Hasiera

Albisteak
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Gastuak jaitsi nahi ditu Jaurlaritzak, zerga bilketa hondoratu ondotik
 

Zerga bidez ogasunek biltzen duten diru kopurua amiltzen ari da, eta, aurrekontuak orekatzeko, gerrikoa estutu beharko dute administrazioek. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, 550 milioi euroko defizita pilatuko du urte amaieran, neurririk hartzen ez badu. Kopuru horrek, besteak beste, aurten Nekazaritza eta Kultura sailen artean gastatuko dutena gainditzen du, nabarmen. Hori dela eta, gastuak murrizteko helburuari heldu dio Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak.

Sailburuei departamentu bakoitzeko aurrekontua "orrazteko" agindu zien Patxi Lopez lehendakariak. Oraingoz, 60 milioi azaleratu direla azaldu zuen Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. Uztailaren 7rako prest izan nahi dute gastuen antolakuntza berri hori, datorren urteko aurrekontuak zehaztu ahal izateko.

Egoera "gero eta zailagoa" dela aitortu zuen Agirrek. Aurten, gastuetako partida asko dagoeneko ordainduta daude, eta horiekin atzera bueltarik ez dago. Halaber, desagertu egin da altxortegi soberakinen bidez 500 milioi euroko "egiturazko zuloa" estaltzeko aukera.

Joan den urteko amaieran gobernuak altxortegian 1.625 milioi euro zituela jakinarazi zuen Agirrek. Haatik, diru gehiena Lopezek lehendakari kargua hartu baino lehen erabili zela ziurtatu zuen, eta soilik 382 milioi geratu zaizkie, defizita eragozteko aski ez dena.

Ibarretxeren gobernuari bi kritika egin zizkion sailburuak. Alde batetik, zerga bidez bildutakoa murrizten ari zela jakinda, aurtengo aurrekontuari 400 milioi euroko gastuak gehitzea egotzi zion. Bestetik, bilketaren aurreikuspenean "kalkulu okerra" egin izana leporatu zion.


 

Berrian argitaratutako albistearen laburpena, 2009ko ekainaren 18a