Hemen zaude: Hasiera Albisteak Rodrigo Gartzia, Azkue Fundazioa: "Kontaktuan gaude Diasporan bizi diren euskaldun eta bizkaitarrekin"

Rodrigo Gartzia, Azkue Fundazioa: "Kontaktuan gaude Diasporan bizi diren euskaldun eta bizkaitarrekin"

2009/11/18

Jende gazteari zuzenduz eta teknologia berriak modu ireki, parte-hartzaile eta bizian erabiliz, interneten euskararen presentzia indartzea da Azkue Fundazioaren xedea. Bizkaiko Foru Aldundiaren euskara arloko proiektu garrantzitsua da. Zuzendari duen Rodrigo Gartzia Azurmendik, Diasporako euskaldunak ere kontuan hartu dituztela eta proiektuak beraiekin lotzeko aukera aztertu duela adierazi dio Euskalkultura.com-i. Azkue Fundazioa azaroaren 4ean aurkeztu zen ofizialki, Euskaldunako foyer-ean.

Bilbo, Bizkaia. Resurreccion Maria de Azkue --Euskaltzaindiko lehenengo presidentea, lehenengo euskaltzainburua izan zena-- euskararen inguruan zituen ezagutzak munduan zabaltzen eta euskara aurrerabidean ipintzen saiatu zen, garai hartan (1919) eskura zituen baliabideak erabiliz. Orain, berak hartutako ildoari jarraipena eman nahi dio Bilbon sortu berria den Azkue Fundazioak, euskara indartu eta bultzatzeko, baina garai berrietara egokituz, internet bidez. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak arlo honetan aurkeztu duen proiektu berritzaileenetako bat du Azkue Fundazioa.

Azkue Fundazioak hainbat proiektu ditu buruan, denak helburu berdinarekin: euskararen erabilpena bultzatzea, era ezberdin eta berritzailean, gaztejendeari zuzenduz modu ireki, parte-hartzaile eta aktiboan, teknologia berriak bitarteko. Zuzendari duen Rodrigo Gartzia Azurmendik argi dauka komunikazio alorrean sare birtualek daukaten garrantzia, gazteen euskarazko partaidetza eta interakzio aktibo normalizatua garatu ahal izateko.

Diasporako euskaldunak

Bistan da, aurrerapen teknologiko berrietaz baliatuz euskara bultzatzea helburu gisa duten plan eta intentzio hauek guztiak burutzeko, internet, komunikabide bezala, ezinbesteko tresna dela, modu azkar eta eraginkor batean toki guztietara iritsi ahal izateko, eta, besteak beste, Euskal Herritik at bizi diren euskaldunak integratzeko aukera ere eskaintzen duela. "Baditugu harremanak Diasporan bizi diren bizkaitar eta euskaldunekin, eta gure intentzioetako bat harreman hauek areagotzea da", esaten digu Gartzia Azurmendik. "Guk kudeatzen dugun Euskararen Interpretazio Zentroan, Euskara munduan izeneko erakusketa interesgarri bat dugu, gure webgunean kontsultatu daitekeena", gehitzen du Azkue Fundazioko zuzendariak.

Azkue Fundazioa azaroaren 4ean aurkeztu zen Bilboko Euskaldunako foyer-ean, bere sortzaile eta eragile guztien eskutik: Foru Aldundiaren izenean, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia, Patronatuko presidente eta Kultura diputatua den Josune Ariztondo bertaratu ziren; baita ere proiektuan partaide diren honako instituzioetako ordezkariak: Bilboko Udala, Euskaltzaindia, Deustuko Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Lotura interesgarriak

Azkue Fundazioa
www.azkuefundazioa.org/eu

Euskararen Etxea
www.euskararenetxea.net

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.