Hemen zaude: Hasiera Albisteak Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak 'Dantzari Jai' gogoangarri batez ospatu zuen bere 50. urteurrena

Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak 'Dantzari Jai' gogoangarri batez ospatu zuen bere 50. urteurrena

Mende erdi bat joan da La Pampa probintzia argentinarreko Macachin herriko euskaldunak lehendabizikoz bildu zirenetik euskal etxea sortzearren. Argentinako Mus Txapelketa eta lehendabiziko Zuzendaritza Batzordeari eginiko afari omenaldia urteurrena ospatzeko egitarauko parte dira. Abenduaren 13an, 300dik gora jendek hartu zuten parte bazkari erraldoi batean. Hitzorduan, omenaldia egin zitzaion Raul Mujika zenari, erakundeko Kultur Gela-ri bere izena jarriz, bere seme-alaben aurreskuak edertutako ekitaldian. Beste herri batzuetako euskaldunek ere hartu zuten parte, Bahia Blanca, Puerto Madryn, Villa Mercedes, Laprida eta Santa Rosakoak batzuk aipatzearren. Pozik emaitzarekin, 'ez zen jai arrunta izan, Macachin-go euskal etxearen marka izan zuen', azaldu diote EuskalKultura.com-i antolatzaileek.

Macachin, Argentina. Bazkaria igande eguerdian izan zen Macachin-go Euzko Alkartasuna Euskal Etxean, baina jaia aurreko egunean hasi zen, gonbidatuak hasi zirenean heltzen eta elkartzen. Aspaldi elkar ikusten ez zuten lagunek euskal etxeko tabernan topo egin eta ordu batzuk izan zituzten egunean jartzeko.

Biharamunean, goiz-goizetik hasi ziren ekintaldiak. Lehenik, euskal etxeko hildakoen aldeko elizkizunak egin ziren. Ondoren, zeremonia hunkigarri batean instituzioko Kultur Gelari Raul “Rulo” Mujica izena ipini zitzaion. 'Mujica Euskal Etxeko buruzagia eta Gure Ametza Dantza Taldearen zuzendaria izan zen; betiko gogoan izan nahi dugulako jarri diogu gelari bere izena eta ipini dugu plaka', azaldu dute euskal etxeko arduradunek. Plaka ipini eta gero, Mujica zenaren hiru seme-alabek aurreskua dantzatu zuten euren aitaren irudi baten aurrean.

Macachin-go Euzko Alkartasuna 001

[Raul Mujicaren hiru seme-alabak aurreskua dantzatzen (argazkia EE)]

Lagunekin elkartzeko momentu egokia

Omenaldian bukatutakoan eta areto berean, argazki erakusketa ikusi ahal zuten gonbidatuek. Bitartean bisitari gehiago joan ziren biltzen topaketara. 'Malkoak bai baina irribarreak ere nagusitu ziren egunean. Jendeak aspaldiko kontu eta pasadizoak gogora ekartzeko aukera polita izan da. Talde ezberdinetan ikusten ziren lagunak elkar besarkatzen', kontatzen du etxeko kide den Marigen Mujicak.

Eguerdi aldera, menu nagusia prest zegoen jolastokian propio ipinitako mahaietan: Argentinar asado batez gozatu zuten La Pampako herriraino hurbildutako hirurehun bat euskaldunek. Baina omenaldiak jarraituko zuten bazkaldu ondoren. Antolatzaileek bereziki omendu nahi izan zituzten 1960ean euskal etxean sortu zen lehenengo dantza taldea; 'Gure Ametza' Dantza Taldeko sortzaile, zuzendari eta kolaboratzailea izan den Miren Alazne Iruretagoyena, eta Maria Julia Ercoreca, urtetan dantza irakasle izateagatik. Baita Raul Mujica ere: bere familiari oroigarri bat eman zitzaion.

Dantzak Exeko eta Bahia Blancako taldeen eskutik

Dantza egiteko garaian, ustekaberik ere egon zen. Batetik, 'Gure Ametza' taldeko kide ohiek dantza batzuk zeuzkaten prestatuta publikoari oparitzeko. Taldeko txikienek ere dantzaldi bat egin zuten, baita dantzari gonbidatuek ere, Bahia Blancako Beti Aurrera taldekoek, hain zuzen.

'Gure berrogeita hamar urteurrena ospatzen ari gara eta Dantzari Jaia egitea erabaki dugu, dantza taldea gure alde indartsuena izan delako beti', azaldu dute Euzko Alkartasunako arduradunek. 'Oso pozik gaude  eta espero dugu gurekin ospatzera etorri direnek ere hala pasatuko zutela. Leku askotako jendea etorri da, urrunekoa, hala nola Bahia Blanca, Puerto Madryn, Villa Mercedes, Laprida edota Santa Rosakoa eta hurbil dauden herrietakoa ere bai. Guk nahi bezala atera da eta horregatik uste dugu ez dela jai arrunta izan, eta Macachin-go Euskal Etxearen marka izan duela', komentatu dute harro antolatzaileek.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.