Euskarazko olerkiek ere euren lekua izan zuten. Pate Palerok, kazetaria bera eta aldi berean euskara ikaslea, Kirmen Uriberen 'Ezin esan' poesia irakurri zuen. Beste ikasle batek, Lucas Julian-ek, zeremonia osoa euskaraz zein gaztelaniaz eraman zuen.

Cordobako Gure Txokoa

[Pate Palero euskara ikaslea Kirmen Uriberen "Ezin esan" olerkia irakurtzen]

San Nicolasen eta Saltan ere bai

San Nicolaseko euskal etxearen kasuan, abenduaren 12an egin zen jaia. Damián Cebey-k gidatzen duen zentroak kaleetara atera zuen euskara eta musika. Euskal etxearen aurrean, euskara ikasleek lan bat antzeztu zuten eta Laurak Bat-eko Acción Vasca eta EAB taldeko kideek Aurresku, Ezpata dantza, Makil dantza, Zinta dantza, Arku mistoak, Arin-arin, Txakolin eta Maskarada Zuberotarra dantzatu zituzten.

Ondoren, gauari musika jartzen jarraitu zioten San Nicolaseko euskaldunek: 'As de guia' eta Escuela de la Paz-eko Gurasoen Abesbatzak medio. Euskal Etxeko 'Erreketarrak' Abesbatzak ere kanta batzuk oparitu zizkion bildutako jendeari, tartean, Agur Jaunak eta Himno a la alegria. Horren ondoren, abesbatzaren zuzendaria den Andrea Wagner-ek Haurtxoa Seaskan abestu zuen. Ekitaldia bukatzeko, Cebey-k hitz batzuk zuzendu zizkion komunitateari eta dohaintza egin zion Euskal Etxearen izenean Lihue Quimlu Elkarteari.

San Nicolaseko Euskal Etxea

[San Nicolaseko jaian, Laurak Bat-eko dantzariek aurreskua dantzatu zuten Damian Cebey bertako lehendakariaren aurrean]

Saltako 'Gure Etxea' euskal etxeari dagokionez, euskal etxe gazte honek bere lehenengo urteurrena bizi izan zuen Euskararen Egunarekin batera. Argentinako iparraldeko euskaldunek bi data berezi hauek batu zituzten abenduaren 3an eta afari batekin ospatu zuten, euskara eta euren nafartasuna aldarrikatuz.

Saltako Gure Etxea

[Saltako Gure Etxeak Euskararen Eguna eta bere lehenengo urtebetetzea ospatu zuen]

Lotura interesgarriak

Saltako Gure Etxea Euskal Etxea
http://gureetxeasalta.blogspot.com

Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxea
www.centrovascocordoba.com.ar

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.