Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Txapela buruan ibili munduan

Egia esan, bixi-bixi dator aste honetan ere zazpi probintzietatik kanpo jaio edo bizi diren euskaldunek euskal ondareari egin dioten edo egiten ari zaizkion ekarri edo kontribuzioa.

Ez da oraindik bukatua, batetik, Uruguaiko euskaldunek joan den astean Montevideoko Liburutegi Nazionalean "Euskal Immigrazio, Historia eta Kultura V. Mintegia" izenpean hiru egunez egin zuten Biltzarraren oihartzuna, hainbat euskaldun eta euskal uruguaitarren lan on eta baliosa azterturik hiriburu hortako Haize Hegoa Euskal Etxea antolatzaile. Hori pasa den astetik datorrena, aste honetan Estatu Batuetako euskaldunek lekukoa hartu eta aztertuko baitute Unibertsitate mailanm euskal presentzia eta ekarria Ipar Ameriketan.

Kaliforniako Bakersfield-en izanen da hori --ikus hemen--, asteazkenetik ostiraleraino, urriaren 22-23 eta 24an alegia. Basques in the West izango da Biltzarraren gaia, 'Euskal Herria Mugaz Gaindi V. Mintegia' izenpean, California State University-k  (CSUB) Bakersfield-en duen egoitzan, Unibertsitate bereko Steven Gamboa doktorea, sunbildarren semea bera, koordinatzaile.

William A. Douglass antropologo ospetsuak zabalduko du elkarretaratzea eta Euskal Herriko eta Ameriketako adituak mintzatuko dira, tartean Joseba Agirreazkuenaga, Oscar Alvarez, Argitxu Camus-Etchecopar, Marijo Olaziregi, Xabier Irujo, John Ysursa, David Río, Joxe Mallea eta John Bieter. Amaiera saioa, Bakersfield-eko Noriega Hotel euskal ostatu historikoan egingo dute, Jeronima Echeverria aditu kaliforniarra buru, Oesteko euskal ostatuen gainean.

Baina euskal agenteak munduko leku gehiagotan ari dira egunotan euskal lanak erakusten. Bukatu berria da Frankfurten Liburu Azoka, Europan erreferentzia, eta han aurkeztuak izan dira zenbait idazle euskaldunen liburuak alemanera itzuliak. Hor ziren Aingeru Epaltza eta Jokin Muñoz idazke nafarren eta Anjel Lertxundi gipuzkoarraren eleberriak, euskaraz idatziak eta orain, irakurle alemanek alemanez irakurri ahal izango dituztenak.

Bordelen ere izanak dira iragan asteburuan Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleak euskal literaturaren ordezkari, Bordeleko Lettres du Monde jaialdian lehenik eta 'Eskualdunen Biltzarra'n ere, Akitaniako hiriburuko euskal etxe honetako 'Euskal Udazkena Bordelen' kultur antolamenduan.

Bestenaz, datozen egunotan mintzatuko gara Argentina eta Txileko Euskal Asteez. Urtero bi erresuma hauetan egiten diren euskal ekitaldi nagusienak dira Asteok, euskaldunen bilgarri eta euskal kulturaren inarrosle. Hori dute/beharko lukete helburu. Programa aberatsa bilduko dute aurten ere, besteak beste Oskorri taldea bietan izango delarik, bata bestearen ondotik Argentinako La Platan eta Txileko Santiagon datorren asteko larunbat eta igandez.

Gaurkoa behar bezala bukatzeko, atzera Estatu Batuetara eta zorionak eman nahi dizkiegu joan den igandean San Frantziskon esposatu diren Joseph Almirantearena eta Arantxa Machin-i, kaliforniarrak biak, Chinokoa Joseph eta San Frantziskokoa Arantxa. Bi euskal komunitateetako lagun andana bildu zen ezteietara. Zorionak. South San Franciscon biziko dira, Euskal Etxetik ez urrun.

2008/10/21

Euskaldunik gabeko euskal festak

Joan den astelehenean, adin handiko jende kopuru polita bildu zuen ekitaldi berezi bat egin zuten Eskoziako herri batean, Angusen, 1937an ingurura heldu ziren 24 euskal haurrak eta bertatik Nazioarteko Brigadetan 'Espainiko Gerla'ra Errepublikaren alde borrokatzera joan ziren bolondresen oroigarri. Plaka bat desestali zuten haur haiek bizi izan ziren etxean.

Gaurko zutabera, ordea, bestelako gai bat ekarri nahi nuen. Aurreko astean, Estatu Batuetan, Kaliforniako Calaveras konderrian, Calaveras County Basque Festival delakoa egin zuten, bertako zaharretxe baterako dirua biltzeko. Euskal jaialdi bat beraz, Basque, 'euskal' deiturarekin. Bertatik oso urrun ez dagoen Nevadako Carson Cityn ere, urtero egiten dute halako zerbait. Kasu honetan eskola katoliko bat da, eta itsatsita duen parrokia katolikoarentzako sosa biltzeko egiten du bere euskal jaia irailero.

Euskaldunik gabeko edo ia euskaldunik gabeko 'euskal' jaiak dira. Calaverasekoan, nahiz eta bertako herritarren artean euskal jatorrizko bat edo beste badagoen --ez askorik, Garamendi Kaliforniako gobernadoreordearen famili arrantxoa bertan badago ere--, eta nahiz eta ekitaldian ikurriña marraztuta zeraman pastel bat partekatu eta Oesteko euskal pikniketan zerbitzatzen duten estiloko haragia eta janaria zerbitzatu, ez zegoen bertan euskaldunik, ez antolatzaileen, ezta bertaratu zirenen artean ere. Ekitaldiari 'euskal' deitura jazten ziona, antolatzaile amerikarrek erabilitako euskal koloreak, ikurrak, moldeak eta izena zen.

Batzuk harritu egiten dira, baina italiarrik gabeko pizzerien edota irlandarrik gabeko Irish Pub-en kasu bera da. Saltzeko eta jendea erakartzeko balio badu, irlandarrik gabeko Irish Party bat antolatzea bezain zilegi da euskaldunik gabeko 'Euskal festa'. Gaia ekarri baizik ez nuen egin nahi.

2008/10/17

Munduko Euskal Herria etengabe lanean: ba al dugu euren ekarpenaren berri?

Beste asteburu bat geratu da atzean --Argentinan ezik, gaur jai eguna baita herrialde austral horretan--, Diasporari dagokionez ekitaldiz betea, beste askotan bezala.

Ekitaldi horietako batzuk aipatzen genituen joan den ostiralean, hala nola Argentinako hainbat herritan Gizatalde edo Kolektibitateen Azokak, Mar de Platako 'Denak Bat'en San Migelak, Chascomuseko XVIII. Euskal Festa, Maral euskal argentinar taldearen emanaldia San Pedron..., Mexikon Urdanetaren bosgarren mendeurrena dela-eta eginiko senidetze ekitaldiak, eta Estatu Batuetako NABOren 'Euskal Kantari Eguna' zein 'Amuma Says No' talde euskal-boisetarraren aurkezpena Texas-en, CD berria --'Frontoitik kalera' (sic) euskaraz eta Made in USA-- besapean.

Gure agendak bildu zituen baita ere Venezuelan Caracaseko Euskal Etxean Begoñako Amari eta Txikiteroei eskainitako eguna, eta Frantzian, Bordeleko Euskal Etxeak Bestalariak eta Kantuka abesbatzekin antolatutako kontzertua, eta Kanadan, Vancouver-eko Zazpiak Bat elkarteak Maddi Oihenart kantariari eginiko harrera eta harek emaniko kontzertua, eta Uruguaiko Juan L. Lacaze herrikoek euren euskalduntasunari eusteko euskal etxea berrantolatze lanen barnean deitutako elkarretaratzea, eta Bogotan, Kolonbiako Liburutegi Nazionaleko Germán Arciniegas Aretoan eginiko Kimuak 2007 saileko euskal laburmetraien proiekzioa, eta Donostian, Pello Aranburu Espainiako hiriburuko Euskal Etxeko lehendakari ohi eta lagunaren alde eginiko elizkizunak.

Hori guztia joan berria den asteburuan.

Aste berri honetan, bihar hasiko da Montevideon, bertako Haize Hegoa Euskal Etxean antolatuta, Uruguaiko 'Euskal Immigrazio, Historia eta Kultura VII. Mintegia', urtero bezala bertako euskaldunek lan handiz baina ilusio eta engaimendu handiagoz antolatua, eta Estatu Batuetako Washington eta Florida estatuetan, Dave Boling idazleak 'Guernica' izeneko bere eleberria aurkezten segituko du, Anne Etchegoyen kantaria Argentinako Paraná hirian kantatzen ari den bitartean, General Villegas-eko Euskal Etxeak antolatuta Alfredo Urquiza aktoreak  'Ameriketako emakumeen poesia'ri buruzko ikuskizuna eskaintzen duela.

Eta, oraindik datorren astetik atera gabe, larunbatean testu irakurraldia egingo dute Bordeleko Euskal Etxean Bernardo Atxaga eta Itxaro Bordak, Kepa Junkeraren musika lagun dutela. Eta igandean Pariseko euskaldunek musika, dantza eta gastronomia bildu dituen elkarretaratze bat egingo dute, eta...

...abar eta abar, asko baitira agendatik kanpo gelditu zaizkigun ekimenak. Balio bezate hauek adibide gisa.

Hau dena Diasporan gertatzen da. Munduan euskal giro edo koordenadetan. Kulturari, euskal kulturari, batean edo bestean jaiotako euskaldunek amankomunean daukagun unibertso horri eginiko ekarpen.

Gure erronka, han-hemenka egiten diren ahalegin horien guztien berri bildu eta ematea. Merezi dutelako, merezi dugulako, merezi duelako. Ba al dugu benetan munduko euskaldunek altxor amankomunera egin duten/egiten duten ekarpenaren berri?

2008/10/13

Anna Mari, Hispanitatea, EiTB, Urdaneta eta Euskal Kantari Eguna

Berri pozgarriak datozkigu New Yorketik, Anna Mari Aguirre, bertako Eusko Etxeari zinez lotutako laguna, ongi atera baita asteazkenean egin dioten ebakuntzatik eta garaiz harrapatu omen diote antzeman eta orain kendu dioten tumorea. Atsedena hartu beharko du eta frogak egin beharko dizkiote oraindik guztia segurtatzeko, baina bera eta ingurukoak askoz lasaiago daude. Besarkada bero-bero bat, Anna Mari!

Argentinaraino joanez, hainbat dira bertan, asteburu luze hau probestu edo baliatuko duten euskal etxeak,  datorren astelehena jai eguna edo 'feriado' izanik --igandean Hispanitatea delako--, ahal duenak lasai hartzeko eta oporraldi llabur bat egiteko erabiliko baititu egunok. Batzuei, ordea, euskal stand-aren atzean egotea suertatuko zaie. Halaxe adierazten digute, esaterako, San Pedroko 'Ongi Etorri' euskal etxekoek eta General Rodriguez-eko 'Eusko Aterpea'koek. Hala fortunatu zaienei, arrakasta desio diegu, ongi pasa eta helburuak bete ditzaten.

Bitartean, Euskal Herrian, Euskal Irrati Telebista (EiTB) bere hirugarren kanalea, euskaraz, aurkezten ari da gaur ostiralez, webgune berrituarekin (www.eitb.com) eta ikasturte berriko programazioarekin batera. Horretarako, ateak zabaldu dizkio fisikoki publikoari eta gaur milaka bisitari ari da biltzen Bilboko bere instalazioetara, telebista eta irratiak barrutik nola egiten diren segitzearren. Ezin izan dugu ikusi zer nolako tratamentua ematen zaion webgunean Diasporari, baina aurrerapausoak ematea ongi legoke. Kate berriari dagokionez, TDT bidez dator eta beraz emisio berriok hasteak ez du eraginik --ez aldeko ez kontrakorik-- izango Ameriketan Canal Vasco ikusten dutenengan, ETB3-ko Iñako Gurrutxaga Eduki Arduradunak azaldu digunez.

Beste jauzi geografiko bat eginik, aurretik ere esan eta gaur bertan argitara eman dugun artikulu batek islatzen duenez, Mexikoko lurretan dabil Urdaneta Urteko ekitaldien barruan Ordiziako (Gipuzkoa) alkate Jose Migel Santamaria, besteak beste Urdaneta medio senidetzen Urdaneta hiria (Filipinetan), Acapulco (Mexikon), Callao (Perun) eta Ordizia bera, Euskal Herrian. Aukera polita, eta ongi baliatua posibilitate ederrak ekar ditzakeena. Gogora dezagun Andres Urdaneta itsasgizon ordiziarra (1508-1568)  pertsonaia ez hain ezaguna izanik Euskal Herrian, pertsonaia oso garrantzitsutzat jotzen dutela filipinarrek euren historian. Ez da ez, egunero gertatzen estatuburu bat Euskal Herrira bisitan hurreratzea, nora eta Ordiziara, Filipinetako Gloria Macapagalek egin zuen bezala joan den azaroan, espres 'Urdaneta Urte'ko ekitaldi programaren inaugurazioan parte hartzeko. Egia esan, azkartzen eta sendotzen ari dira euskal harreman historikoak Filipinekin azkeneko bolada honetan zenbait alorretan.

Eta gaurkoa bukatzeko, ez dezagun ahantz Estatu Batuetako euskaldunek bihar ospatuko dutela, Kaliforniako Rocklin-eko Euskal Elkartekoen euskal jaiarekin batera, bere urteroko 'Kantari Eguna' (sic). Iparreko Ibarra --hala baitu izena bertako euskal etxeak-- jai egun polita prestatu du, goizetik hasita, kantu sailak hasiera bazkalostean izango badu ere, saioak afari herrikoia eta Jean Flesherren berbena euskal-amerikarrarekin bukatzeko. Eurak eta guztiek izan dezatela asteburu on, tartean Begoña izena dutenek, bihar euren eguna baita. Zorionak, beraz, Begoña guztiei, bereziki Bego Miñaur EuskalKultura.com-eko lankide finari.

2008/10/10

Bilbao New Yorkera eta Amuma Texasen bisitari

New Yorken, Etxeorratzen Hiriko Eusko Etxean guztia prest dago gaur gauez Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea errezibitzeko. Edo alderantziz da? Legebiltzarburuak harrera ekitaldi eta afari batera gonbidatu baitu Sagar Handiko eta inguruetako euskal komunitatea, Eusko Etxearen egoitzan. New Yorken urte mordoa daraman Iñaki Lete sukaldariak bere enkarguz prestatua, 1913an sortu zen elkarte honetako bazkide eta lagunak bilduko dira harrera-ekitaldi afaridun honetara, Bilbaok solastu eta bertakoen kezka eta iritzi/arrengurak ezagutu nahi baititu.

Eckford Street-eko egoitzan beha, zain, goaitatzen izango ditu Bilbaok Itziar Albisu Kobayashi andoaindarra, Eusko Etxeko lehendakaria [munduko Euskal Etxeetan lehendakari deitzen zaie beti bertako presidenteei], eta Julian Abio [i-u-lian ei-biou ahoskatuta], haurra zela, 1964an, gurasoekin New Yorkera emigratu zuen bakiotarra, hiri honetan hazi eta hezia, Eusko Etxearen gerizpean. Neurriko koadrila bilduko da. Esan beharra dago oro har, euskal komunitate zaharra dela New Yorkeko Eusko Etxearen inguruan biltzen dena, eta egiteko lan daukatela urtero hiriburura biltzen diren ehundaka edo milaka Euskal Herriko euskaldunak kontaktatu eta bertara biltzea. Hobe esan, erronka lukete hori. Eta egia esatearren, urte gutxiren buruan lortzen ez badute New Yorkeko euskal komunitate 'historikoa' eta New Yorkera ikastera edo bolada bat pasatzera iritsitako euskaldunek osatzen duten multzoak elkarri lotu eta proiektu amankomunei ekitea, jai daukate, egunak 'zenbatuta' izango ditu egun Estatu Batuetako euskal etxeetan dekanoa den honek.

Zoritxarrez, Eusko Etxeko gaurko elkarretaratzeak ez du, nonbait, Anna Mari Aguirreren presentzia bilduko. Oso gaixo dagoela esan digute. Irene (NY, 1923-1999) eta Andoni Aguirreren (Manila, 1921-NY, 1997) alaba da Anna Mari. Irene, hemezortzi urte zituela, Jose Antonio Aguirre lehendakariaren idazkari pertsonala izan zen hura hirian bizi zela. Eusko Etxeko kide historikoak biak, jaiotzez eta paperez estatubatuar, bihotzez zein hizkuntzaz euskaldunak. Euskal sentimentu hori alaba Anna Mariri pasatu zioten, New Yorkeko Eusko Etxearen magalean hazia bera, dantzari, dantza-maistra eta bere euskal erroekin erabat engaiatua.

Besteak beste, Society of Basque Studies in America (SBSA) delako erakundean bere gurasoek pizturik utzi zuten suzia atxiki izan du Anna Marik, beti ere proiektuz, kuraiez eta ekimenez gogor dabilen bere izeko Emilia Doyaga --amaren lehengusua, newyorktarra eta Eusko Etxeko kide historikoa hau ere eta SBSAko sortzaile eta sustatzaile nagusia-- bidaikide eta indarremale izanik. Urtetan sartu samarra dagoen Emilia egongo da seguruenik Izaskun Bilbaori harrera ematen. Bihoakie iloba-izekori besarkada beroa, agiantzarik onenarekin batera, Anna Mariri bereziki egun hauetan.

Gaurkoa bukatzeko, Estatu Batuetako Ekialdeko kosta utzi eta Mendebaldera goaz. Western inguru peto-petoan, Euskal Herriko musika bandek euskal herrietako berbena eta dantzaldietan jotzen duten musika mota bera, Oesteko moldean, jotzen du bertan Amuma says no (Amonak ezetz dio, nahi du esan euskalenglish-ez) talde boisetarrak. Euskaraz kantatzen dute Estatu Batuetako euskal jaialdietan eta bandetako ohiko instrumentuez gain --bateria, baxua, gitarra, saxoa...-- trikitia ere badaukate, Dan Ansotegui boisetarrak joa. Eta soinu txikia aitzeki edo estakuru harturik, datorren asteburuan egingo den Akordeoiaren Jaialdira gonbidatu dituzte, milaka kilometro hegoalderago dagoen Texas-eko San Antoniora.

Ez da izango eskusoinuaren nazioarteko hitzordu honek euskal-amerikar partaideak biltzen dituen lehenengo aldia, aurretik ere jarduna baita bertan bere bandarekin Mercedes Mendive Elkoko nevadatarra. 'Journey to Euskadi' izeneko CDa dauka merkatuan Mercedesek, egun Elkon barik Floridan bizi bada ere, Euskal Herrian jaiotako Fernando bere senar pilotari profesionalarekin ezkondu zenetik. Orain, Texas-eko musikaren jaialdi honetara joatearekin batera, euren lehenengo CDa plazaratu dute 'Amuma Says No'-koek ere, erabat 'Made in USA' eta aldi berean euskalduna. Datozen egunotan aipatuko dugu orrialdeotan.

2008/10/07

Bizitzaren zikloa eta AEB-Australian barrena bidaiari

Diasporaren eta Euskal Etxeen inguruan ere, gainerako testuinguruetan bezala, bizitza bizitza da eta horrek bizitzaren zikloa behin eta berriro errepikatzen dela nahi du esan: jendea hil eta jendea jaiotzen dela, alegia.

Begibistan den hori esan ondotik, aste honetan izan diren bi heriotz ekarriko ditut lerrootara: Venezuelan erbestea pasaturik Donostian hil den Jokin Intza --datorren igandean Caracasen egingo den hileroko meza bere oroimenez eta Pello Irujo eta Javier Ugalderen oroimenez egingo da, goizeko hamaiketan.

Eta Pello Aranburu, Madrilgo euskalduna, hiriburu espainiarreko Euskal Etxearen historian eragile izan den donostiarra. Bere oroimeneko elizkizunak ere datorren igande honetan egingo dira Madrilen, Euskaldunen Elizan ('Iglesia de los Vascos', Principe kalea 31) eta ondoko ostiralean, urriaren 10ean, Donostian, iluntzeko zazpi t'erdietan, Alde Zaharreko San Bizente parrokian.

Baina jendea hil eta jendea jaiotzen dela esan dut. Eta horren isla izan daiteke gure Argazkien Galerian gaur argitaratu ditugun AEBetako Coloradoko Euskal Etxeko argazkiak. Gaztetxoak eta jaioberriren bat ere bildu ziren bertako euskal komunitateak famili giroan urtero egiten duen Mendiko jaira. Eta, bizitzarekin segituz, adaxka berrien bizitasunaren sinbolo boteretsu izango da bihar larunbata Argentinan, Llavallol-eko Euskal Echea (sic) eskolan --ehun urtetik gorako erakundea berau-- egingo den festa erraldoia, milaka gaztetxo argentinar partaide, euskal jantziz, euskal dantzari, euskal eta argentinar osagaiak uztartuz.

Bestela, Tolosatik (Gipuzkoa) datorkigu proposamena 2009-10 ikasurterako, Estatu Batuetako eta Australiako euskaldunei zuzendua. Lau kide dituen familia bat da (senar-emazteak, 19 hilabeteko haur batekin eta orain jaiotzekoa den beste batekin) eta datorren kurtso horri AEBetan eta Australian bidaiari pasatu nahiko lukete. Honela diote:

"Gure helburua lehenik New York hirira joatea da, eta bertan 10 bat egun pasa ondoren 5 hilabetez ezagutu nahiko genuke USA eta Kanada. Australiaren kasuan gauza bera, Sydneyra joan hegazkinez eta beste 5 hilabete pasa herrialdea ezagutzen". Ikastola batean irakasle den aita honek proposatzen duten tratua: "Nik nire Euskal Herriko etxea eta autokarabana eskaintzen dut eta trukean gauza bera eskatzen dut".

Bere datuak:

Angel Cuerdo Galarraga
San Frantzisko 3, 3.a
Tolosa, Gipuzkoa
Tel:  00 34 653 013996 
e-maila:
acuerdo@jakintza.net

2008/10/03

Etxekoek bakarrik dakiten bezala

Argentinako hainbat lagunek pasatu diguten iritzi eta sentipenaren arabera, mundiala izan omen zen duela gutxi Juan Mari Beltran eta bere taldearekin ordu batzuk partekatu ahal izatea, euskal musikariok Ameriketara eginiko biraren baitan. Horixe islatu nahi izan du gaur EuskalKultura.com-en argitara eman dugun artikulu eta argazki bildumak. Gauza bera gertatua zen aurretik Montevideon.

Ia bi aste joan dira taldea berriz europaratu zenetik, eta oihartzunek bizirik diraute itsasoz bi aldeetan, euskal musikariak ere oroitzapen eta bizipen ezin hobez itzuli baitziren Rio de la Platako inguruetara eginiko bisitalditik. Lagun artera eginiko bidaia izan omen zen.

Izan ere, lan polita hartu zuten Montevideoko Haize Hegoakoek eta Chivilcoy, Arrecifes eta Buenos Aireseko Beti Aurrera, Euskaldunak Danak Bat eta Euskaltzaleak Euskal Etxeetakoek, hurrenez hurren, bira antolatzen. Lan diruz ordaingabea eta diruz ordainezina.

Lana, denbora, ahalegina eta ilusioa ipini baitzuten Beltran eta bere lagunak abegiz errezibitzeko, familiak aspaldi ikusi gabeko edo ezagutzen ez duen ahaidea errezibitzeko egiten duen bezala, etxekoek bakarrik errezibitzen dakiten bezala, borondate onak eta elkarrekin kultura eta euskaltasun sentimentu kolektibo amankomunak partekatzeak ematen duen maitasunarekin. Eta irekiera eta sentimentu beretsuekin hurbildu ziren Beltran-eta orain lagun edo 'ahaide' berriak dauzkaten argentinar leku eta herri horietara.

Maitasun erlazio bat izan zen. Musikari bisitariek ilusioz eta eskuzabaltasunez banatu zituzten euskal musikaz eta instrumentuez dauzkaten ezagutza, gaitasun eta trebeziak, eta tailerren bidez hurbil-hurbiletik eta praktikoki partekatu zuten hori guztia bertaratu ziren lagunekin. Bertaratu zirenek ere, interesez eta hunkiturik, abegiz eta jakinminez partekatu zituzten euren denbora, euren leku eta azpiegiturak eta euren musika- eta euskaltzaletasuna lagun bisitariekin.

Horixe da Diaspora, euskal diaspora. Europako Euskal Herriko jendeak errespetuz eta eskatzera baino eskaintzera hurbildu beharreko tokia. Gogoa zabal eta eskuzabal, jakinik azkenean seguruenik hartu eman baino gehiago egingo duzula.

2008/09/25

Ikasturte berria hasiz, Elizondo, Kolonbia

Udako sasoina joana da Ipar Hemisferioan (negua, Hegokoan) eta ikasturtea abiatzeko garaia heldua da ikastetxe, eskola eta unibertsitateetan (hau ere Ipar Hemisferioan, Hego Hemisferioko hainbat herrialdetan ikasturteak urte naturalari segitzen dionez urtea eta ikasturtea gauza bera baitira eta orain beraz urte/ikasturtearen azken txanpan daude, ikasturte berria bertako udako oporren ostean hasiko dutelarik, martxo-apirilean, alegia).

Ipar Hemisferioko uda bukatzeak, esaterako, euskal festa nagusi eta pikniken sasoina bukatzen dela esan nahi du Estatu Batuetan. Kaliforniako Chinon duela hiru aste egin zen NABO Biltzarra eta Euskal Bestaren ondotik --eta tartean San Frantziskokoa eta Homedalekoa ere joanak--, euskal etxeen urteko azkeneko piknikak gelditzen dira, hala nola Nevadako Las Vegaseko 'Lagun Onak' Euskal Etxearena, urriko lehenengo asteburuan, eta Kalifornia Iparraldeko 'Iparreko Ibarra'rena. Azken honek itxiko ditu aurtengo piknik saioak, urriaren 11ean, euskal ostatu eta hotel historikoak izan zituen Marysville herritik gertu den Lincoln herriko 155 Ferrari Ranch-en. Aurten, gainera, NABO Kantari Eguna ere eurak antolatuko dute asteburu horretan.

Baina egun hauetako euskal aktualitatea aipatzerakoan, ezin aipatu gabe utzi pare bat ospakizun.

Batetik eta aurrekoarekin lotuz, atzo Baztango Elizondon, ekitaldi berezi bat gauzatu zen. Besteak beste bertako Udalak, Nafar eta Euskal Gobernuek, Udalbidek eta Diario de Noticias egunkariak lagundurik, 'Ameriketarat gana, artzain doike' (sic) izeneko egunpasa/omenaldi/elkarretaratzea egin zen eskualde honetan eta Euskal Herriko beste zenbaitetan garrantzi handia izan duen Estatu Batuetarako emigrazioaren inguruan, AEBetan ibilitako 'amerikanuei' omenaldi gisako bilkura eta besta eguna antolatuz. Antolatzaile nagusi, artzain amerikanoen alaba diren hiru emazte: Laura Igantzi, Neli Yanci eta Josephine Etcheverry. Amodioz eta esker onez eginiko ekitaldia. Honi buruzko kronika bihar argitaratuko dugu EuskalKultura.com-en, gu geu ere lekuko eta partaide izan baikinen bertan.

Bestetik, Kolonbian egiten ari diren Euskal Astea eta orohar euskal ekitaldiak. Albisteen atalean Elai-Alai talde gernikarraren bidaia kolonbiarra aipatzen dugu eta euren emanaldi ibilbidea Kolonbiako hainbat agertokietan. Bertako ekitaldiak, ordea, lehenagotik hasiak dira, oro har zine, gastronomia, ekonomia eta beste zenbait alor ukitzeko. Izan ere, Euskal Herriko goi ordezkaritza bat, Iñaki Agirre Kanpo Harremanetarako idazkaria buru Bogotara bidaiatu zen karia hortara joan den astean.

Emprebask-en ekitaldiak egin dira, bilkura eta mahai-inguruak, Zine hitzorduak antolatu Bogotá-ko Arte Moderno Museoan zein Liburutegi Nazionalean, Mikel Arrazola argazkilariaren erakusketa irailaren 14tik 21era Tocancipa-ko Kultura Etxean eta ondotik 22tik 27ra Villa de Leyva-ko Probintzia Batuen Biltzarra, aste honetan bertan (24, 25 eta 26an) Euskal Gastronomia Erakustaldi bat izango da Villa de Leyva-ko El Duruelo hotelean... guztia Bogotáko Euskal Etxeak eta munduko eskualde honetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den Euskadiko Ordezkaritzaren eskutik.

Segitzen du bitartean, Uruguain eta Argentinan, Juan Marti Beltranen bisita, tailer eta emanaldiek utzi zuten arrasto eta oihartzunak. Publikoa eta bertako euskaldun eta ez-euskaldunak irabazten jakin zuten Beltranek eta bere taldeak. Azken artikulu grafiko bat eskainiko diogu gaiari datozen egunetan.

2008/09/22

Harrobia lantzen

Aurrekoan aipatzen nuenez, gaurkoan Wyoming-eko Buffalotik, Estatu Batuetatik alegia, ari naiz idazten, hemen ari baita egiten --joan den asteko astelehenetik datorren ostiralera arte-- NABO Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Federazioak urtero antolatzen duen 'Udaleku' (sic).

Urtero, NABO osatzen duten Estatu Batuetako ia berrogei euskal etxe edo komunitateetako batek hartzen du Udaleku antolatzeko ardura. NABOk berak esan behintzat egiten duenez, garatzen dituen ekimenen artean garrantzitsuen-tzat jotzen du 10-15 urteko haurrentzako antolatzen duen udako kanpamendu hau, harrobitzat jotzen baitu hain zuzen ere, oso urte gutxi barru, egun haur eta nerabe diren hauek koskortu, eta beren gain egongo baita euskal etxeetako edota NABOko gidaritza.

Aurtengoan 43 dira Buffaloko ediziora etorri diren neska-mutikoak: 32 neska eta 11 mutiko. Ez dute seguruenik sekula ahantziko hamabi egun hauetako esperientzia. Ongi pasatzen ari dira --hau lehenengo eta behin udaleku bat baita-- eta aisialdiko, mendiko eta naturarekiko jarduerak egitearekin batera, euskal jatorrizko beste hainbat neska-mutikoekin ari dira elkarlanean bizikide, hainbat egunez bizikide izateak ekarri ohi dituen adiskidetasun loturak sortzen, komunitatea egiten. Hori guztia euskara puxkat ikasi eta praktikatzen dutela, euskal dantzak ikasi eta praktikatzen dituztela, txistua, kantuak eta beste zenbait euskal kultur elementu opor giroan bizi dituztela.

Haurrek ongi pasatzea funtsezkoa da edozein udalekuretzat; eta honentzat, horrekin batera, haurrek 'euskal' adjetibo hori gauza erakargarriekin lotzea, euskaldun sentitzen diren eta gustura euskaldun sentitzen diren euren adineko beste gazte euskal-amerikarrekin lotzea, lagunekin, giro onarekin, euskal-amerikar giroan gustura ibiltzearekin. Hemen egingo dituzten lagunak, hemen jolaskide zein izerdigilekide ari direla egingo dituzten lagunak, ondoren Kalifornia, Idaho, Nevada, Wyoming edo Utah-ko euskal jaialdiren batera hurbildutakoan ikusiko dituzte hurrengoan. Eta kantari edo dantzari aritu ahal izango dira haiekin, edo nintendoa trukatuko dute, urtean zehar harremanak email bidez mantenduz.

Jakina haur hauek amerikanoak direla, baina eurena den iragana daukate, iragan euskalduna, euren familietan askori sendotasuna eta harrotasuna ematen diena. Ez besteena baino inportanteagoa delako, baina bai eurena delako, inportantea izan delako euren guraso edo aiton-amonentzat, euskalduntasun sentimentuari eutsiz euren aurrekoek egin zuten ahalegin baten eta bide baten katebegia kontsideratzen direlako eurak ere, pozik sentitzen dutelako euskaldun izate sentimentu hori, euren etxeetan direna izateaz harro egoten irakatsi dietelako.

Eta hori Udalekuko laguntxoekin konpartitzen dute. Euskal komunitateak daukan erronka, iragan euskalduna, egungotasun eta gero euskalduna bilaka araztea da, euskaldun sentitze hori sentitzen segitu eta modu edo manera antolatuan egin dezaten, bertako euskal etxe eta egiturak indartuz eta iraun araziz. Euskaldun sentitzea lagungarri izan dakien eta hein horretan inportantea gerta dakien euren bizitzan.

Udalekuk --barne orekarekin eta hazkuntza pertsonalarekin harremanduta-- lagundu nahi duen adiskidetasun horrek ezaugarririk bereziena asteburu honetan izan du, sierran, mendian, Euskal Herritik Estatu Batuetara etorri zen euren arbasoaren, euren aitatxi, aitxitxe edo aitona-ren bizimodua gertuagotik ezagutu ahal izan dutenean, gau batez bederen haiek bezala karrokanpo batean lo eginez eta lehenengo immigrante euskaldunek bizimodu izan zituzten ardiak eta artzaintzaren moldeak lekukotasun zuzenean ezagutu ahal izan dituztelako, horretarako propio hurbildu diren euskaldun zahar batzuen ahotan: nola zen euren bizitza azaldu diete.

Jean Escoz luzaidarra, Jean Cinquambre erratzuarra, Victor Goñi labaiendarra, Denis Camino arnegitarra, Batista Juanicotena elizondoarra eta Pierre Amestoy armendariztarra euren aitona izan zitezkeen. Euren arbasoak azalpen horietan entzun eta ikusi ahal izan dituzte. Haurrek euren buruari buruz, euren historiari buruz ikasi dute, seguruenik honela hasi baitzen euren familiaren historia hemen Estatu Batuetan.

Honelako bizimodua daramagu Udalekun. Bitartean, Euskal Herriko hainbat herri eta tokietan --baita Diasporan ere-- prestatzen ari dira suak, gaur astelehen gauez San Juan bezpera ospatzeko, esan nahi baita udako solstizioaren etorrera [ipar hemisferioan; Hego Ameriketan eta hego hemisferioan oro har negukoa]. Hala ari gara Buffalon ere. Segituko dugu solasa.

2008/06/23

Mila esker gure lagun harpidedunei; Nevada Renoko Unibertsitateko Euskal Mintegi eta Liburutegitik

Beste ezer baino lehen eskerrak eman beharrean nago gure harpidedunei euren pazientziagatik (eta uste dut, ea oker nabilen, ez dela izango honakoa gauza bera esango diedan aldia). Eskerrak, batetik, pazientziaz hartzeagatik buletina igortzeko aldaketen prozesuan izaten ari garen arazo eta 'doikuntzak'. Eta, bestetik, horiek jasateaz gain iruzkinak eta gauzak hobetzen laguntzeko komentario eta sostengu hitzak bidaltzen segitzen duzuelako. Zalantzarik ez, guk ere arazoak lehen bait lehen bideratzea espero dugu.

Aipatu, baita ere, gaurko zutabea Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentrotik (euskaraz Euskal Mintegia ere esaten zioten lehen) ari naizela idazten. Duela hogeita hamar urte baino gehiago sortua(k) --Zentroa zein Euskal Liburutegia--, egun hauetan etxez edo eraikinez aldatzen ari d(ir)a, Renoko kanpusaren barne, baina aurrerapen guztiez hornitutako espazio berri batera. Ezagutzen ez dutenentzat, Euskal Herritik kanpo mundu akademikoan Euskal Ikasketen arloan nazioarteko erreferentzia den erakundeaz ari naiz. Toki aldatze honetan, lanik gehiena egina daukate, eta toki berriratuak dira fondo gehienak, nahiz eta eraikin zaharrean segitzen den atenditzen eta, era mugatuan, arrera publikoa egiten.

Mundu anglo akademikorako ekarpen baliosa

Aukera baliatzen dugu, beraz, bertatik lan ederra egiten dutenei zorionak emateko, aldaketak dakarren aurrerapenagatik, eta, oro har, euren ekarpenagatik. Bertan ditugu lanean, besteak beste, Joseba Zulaika, Eric Herzik, Sandra Ott, Xabier Irujo, Kate Camino, Pedro Oiarzabal, Jill Berner, Argitxu Camus-Etchecopar, Joxe Mallea-Olaetxe, Mariann Vaczi, Esti Ezkerra, Shannon Sisco, Brandon Scutt eta, gelditzeko iritsi berria, Marimar Ubeda. Hauekin batera, ezin aipatu gabe utzi azkeneko ikasturte honetan Renotik lan eskerga egiten ibili diren Marijose Olaziregi eta Barnardo Atxaga.

Zutabe honen hurrengo emaitza Ipar Amerika sakonetik egingo dugu, Wyoming-eko Buffalo herriskatik, datorren igandean bertan hasiko baita NABOk (Ipar Ameriketako euskal erakundeen federazioak) 10-15 urte arteko gaztetxoentzat urtero antolatzen duen Udaleku (sic) udalekua. Bitartean, eta munduko euskal etxe batzuetan datorren igandean Aitaren Eguna ospatuko dutelarik, geu ere euskal etxeetako aita horien omenez egingo diren ekitaldietara bildi nahi dugu geure burua. Segi bizkor.

2008/06/13

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik