Hemen zaude: Hasiera Albisteak FEVAren Gastronomia Proiektuak Borja Blazquez sukaldari donostiarrak emango duen klasean parte hartzeko gonbitea egiten du

FEVAren Gastronomia Proiektuak Borja Blazquez sukaldari donostiarrak emango duen klasean parte hartzeko gonbitea egiten du

Argentinako FEVA euskal etxeen elkarteak Gastronomia Proiektua sustatzen du eta horren barruan Borja Blazquezek sukaldari donostiarrak Buenos Aireseko Laurak Baten ikastaroa emango du datorren ostegunean. Ikastaroa dohainik izango da baina Blazquezek proposatuta partehartzaileek jaki ez galkorrak eraman beharko dituzte. Biltzen den janaria Jose C. Pazeko itsuentzako eta elbarrientzako 503. eskolarentzat izango da.

Buenos Aires, Argentina. FEVAk sustatzen dituen ekimen desberdinen artean, gastronomia ikastaroek hasiera-hasieratik harrera oso ona izan dute. Iaz Itziar Aguirre Soraluce chef euskal-rosariotarrak Bragadon, Arrecifesen eta Lapridan emandako ikastaroak horren adibide izan ziren. Aurten Borja Blazquez sukaldari donostiarraren esku izango da lehenengo ekintza, eta azpimarratzekoa da sukaldaritzak eta elkartasunak bat egingo dutela bertan.

“Normalean ekitaldi hauek dohainik direla azaldu genionean Borjak bera ados zegoela esan zigun, baina proposamen bat egin zigun: ikastaroan parte hartzen dutenei jaki ez galkorrak ekartzeko eskatzea, janari horren beharra duen erakunde bati emateko”, azaldu duten proiektuaren arduradunek. Laguntzeko aukeratu duten erakundea Jose C. Pazeko Itsu eta Elbarrientzako 53. Eskola izan da, bertako Toki Eder Euskal Etxeak urteak daramatza-eta eurekin gizarte-lana egiten.

Argentinan bizi eta lan egiten duen donostiarra

Borja Blazquezek bere jaioterrian, Donostian, hasi zuen ibilbide profesionala hamazazpi urterekin. Sukaldari ospetsuekin aritu da lanean:  Juan Mari Arzak, Ferran Adria, Martin Berasategi eta Hilario Arbelaitz, besteak beste. 1997 urtetik aurrera irakasle aritu da Hego Ameriketako hainbat herrialdetan: Argentinan, Venezuelan, Kolonbian, Uruguain eta Perun batzuk aipatzearren.

Irakaskuntzaz gain, aholkulari/kontsultari lana ere egiten du. Telebistan, ikus-entzule asko dituzten saioetan parte hartu du eta Tapas izeneko liburua argitaratu du. Gaur egun, gastronomi enpresa bat zuzentzen du eta izen handiko konpainiekin egiten du lan. Ikastaroa ostegunean, arratsaldeko zazpietan izango da, Buenos Aireseko Laurak Baten (Belgrano Etorbideko 1144ko eraikinean).

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.