Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Adierazpen askatasunaz, Alemaniako Munich-en au pair euskaldun bila

Ez dut zutabe honetan politika mundua ikutzeko asmorik. Nahiz eta guztia zipriztintzen duen, eta izugarrikeriak gertatu arren, Diaspora eta Kultura zentzu zabal eta aldi berean zurrunean tratatzeko asmoa daukat. Halaxe egin dugu orain arte EuskalKultura.com-en. Besteak beste, egungotasuna eta aktualitatea tratatzeko beste hamaika medio daudelako. Gu, Diasporaz diharduen egunkari bakarra izanik, besteek egiten ez dutena egiten dugu: Diasporari buruz jardun.

Azken zutabera, ordea, euskararekin, adierazpen askatasunarekin eta justiziarekin zerikusia duen, eta herritar, euskaldun eta kazetari gisa hurbiletik ikutzen gaituen gai bai ekarri nuen: Egunkariaren itxierarena. Ez natzaio egungotasun horri sobera lotuko, baina behingoz esan dezadan --eta aurrerantzean zentzu honetan gure ekintzek gure hitzek baino gehiago esango dute-- bortizkeria horiek guztiak arbuiatzen ditugula. Eta Egunkariaren eta beste medio batzuen itxiera bezalaxe, atzo Bizkaiko komunikabide baten kontra eginiko erasoa ere ulertezin eta arbuiagarri jotzen dudala.

Kazetarien Eguna, Aljazeera

Hau guztia, Argentinan Kazetariaren Eguna ospatzen ari zela joan den larunbatean, ekainak 7 [datak 1810eko egun horretan ideia abertzale argentinarrak defendatzen zituen lehenengo komunikabidea, 'Gazeta de Buenos Ayres' izenekoa, sortu izana gogoratzen du eta Argentinako kazetariek 1938an ezarri zuten kazetarien egun bezala]. Mila esker, beraz, egun hori dela-eta zorionak eman dizkiguzuenoi.

Bitartean, Londreseko Euskal Etxetik adierazten digute datorren larunbatean, Aljazeera telebista katearen ingelesezko bertsioak Donostiari buruzko dokumental bat emitituko duela. Izenburua, 'Street Food, San Sebastian'. Gastronomiaz eta euskal kultura eta nortasunaz izango omen da.

Neska euskalduna Munich-en au pair aritzeko

Eta gaurkoa akitzeko, Munichen au pair aritzeko neska euskaldun ingelesdun baten bila ari den bilbotar baten deia nahi nuke ekarri. Bere bi haurrek Haizea, 6 urte, eta Ainhoa, 3, izena dute eta alemana, gaztelania eta euskararekin (ama hizkuntza) batera, ingelesa ere (ahulago) mintzatzen dituzte.

Abuztuan badoakie orain daukaten au pair-a, ikasturte osoan, irailetik eurekin egon den Jone durangarra --erabat gustura ibili dena familiarekin, aitortu digunez-- eta norbait beharko lukete, haurrekin eta etxearekin laguntzeko ama lanean ari den bitartean. Alpeetatik gertu, Munich-etik hogei bat minutura dagoen paradisu txiki batean bizi omen dira. Familia normal eta jatorra direla argitzen du bertatik Iratxe De la Quintana amak. Interesatuek iratxe@spanisch-service.de helbidera idatz dezakete, edo 00 49 8152 981544 telefonora dei egin.

2008/06/09

Egunkaria-ren itxieratik Buffalo, Wyoming-eraino

Bizkaiko Abokatuen Bazkunak 'Egunkaria kasua'ri buruz atzokoan Bilbon antolatutako ekitaldietan esandakoekin kaleratu dira gaur euskal egunkari batzuk. Oroi dezagun, bost urte bete direla joan den otsailaren 20ean, Juan del Olmo epaile espainiarrak egunkari bat, euskarazko egunkari bakarra, itxi zuenetik, bertako arduradunetako batzuk ETArekin zerikusirik izan zezaketelakoan. 'Inkisizio prozedura', 'Espainiako Konstituzioaren 20. artikulua eta Europako Giza Eskubideen Itunaren 10. artikulua urratzea', 'justiziaren akuilu politikoa', 'orokortze larriak eta euskararen kultur eremua susmopean jarri nahi izana' izan ziren bildutako ordezkari eta legelari adituen ahotan entzundako hitzetako batzuk.

Egunotan entzun dira baita ere Confebask ugazaben elkartearen abisuak, Euskal Herrian dagoen "lanpostuari egokitutako soslaia profesionalen" eskasia galanta salatuz, enpresetan bete gabeko lanpostuak 16.000 direla esanez, soilik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gerorako aurreikuspenetan, elkarte berak ondorioztatu du 2010etik aurrera langile defizit handia jasango dela, urtetik urtera larriagotzen joango dena, lan egiteko adinean dagoen biztanlego gero eta kopuru txikiagoarekin.

Beste eremu batera joz, EuskalKultura.com-en orrialdeetara sarritan ekarri dugun gaia da senitzeena eta Diasporan euskal etxerik edo euskal komunitate esanguratsurik duten herrien eta Euskal Herriko herrien artean sor daitezkeen senidetzeek aurrerapenerako eta kultur eta gizarte ongizatea igotzeko ekar ditzaketen abantailak, bi parteentzat. Azkenetako senidetze bat Argentinako Sunchales eta Gipuzkoako Arrasateren artekoa izan zen, kooperatibekiko interes amankomuna lokarri. Aipatu zen besteren bat, AEBetako Kaliforniako South San Francisco eta Donibane Garazi hiriburu baxenabartarraren artekoa adibidez, geldiro dabil. 

Bitartean, Donostian, esaterako, hiri senidetu duen Alemaniako Wiesbaden-etik, hogei urtetik beherako neska-mutiko talde bat etorriko da hiriburu gipuzkoarrera uztailean, bi txandetan, bertako gazteekin batera Ametzagaina izeneko parkeko gotorlekuaren hormak erreskatatu eta zaharberritzeko. Herri eta herrialde desberdinetako jendeek, gazteek gehienbat, elkar ezagutu eta esperientziak trukatzea gauza aberasgarria da beti, positiboa baita bide eta kanale berriak sortzea kulturen eta gizarteen artean, giza aberastasuna eta horrekin batera datorren lan arlokoa edo ekonomikoa hazkunde pertsonaletatik baitatoz, eskarmentuak trukatzetik, ikusmoldeak eta ezagutzak zabaltzetik. Senidetzeek honelako ekimenak errazten dituzte.

Ekaineko lehenengo astea joana da eta uda bertan daukagu, ipar hemisferioan bederen, hego hemisferioan neguaren zain baitaude. Datorren asteko igandean, ekainaren 15ean, NABOk bere urteroko Udaleku hasiko du, kasu honetan Wyomingeko Buffalon. Dozenerdi bat estatutatik iritsitako berrogei bat gazte, 10 eta 15 urte bitartekoak, bilduko dira Big Horn mendien magalera. Beste truke esperientzia aberasgarria doaike. Horri buruz ere segituko dugu hizketan.

2008/06/06

Ari gara bidean

Mila esker.

Eskerrik asko idatzi diguzuenei zeuon e-mailengatik.

Mila esker, bai, bidali dizkiguzuen iruzkinengatik ('Sois buena gente, beti aurrera!', 'muy gentil por la info', 'agradecemos siempre tenerlos junto a nosotros', 'gracias', 'mil esker au eni igortzeaz' (sic), 'lo de ustedes es sensacional, han conseguido unir a todos los vascos y descendientes que andamos por el mundo', 'euskal diasporako jendeek euskalkultura.com ikusten dugu, berri-berriren bila edo ia antzinako albistearen bila, mila esker adiskide maiteok' (sic), 'los sentimientos no se brindan así tan fácilmente, ésta tarea es importantísima, que continuéis con éxito, por muchos años', 'enhorabuena por la renovación de la web, está muy bien', 'zorionak, asko gustatzen zait formato berria, oso fresko, argia eta atraktiboa' (sic), 'felicitaciones, los aliento a seguir, un abrazo'...).

Bitxia, guztiak e-postaz iritsi baizaizkigu. Nonbait ohiturarik oraindik ez, oraingo sistemak albiste edo ohar bakoitzarekin daukan erantzuteko aukera baliatzeko.

Baina, bai, esan bezala, mila esker handi bat.

Egia da gauza askotan ikasten ari garela oraindik. Ohartzen ari gara, aste honetan estreinatu dugun editatzeko molde berriko trikimailu eta bateko zein besteko jakingarriak menperatzeak aste batzuk eskatuko dizkigula oraindik. Mila esker baita ere, beraz, pazientziagatik.

Aste hau eta egun hauek aldaketa egunak dira eta honek guztiak dardarraldi txiki bat ekarri du orain arte eremu lasaia izan dugun harpidetzen eta elkarren arteko komunikazioen eremura.

Harpidedunei, esan ezinbestekoa dela aste honetako 'doikuntza'. Aurrerantzean, gure berriak eskuratzeko hiru bide nagusi geldituko dira: eguneroko harpidetza, RSS bidezkoa, eta zuzenean webgunera sartzea. Hori euskaraz zein gaztelaniaz.

Bestela, pixkanaka argazkiak euren tokietara ari dira joaten, testu batzuk ikasi dute dagoeneko txukun ateratzeko hartu behar duten bidea, eta beste batzuk bide zuzenena hartu ordez bueltaka dabilkigu oraindik, agindu egokiak nola eman topatzen dugun bitartean.

Denbora eta praktika kontua da sistema berriaren maratilak harrapatzea. Baina ari gara bidean.

2008/06/04

Ongi etorri euskal diasporaren bilgune berritura

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean bizpahirutan Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.

Kaixo Diasporako partaide edo lagun hori.

Ikusten duzunez erabat berritua datorkigu EuskalKultura.com, bere ibilbideko fase berri bati ekinez.

Ahalegin eta apustu handi baten urrats berria da begien aurrean duzuna, aspaldi Diaspora barru eta kanpotik Diasporarekin hartu genuen engaiamendu edo konpromisoaren emaitza berritua, zazpi probintzia fisikoetatik landa baina euskal familiako kide jaio ziren edota bizi direnen esparrutik euskal unibertso amankomunera eginiko ekarpenaren isla ekartzen segitu nahi duena, munduko euskaldunek euskal kultura eta identitate koordinadetan egiten duten ahaleginaren bizitasuna, ilusioa eta taupadaren berri hobeto eta osatuago emanez, egungo teknologiek ahalbidetzen duten moduan, zubilanari eutsiz eta ezagutza bultzatzen jarraituz Euskal Herriaren eta bere diasporaren artean.

Badakigu ez dela lan makala --batez ere, batetik, euskaldunok, baita Diasporan ere, egin bai, baina gutxiegi arduratzen garelako egindako horren berri emateaz edota horren berri eskuratu nahi dutenei bideak errazteaz (nahiz eta honetan aurrerapen polita egin dugun azken urteotan), eta, bestetik, honen guztiaren ardura daukaten Administrazioko buruzagien oharmen, koherentzia eta laguntasun eskasagatik--,  denborak eta eskarmentuak erakutsi digu hori, baina euskaldun garenez gero, eta batez ere Hego Ameriketan euskaldunok dugun 'porfiado' edo 'kaskagor' famari eutsiz, gogor segitzen dugu geure ahalegin honetan, egin beharrekoa dela pentsatzen baitugu, besteak beste Euskal Herriak bere 'haraindiko' seme-alabekin duen zor bat dela uste dugulako.

Geure apalean ematen ari garen urrats berri hau, dirudiena baino handiagoa da, itxuraz eta diseinuaz aparte, webgunearen egitura, plataforma eta barnealde molde guztiak ere aldatu baititugu. Gu geu, ikasten ari gara oraindik sistema berriarekin moldatzen eta, beraz, pazientzia eskatuko dizugu, datozen egun eta asteetan edozein ikaste eta praktikatze prozesutan agertu ohi diren akatsak eta hutsak aterako baitira seguruenik.

Esan, azkenik, heldu diren hilabeteetan, webgunea atal eta zerbitzu berriak eskaintzen joango zaizkizula.  Gustukoak eta baliagarriak izan ditzazun espero dugu. Adierazi beharrik ez dago, aldaketa hauek guztiak egiterakoan, azkeneko urteotan irakurle-diasporakide-konplizeengandik --zu bezalako jendearengandik alegia-- jasotzen joan garen iritzi eta iradokizunak hartu ditugula kontutan.

Eskerrik asko, beraz, fase berri honetan ere geurekin segitzeagatik. Badakizu zeu gabe proiektu honek ez lukeela zentzurik.

Nire partetik, gaurtik aurrera, maiz samar, astean bizpahiru aldiz bederen, zutabe honetatik saiatuko naiz pauso berri horiek adierazi eta komentatzen, munduko euskaldunen esparruan gertatzen diren beste zenbait gai komentatuko ditudan bezalaxe.

Segi bizkor, Diasporaren lagun hori, eta berehala arte.

2008/06/02

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik