Hemen zaude: Hasiera Albisteak Buenos Aires probintziako Mar Chiquitako euskaldunak bertako euskal etxearen oinarriak ezartzen ari

Buenos Aires probintziako Mar Chiquitako euskaldunak bertako euskal etxearen oinarriak ezartzen ari

Fernando Raul Mandagaranek luzatutako deiari erantzunez, Mar Chiquita partiduko hamabost bat euskaldun bildu ziren pasa den azaroaren 10ean euskal etxe berri bat sortzeko aukerak aztertzeko. Proiektua bideragarria dela erabaki, eta berriro elkartzea adostu zuten, behin-behineko batzordea osatzea deliberatuz. Fernando Mandagaran bera da batzorde berriko lehendakari hautetsia. Bera buru duen taldearen lehenengo zeregina, antolatzea eta euren berri hedatzea. Euren lehenengo jendaurreko ekitaldia, 'Fiesta Nacional del Potrillo' delako jaian izango da, 2010 urte hasieran, stand-a bat ipiniz eta aurreneko ekimen batzuk aurkeztuz.

Coronel Vidal, Argentina. Buenos Aires hiriburutik 330 kilometrora, Coronel Vidal Mar Chiquita partiduaren herri nagusia da. Partidu osoak hogei bat mila biztanle ditu eta Argentinan usu zehar gertatzen den bezala altua du oso euskal populazioa: zazpi mila bat lagunek dute euskal jatorria, bertako iturrien esanetan. Hori dela eta, eskualdeko euskaldunentzat garrantziko kontua izan da bertan euskal etxe bat izatea. Horretan abiatuta, Mar Chiquita partiduko euskal etxeak Coronel Vidalen izango du behin-behineko egoitza.

'Urte asko pasatu behar izan dira hemengo euskaldunok elkartzeko. Duela bi urte eskas, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxearekin jarri ginen kontaktuan eta haiek FEVAri buruzko informazioa eman ziguten', azaltzen dio Fernando Mandagaranek EuskalKultura.com-i. 'Geroztik Ayacuchoko Euskal Odola-ko kideek ere laguntza handia eskaini digute. Euren esperientzia kontatu digute eta euren eredua segitzen ari gara nolabait. Oso eskertatu gaude bi euskal etxeokin'.

Lehenengo bilera eta urratsak

Gauzak, dena den, erreposki joan dira eta euskal etxea sortzeko ideia aurrera eramatea posible zen ala ez aztertzeko bilerak ez dira duela oso gutxi arte hasi. Azaroaren 10ean izan zen lehenengoa eta asmoarekin aurrera egitea deliberatuta, buru belarri ekin zion talde sustatzaileak lanari. Proiektua bideratzeko bigarren bilkura bat antolatu zen, jende gehiago biltzeko asmoarekin. Azaroaren 20an egindako bigarren bilera honetan, euskal etxe bat edukitzearen esanahia eta muina azaldu zitzaion bildutako jende berriari. Euskal etxearen izena ere aukeratu zen. Mandagaranek proposatutako 'Izatez Harro' aho batez onartu zen.

Mar Chiquitako Fernando Raul Mandagaran

[Fernando Raul Mandagaran 'Izatez Harro' Euskal Etxearen behin-behineko lehendakaria]

Gogo biziz jarraitu du taldeak lanean eta abenduaren batean, Sociedad Rural elkartean, beste urrats bat eman du: behin-behineko batzordea hautatzea, Fernando Mandagaran bera lehendakari izendatuz. 'Batzorde honen eginbeharra funtsezkoa da', diote Mar Chiquitako euskaldunek. 'Hasieran sustapen lan handia egin behar da, ahalik eta lagun gehien biltzeko. Ondoren, otsailaren amaieran egiten den Fiesta Nacional del Potrillo jaian stand bat muntatuko dugu, bisitariek Euskal Herriari buruzko informazioa eskura dezaten. Abizenei buruzko kontsultak erantzuteko Mendizabalen liburua eramango dugu eta oroigarri batzuk salduko ditugu. Jendea euskal etxera hurbiltzen hastea da gure asmoa. Gauchoen desfilean ere saiatuko gara parte hartzen, Argentinako bandera eta ikurrinarekin'.

Ez da lan makala euskal etxe berri bat sortzea. Ahaleginak makina bat izerdi eta buruhauste ekar baditzake ere, zalantzarik ez da gauzak emeki baina aurrera doazela ikusteak lagundu egiten duela eta animatu egiten duela jendea bere engaiamenduan. Bide horretatik, eta urrats berriak emanez, martxoari begira beste proposamen bat ari da lantzen 'Izatez Harro' Mar Chiquitako Euskal Etxea: Altxorraren bila jolasa egingo dute eta ekintza honetan parte hartzeko gonbitea komunitate osoari luzatzen diote. 'Familiak, eskolak, klubak, dendak… herri osoaren presentzia nahi dugu.  Hazteko, jendearen laguntza behar dugu eta hori lortzeko ezagutu egin behar gaituzte, eta zer hoberik elkar ezagutzeko elkarrekin jolasean une goxoak pasatzea baizik?'.

-Webgunea ere badu 'Izatez Harro'k: www.centrovascomch.webcindario.com/noticias.htm

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Buenos Aires probintziako Mar Chiquitako euskaldunak bertako euskal etxearen oinarriak ezartzen ari

Mar Chiquita Partiduko 'Izatez Harro' Euskal Etxe berriaren logoa