TXILEKO NUEVA BILBAO DE GARDOQUI Santiago Oñederra kapitainaren lanari esker 1794an sortu zen Txilen Nueva Bilbao de Gardoqui herria: bertako aurreneko bizilagunak bizkaitarrak izanik, Nueva Bilbao eman zitzaion izena, eta de Gardoqui erantsi Diego de Gardoqui Arriquibar-en ohorez, bilbotarra bera, eta Madrilgo gortean ministro zein AEBetan enbaxadore egin zuen lanagatik ezaguna. 1828an Txileko Konstituzioa onetsi zenean, Constitución hartu zuen izen berritzat Nueva Bilbaok. Bere sorreraren lekuko, Bilbo ahizpa zaharraren armarri bera gorde du herri txiletarrak.
BUFFALOKO EUSKALDUN KALEA Euskal Herritik kanpo euskal izenik daramaten kaleak badira munduko hainbat nazio, herri eta hirietan. Euskal izena ezezik izena euskaraz daramaten kaleak ez hainbeste. Horietarik bat 1997ko martxoaren 9an inauguratu zuten Estatu Batuetako Wyoming-eko Buffalo herrian, bertako alkateak, eskualde osoan aberatsa den euskal tradizioa ohoratu nahirik, Euskaldun Kalea (sic) izeneko karrika zabaldu baitzuen Euskal Herriko eta AEBetako zenbait herritar eta ordezkariren aurrean, horien artean Jean Haritschelhar euskaltzainburua.
KALIFORNIAKO EUSKAL GOBERNADOREAK Kaliforniak euskal jatorrizko zenbait gobernadore ezagutu izan ditu. 1849an mexikarren eskuetatik estatubatuarrenera pasatu aurretik, Kaliforniako gobernadore izan ziren Diego Borica Retegui gasteiztarra, Jose Joaquin Arrillaga aiatarra eta Pablo Vicente Sola arrasatearra; baita ere Ameriketan jaiotako Jose Maria Echandia eta Manuel Micheltorena. Azken urteotan, John Garamendi demokrata saiatu izan da Urrezko Estatua (Golden State) deitua denaren gobernadore aulkia eskuratzen. Garamendi, Kaliforniako Insurance Commissioner da egun, 2002ko hauteskundeetan hautetsia.
NABO 1973an sortu zen Nevadako Reno hirian NABO (North American Basque Organizations) edo AEBetako euskal elkarteak biltzen dituen erakundea. 2003an 30 urte betetzen ari den federazio honek lan itzela egin du AEBetako euskal jatorrizkoen artean sustraiak atxiki eta biziaraztearen alde. Duela 40 urtedanik San Franciscon bizi den Pierro Etcharren uhartiarra (Uharte Garaziko baxenabartarra) da NABOko egungo lehendakaria; lehendakariordeak, berriz, Nevadan eta Utah-ko Bob Echeverria eta Mary Gaztambide, bizkaitar jatorrizkoak biak.
MIGUEL LEONIS XIX mende hondarrean AEBetako Los Angeles eta Santa Barbara artean bizi izan zen Miguel Leonis lapurtarra mito eta legenda bilakatu da Kalifornia hegoaldeko partean. Buruzagi indio baten alabarekin ezkondua, Leonis kanboarra zaldi gaineko gizon-talde armatu bateko buru bilakatu eta bere legea ezarri zuen hainbat urtez Santa Barbara hegoaldeko arrantxu-eremuetan. Gaur egun Leonis izena daraman fundazioak haren arrantxu-etxea eraberritu eta museo gisa zabaldu du eskualdeko ondarean interesatutako bisitarientzat.