Berria.info

Astelehena, 2009ko abenduak 28 -

2009-07-16

Ogasun sailburuak bidaliko dituzte aldundiek aurrekontuen batzarrera

Zerga bilketaren amiltzea aztertzeko bilera deitu du astelehenerako Jaurlaritzak

Erredakzioa.

Gasteiz

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Ogasun sailburuak bidaliko dituzte datorren urterako aurrekontu politika eztabaidatzeko Eusko Jaurlaritzak deitu duen batzarrera. Deialdia asteartean igorri zien Carlos Agirre Ogasun sailburuak, eta, hasiera batean, herrialde bakoitzeko ahaldun nagusiari ari zitzaion. Atzo, bilera ontzat jo zuten hiru aldundiek, baina forma kritikatu eta erakundeetako agintari nagusiak ez direla joango ohartarazi zuten.

Arabak, Bizkai eta Gipuzkoak emandako azalpenak antzekoak izan ziren. Agirreri deialdi «itxia» egin izana egotzi zioten, beste erakundeen agendak aintzat hartu gabe. Gainera, ahaldun nagusiak egotekotan, Patxi Lopez lehendakariak deitu behar zituela ohartarazi zuten. Halaber, halako auziak aztertzeko eta erabakitzeko bilgunea Finantzen Euskal Kontseilua dela ohartarazi zuten.

Agirre sailburuak, bestalde, datorren irailerako «ekintza ildo adostua» lortzea espero du, aurrekontu politikaren ardatz nagusiak hitzartzeko eta zerga bidezko diru sarreren jaitsierari aurre egiteko. Maiatza arte %16,8 jaitsi da ogasunen diru bilketa.

© Berria.info - Euskal Editorea S.L.

Martin Ugalde Kultur Parkea, Andoain 20140 43.223785 -2.014929

Telefonoa: 943 304 030 / Faxa: 943 590 172

- www.berria.info

Lege Informazioa

MIDAS Kontseilua Bai Euskarari

Laguntzaileak:

Eusko Jaurlaritza

Gipuzkoako Foru Aldundia