Hemen zaude: Hasiera Albisteak General Rodriguezeko Eusko Aterpea EEko 'Hitz nagusiak' zikloak segitzen du auzokideei hitza ematen

General Rodriguezeko Eusko Aterpea EEko 'Hitz nagusiak' zikloak segitzen du auzokideei hitza ematen

Historiaren lekuko direnak, komunitatearen zerbitzuan dabiltzanak, herriari bere ekarpena egin diotenak… Hauek guztiek beren lekua dute Eusko Aterpeak antolatutako 'Hitz nagusiak' erreportaje zikloan. Euskal etxeko kideen eskutik laster lau urte beteko dituen ekimen honek hasierako arrakastarekin jarraitzen du auzokideei merezitako omenaldia egiten. Azkenekoan, Alfredo Juan Malatini eta Juana Rodriguezi. Biak interes handiko pasadizoak kontatzeko aukera izan zuten euskal etxeko egoitzan joan den urriaren 10ean, eta saio guztietan egiten den bezala, elkarrizketak grabatu eta digitalizatu zituzten guztion eskura jarri ahal izateko. Esan dezagun, bestetik, Eusko Aterpeak 10 ospatu dituela atzo.

Gral. Rodriguez, Argentina. Eguneroko istorio txikiak batzuetan historia handienak direla ulertzen dute Eusko Aterpea Euskal Etxekoek eta horregatik beharbada erabaki zuten horien protagonistak saritzea. Sariak balio materiala gainditzen du eta pertsona horiek euren biziak eta kontakizunak herrikideekin konpartitzean datza.

Urriaren 10rean, eta ziklo honen barruan Alfredo Juan Malatini eta Juana Rodriguez izan ziren protagonista. Malatinik Carlos Casares herrian bizi izandako haurtzaro eta nerabezaroari buruz hitz egin zuen hasieran; gero gazta-ekoizpenaren arloko hainbat pasadizorekin bereganatu zuen publikoaren arreta, aditua baita arlo horretan. Bere bizitza pertsonalari buruz ere zerbait kontatu zuen, eta bildutako jendearen txaloak jaso zituen bere emazte Titina nola ezagutu zuen gogoratu zuenean.

Gral Rodriguez Eusko Aterpea Euskal Etxeko Hitz Nagusiak zikloa

[Alfredo Juan Malatini Titina bere emaztearekin Eusko Aterpea Euskal Etxeak antolatzen duen Hitz Nagusiak zikloan]

Juana Rodriguez ere mintzatu zen bere haurtzaroari buruz, eta garai hartako jaialdiak, inauteriak, eta uztailaren 9a, Independentzia Argentinarraren egunaren ospakizunak ekarri zituen gogora. Bere kontakizunean, Gral Rodriguezera eta jai horietan parte hartzera biltzen ziren artista famatuak ere aipatu zituen, tartean, Darienzo, Varela -Varelita, eta Julio Sosa. Politika ez zen erreportajetik kanpo geratu. Juana Rodriguez alderdi peronistako kide izan zen eta harro kontatu zuen Eva Duarte de Peron ezagutu zuela eta berari esker lortu zutela Argentinako emakumezkoek botoa. Zikloko saio guztietan egiten den bezala, hau ere grabatu eta digitalizatu da Nikomedes Iguain Azurza Liburutegian edonoren eskura izan ahal izateko.

Eusko Aterpea Euskal Etxeko 10. urtemuga

A-gripea dela eta hamargarren urtemugaren ospakizunak ezin izan ziren egin urte hasieran jarritako datan, eta atzeratu izan ziren. Izan ere, ospakizunen artean, atzo igandea, arratsaldeko 7:30etan, Xabaltx abeslariaren kontzertua egin zen euskal etxean, Mitre kaleko 370. zenbakian. Jarraian, azaroaren 15ean eta euskal etxean bertan ere bazkaria egingo dute Gral Rodriguezeko euskaldunek. Sarrerak $50 peso balio du,  menua errekia.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.