Lehenengo urteko-biltzarra egin du Kubako Athletic-en Peñak, emaitza eta aurreikuspen zinez baikorrez
Kubako Athletic-en Peña sortu zela zortzi hilabete pasatu diren honetan, elkartea sendotu eta indartu egin dela esan daiteke eta ibilera polita hartu duela, hilabetero bilduz, dagoeneko Klubaren aurrean ofizialdu dela eta Athletic-en Peñen Nazioarteko Elkartean sartu dela. Honelako konklusio eta emaitza baikorrak plazaratu ditu Peña kubatarrak joan den larunbatean, abenduaren 12an, bere lehenengo urteko biltzarra egin eta gero. Bilkuraren ondotik, bildutako 26 kideek bapo bazkaldu zuten, aukera baliatuz urte amaierako festa ere ospatzeko. Ez dago batere gaizki, Kubako gainerako elkarte euskaldunek mugimendu gutxi daukaten testuinguru orokorrean.
Realeko zaletu talde batek peña realzale berria abiatu du La Platan, 'Argentinako Realzaleak' izenpean
Argentinako euskal gizataldeko kide talde batek lehenengo urratsa eman du aste honetan La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuan, Donostiako Reala futbol taldearen lehenengo peña argentinarra osatzeko. Peña berria ekipoa bere mendeurrena ospatzen ari den urtearen baitan sortu da eta 'Argentinako Realzaleak' hartu du izentzat. Hasi berria izanik ere plazan da dagoeneko eta berezko lekua sortu du Facebook-en, dagoeneko ehun bat lagun bilduz. Ofizialtasuna eta lege nortasuna eman arteko lehenengo fasean Cesar Arrondo hautatu dute sortzaileek koordinatzaile.
Segitzen dute Rosarioko Nafarroako Etxean, Funeseko instalazioetan, nafar dantzarien kirol Olinpiadek
Segitzen dute Argentinan, Rosarioko Nafarroako Etxeak ondoko Funes herrian daukan 'Aupa Navarra' izeneko instalazioetan, Argentina eta Txileko Nafarroako Etxeetako Dantzarien Kirol Olinpiadek. Programa asteazkenean hasi zen eta datorren igandean, abenduaren 13an, bukatuko da, Alberto Catalan Nafar Gobernuko Hezkuntza eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria eta Gobernuaren eleduna bertan egonik egingo den bazkari eta sari-emate ekitaldiarekin.
Posadas-ko 'Euskal Jatorri' Euskal Etxeak, Misiones-en, haurrentzako futbol txapelketa antolatu du
Haurrentzako futbol txapelketa bat egin da joan den asteko asteazken eta ostegunean --azaroaren 25 eta 26an-- Misiones probintzia argentinarreko Posadas-en, mutilen artekoa, eta eskola horretako 783 eta 835 zenbakidun eskoletako ikasleen artean. Azterketak medio, 675 zenbakidun eskolakoek ez zuten parte hartu ahal izan. Norgehiagoka bertako Euskal Jatorri Euskal Etxeak-en babespean antolatu zen, euskal elkarte honen helburuen artean kirol mota guztiak sustatzea baitago, euskal etxekoek esanik. Pilotak eta garaikurrak Euskal Etxearen doaitza izan ziren.
Real Uniongo ordezkaritza batek Murtziako Euskal Etxea bisitatu du bertakoek gonbidatuta
Irungo Real Union futbol taldeko ordezkaritza batek, Ricardo Garcia presientea buru, Murtziako Euskal Etxea bisitatu du joan den asteburuan, talde irundarrak partida Murtzian jokatu behar zuela-eta Euskal Etxe murtziarrak eginiko gonbidapenari erantzunez. Azkenean Real Murcia ekipoaren kontra Nueva Condomina estadioan jokatutako partidaren emaitzei dagokienez ondorioak oso euskaldunen aldekoak izan ez baziren ere, aipatu bi elkarteak harreman polita hasi dute eta Unai Sanchez Euskal Etxeko lehendakariak, irundarra berau, harro erakuts dezake Euskal Etxeko paretean Real Uniongo jokalari guztien sinadura daraman elastiko dedikatua.
Sandra Fonseca diputatua, General Acha-ko 'Pelotari' kirol Eskola ekimeneko 'amabitxia' izendatu dute
Euskal pilota txapelketa jokatzen ari dira Quebec-eko Euskal Abentura Amerikarraren Parkean, T. Pistolen
Quebeceko Trois Pistoles herrian dagoen Le Parc de l'aventure basque en Amérique edo Euskal Abentura Amerikarraren Parkean, euskal pilota txapelketa jokatzen ari dira egunotan. Esaten dutenez, bertan dago Kanadako euskal frontoi tradizional bakarra. Partidak uztailaren 24ean hasi ziren eta datorren igandean, abuztuaaren 2an, bukatuko dira. Pilotaz gain, bestelako ekitaldi kulturalak ere badira, tartean euskal musika emanaldiak. Larunbaterako euskal afari handia antolatu dute eta igandean, berriz, maila guztietako pilota finalak bukatzean, kabalkada egingo da.
Euskal herri-kirol erakustaldiak eta joaldunen pasealdiak Eskoziako Highland-en egindako topaketetan
'Nazioen Mundua' euskal ekimenak berriz ere Eskoziara egin du bidaia bertako topaketa kulturaletan parte hartzeko. Euskal Herritik 65 lagun eraman ditu Highland-era, joaldunak, txalaparta, aizkolariak, dantzariak eta euskal musika erakutsiz eta biziaraziz kultura gaelikoaren jaialdian. Nazioen Munduaren helburua munduan euskal kultura ezagutzera ematea da eta kultura gaelikoarekin diren antzekotasunak direla eta ez da lehenengo aldia Eskozia bisitatzen dutela. Euskal Herriko Gazte Orkestra ere Eskozian izango da abuztuaren 4an Aberdeeneko Nazioarteko jaialdian, kasu horretan lehenengoz jotzen.
Patxi Usobiaga eta Irati Anda Txinara doaz, datorren astean jokatuko den Eskalada Munduko Txapelketara
Norgehiagoka Xining-en jokatuko da datorren ostegunean hasita, uztailak 2, eta finalak hilaren 4an (emakumezkoena) eta 5ean (gizonezkoena) izango dira. Seigarren mundu-txapelketa izango da Usobiagarentzat, azken hiru edizioetan zilarrezko domina lortu eta IFSCren ranking-ean laugarren postuan kokatu ondoren. Irati Andak bosgarren postua lortu zuen 2007an Avilesen, Mundu-Txapelketaren aurreko edizioan, eta hauxe izango da txapelketa honetako bere bigarren partehartzea.
Front-ball: Etxebarria hirugarren New Yorken, Waltary kubatarrak aise bereganatu duen txapelketan
Asteburuan New Yorken jokatu den front-ball pilota modalitate berriko txapelketari dagokionez, Iker Etxebarria euskaldunak hirugarren postua eskuratu du, Waltary kubatarrak aise irabazi duen txapelketan, Arteako bizkaitarra finalaurrean eta Juan Medina mexikarra finalean menderatuta. Larunbatean Central Parken jokatu zen lehiaketan honako herrialdeetako pilotariak aritu ziren: Estatu Batuak, Kuba, Costa Rica, Dominikar Errepublika, El Salvador, Frantzia eta Euskal Herrikoak.