Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Sanferminak hemen dira dagoeneko, eta baita ere, ia, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria

Iruñean hastear dira 2009ko sanferminak eta Diasporan, nafar etxe eta euskal etxe batzuk gaur bertan ekingo diete San Ferminen omenezko euren egitarauei. Geure arreta gehien piztu duen deialdietako bat Shanghaiko Peña El Kiliki Mandarín delakoak egindakoa izan da. Txinan bizi diren gazte iruindar taldetxo batek antolatutako peña bat da hau, webgunea eta guzti baduena --gaztelaniaz, euskaraz, txineraz eta ingelesez--, eta aurten bostgarren aldiz zabaldu dute Shanghain sanferminak bertan baina Iruñeko erara ospatzeko deia. Elastiko propioa ere badute, Kukuxumusuk diseinatua, eta helburu sozial bati laguntzeko salgai daukatena.

Festarako gogoa bai, baina ahala gutxi daukaten lekua Argentina da. Arazo ekonomikoei osasun egoera gehitu zaie orain, A gripearen karietara. Eritasun hori dela-eta, eskoletako klaseak suspenditzen hasi dira eta baita ere bost pertsona baino gehiagoko bilkura publikoak, leku batzuetan bederen. Halaxe kontatzen zigun Buenos Airestik Cristina Cordarak, hiriburu porteñoko Alkartasuna koraleko kidea bera. Koralak emanaldia zeukan asteburu honetan eta beste hainbat gauza bezala bertan behera utzi behar izan dute osasun neurriak direla-eta. Sanferminak edo ekitaldi pare bat suspenditzea ez da gauza grabea, baina bai beste gauza batzuk, eskola eta klaseak eta ondorio ekonomiko latzagoak ekar ditzateken beste hamaika ekintza tarteko.

Honaino helduta, ezin aste honetan aipatu gabe utzi Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendariaren izendapena. Izendapena, nonbait, datorren astearteko Gobernu Kontseiluan hartuko du Eusko Jaurlaritzak. Segitzen du jakinminak pertsona nor izan daitekeen, baina egun gutxi geratzen direnez izendapena gauzatzeko, hobe kinielak gainetik astintzea eta besterik gabe pixkat gehiago zain egotea nor izango den jakiteko... Argi dirudiena, bere lehenengo urratsek Gaztemunduren hasierarekin bat egingo dutela da. Bestalde, Estatu Batuetatik, Nevadako Renotik, esaten digute gonbitea luzatu ziotela Lopez lehendakariari uztailaren 24-26an Renon egingo den NABO Biltzarrera eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko eraikin berria inagurazio ekitaldietara joateko. Jakina denez, Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeen ordezkariak bilduko dira bertara.

Itxura guztien arabera Lehendakaria bera ez da joango, baina bai agian, haren ordezkari, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi berria, Guillermo Echenique, edota, izendapena datozen egunetan gauzatu ostean, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari berria. Naturala eta logikoa litzateke gisa honetan estreinatzea euskal etxeekiko harremanetan, kasu honetan Estatu Batuetakoekin. Hutsunea nahiko izan da orain artean --hutsunea baita hutsunea bera, baina baita ere hutsune sentsazioa edo perzepzioa-- eta lanerako momentua heldu da.

2009/07/03

Krisi ekonomikoak Jaurlaritzak euskal etxeei partitzen dien diruetan ere izango du eragina

Oraingoan astea bukatzear heldu da zutabetxo hau. Arazo tekniko batek aurreko artikulua irentsi zuen argitaratzeko prest zegoela. Hori pasatu izana baliatzen dut barkamena eskatzeko azkenaldian jasan behar izan ditugun oztopo teknikoengatik: horiek ekidin nahian ari da lanean EuskalKultura.com-i zerbitzu teknikoa ematen dion enpresa. Yahoo-ko emaila daukaten harpidedun batzuk adierazi digute hutsik errezibitzen ari direla eguneroko buletina, eta soilik erantzun-i ematen diotenean ikus daitekeela bere edukia. Horretan dihardugu, nahiz eta jakitun garen orain artean irtenbide eskasa topatu diogula arazoari, baina teknikariek saiatzen segitzen dute. Behin-behineko irtenbide bat harpidetzaren kontua aldatzea izan daiteke, Yahoo-koa ez den batekin harpidetuz.

Esan, bestalde, beste astebete joan dela berririk gabe Kanpo Harremenetarako izendapenei dagokienean. Lehendakaritzako iturriek esan digutenez Eusko Jaurlaritzak datorren astearteko Gobernu Kontseiluan onartuko du Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusiaren izendapena eta horrek, bistan da, bidea zabalduko dio bere menpekoa den Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendari karguarenari. Azken hau ere segidan gauzatuko dela segurtatu da, uztailaren 12a baino lehen alegia, Gaztemunduko partaideei harrera honek emango baitiela esan baitigute Lopez lehendakariaren ingurutik. Asmoa hori omen.

Iturri horiexek segurtatu digute Jaurlaritza berriak ez duela aldaketa esanguratsurik egingo Kanpoko Euskal Gizataldeen arloari dagokionez. Esan nahi baita orain arteko bideari eutsiko zaiola. Euskal Etxeetako jendeak egon daitezela lasai, esan digute, gauzek bere denbora hartzen ari badira ere ez baita inola ere bulego hori ezabatuko --"ezta gutxiagorik ere"-- eta Diasporarekiko laguntzak segitu egingo baitute. Jarraipen politika, beraz, indarrean egon denaren ildo beretsukoa, interlokutore berriak izendatzerakoan baieztatu behar duguna.

Hori esanik, bi faktore garrantzitsuk eragingo dute aurten Kanpoko Harremanen atalean. Batetik, atzean irizpide politikoa izan dezakeen erabaki batek: gauza bikoiztuak edo hirukoiztuak ekiditeko politikak. Alegia, herrialde batean zenbait euskal egitura badaude, esaterako Euskadiko Ordezkaritza bat, SPRIren bulego edo ordezkari bat eta bestelakoak, gauzak sinpletu eta 'arrazionaltze' aldera joko omen da, kasuak banan bana aztertuz, baina zorrotz jokatuz, diruak neurtuz eta oro har egitura errepikatuak bateratuz.

Bigarrenik, eta espero zitekeen bezala, krisiak edo larritasun ekonomiko egoera orokorrak eragina izango du Euskal Etxeen alorrean ere, "ez Gobernuko beste departamentuetan baino gehiago, baina bai, normala denez, gainerako departamentuetan adina". Diru gutxiago izango dela Euskal Etxeean artean partitzeko alegia. Ea egun gutxi barru gehiago dakigun, besteak beste izendapenen bat izan delako.

2009/06/27

San Juan sua, Gaztemundu, eta 'datorren astean'

Egunaren luzea ezin luzeagoa da egunotan, San Juan eta udako solstizioa hurbiltzen doazen heinean; Ipar Hemisferioari dagokionean ari naiz, jakina, hegoan juxtu alderantziz gertatzen baita. San Juan suak egiteko eta garren gainetik saltatzeko ohiturak bizirik segitzen du Euskal Herriko bazter askotan eta baita Diasporan ere. Egun gutxi barru ikusiko dugu. Argentina eta Hego Konoko herrialdeei dagokienez, ordea, San Juan bezperako irudia negu irudia da: gauaren hotzean eginiko sua, azken urteotan hainbat euskal etxetan biziarazi duten ohitura. Hala nola, Argentinan, besteak beste, Resistencia, Chivilcoy, Buenos Aires, Castelli, Suipacha, Necochea, Cañuelas-en... Uruguaien, Montevideon bertan... edota munduko gainerako bazterretan Caracas, Mexiko Hiria, Erroma, Bartzelona, Madril, Elko (Nevada) edo Mallorca-n, esaterako.

Gauza txarrak erre, gauza onei lekua egiteko. Izpiritu gaiztoak uxatuz, aro berriari ongi etorria eman. Iragana gibelean utzi, geroari indar berriz ekiteko. Solstizioa eta San Juan --Donibane-- aitzeki, estakuru edo egokiera ona izan dira aldaketak gauzateko edo geure baitango ordenagailua zerbaitetan berrabiatzeko. San Juanen ondotik, uda sasoina dator Euskal Herrian. Eta azken urteotan, euskal Diaspora alorrari mugatuz, Gaztemundu: ekaina, uztaila... Aurreko batean nioen Gaztemundu 2009 Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia izendatu ez duela, eta Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria ere izendatu ez duela heldu dela. Edozein unean alda daitekeen behin-behineko egoera.

Aipatu izendapenok oraindik gertatzeke, egia berdaderoa da, ordea, aurtengo Gaztemundu martxan dela, segitzen duela aurrera eta abiadura hartua duela piloto automatikoan, Diasporarako Harremanetarako Zuzendaritzako teknikarien eskutik. Gaztemundun parte hartzeko hautatutakoen behin-behineko zerrenda plazaratua eta Euskal Herrira ekartzeko lanak hasiak, prozesuak aitzina darrai eta agian igoko da Diasporarako Zuzendari berria martxan dagoen trenera, Gaztemunduko gazte eta ez hain gazteei dagokien harrera emanez Euskal Herrira iristen direnean uztailaren 12an. Hala izan bedi, atzo asteartez ere Jaurlaritzako asteroko Gobernu Kontseilua egin baitzen, eta ez baitzen Diasporarekin zerikusia daukaten aipatu bi izendapenak batere gertatu, jende asko horien zain badago ere. Datorren astean akaso.

2009/06/17

Jo ta ke Jaurlaritzako Diasporarako zuzendari berriaz; bestalde, gaur egingo da 'Txalupa'ren zozketa

Beste aste bat aurrera doa eta berririk ez dago Jaurlaritzan Diasporarekin zerikusirik daukaten gaiei buruz. Are gehiago, Jaurlaritzak astero-astero asteartez egiten duen Gobernu Batzordea --erabakiak bertan hartzen edo ofizialtzen dira--, kendu egin da aste honetan, bertan behera utzi, joan den astekoa asteartetik ostiralera pasatu zutela-eta. Presarik ez? Gaztemundu eta gainerako programei buruzko erabakiak hartu behar dira, eta teknikari eta funtzionariek lanaren euren partea aurrera atera badute ere, buruzagien izendapenak falta dira euren epaimahaiak osatu ahal izateko. Zain gaude Kanpo Harremanetarako idazkaria noiz izendatuko duten. Oraingoz ez, ordea. Kontutan izanik izendapen hori baino beranduago etorriko dela Diasporarako gaietarako arduradunarena, noraino, noiz arte luzatuko da hau? Ea berririk lehen bait lehen ematen diguten. Lehen bait lehen... baina berri onik.

Pertsona berezi bat behar baita postu horretarako. Diasporarako, Diasporaren egitatea eta unibertso berezia ezagutzen duen edo errealitate horrekiko sentiberatasuna duen pertsona bat behar baitugu. Iraganari merezi duen errespetuz begiratu eta bertatik baliagarrien diren gauzak harturik geroa gaur eraikitzen ari garela konturatu eta, entzuten jakitearekin batera, lankide izaten, proposatzen eta euskal etxeen zerbitzura jartzen dakien gizon edo emakume bat. Euskal Etxe gehienetan jendea musutruke eta ilusioz lanean ari dela konturatu eta lanean segitzeko tresna zein animo berriak ekartzeko prest dagoena. Zuzendariaren erantzukizunik handiena ez baita dirua banatzea, euskal etxeetan ilusioa eta giro ona sortzea eta mantentzea baizik. Ahalegintzeak merezi duela sentiaraztea. Azken hau ez badago, lan egin nahi duen jenderik ez badago, alferrik baitira diru guztiak, gerorik ez badago.

Euskal Etxeak, finean, bolondresek osatutako elkarteak baitira, eta euren geroa eta abiada ona bestelako elkarte bolondresek behar dituzten tresna, baldintza eta laguntzak lortzen dituztenean bideratzen baita. Eta laguntza horiek ez dute zertan halabeharrez ekonomikoak izan beharrik, ekonomia, bistan da, garrantzitsua bada ere.

Ez nuen honetara jartzeko asmorik, baina behin hasita, Diasporarako arduradun berriari eskatuko nioke, lehen esan dudan bezala, entzule ona izatea, eta errespetuz entzuten jakitea, behar bada ondoren desadostasuna adierazteko, baina errespetua adieraziz euren denbora, ilusioak eta askotan gauza gehiago euren euskal etxeen alde ematen ari diren jendeentzat. Bururatu bezala botako dut, baina esango nuke kasu honetan ere hobe dela arrainak ematea baino arrantzan irakastea, proposamenak egitea, trukeak bultzatzea eta eskualde, nazio eta nazioarte mailako elkar-ezagutza eta harreman sareak bultzatzea. Ez erradialak beti, sare gisakoak baizik. Harremanen arloan, pauso tipiño batzuk ari dira ematen hor, esaterako, NABO eta FEVA artean, nahiz eta oraindik hastapen-hastapenean eta ongi definitu gabe egon. Bestalde, sare motako harreman hauek federazioen barruan ere beharko lirateke bultzatu, eskualde mailan-eta. Horren adibide onak badaude, baina ugaldu beharko lirateke.

Hor, hala ere, informazioak axola handia du. Informazioa lan egiteko eta mugitzeko ezinbesteko tresna da. Euskal Etxeek behar dute jakin gainerako euskal etxeak zertan ari diren, elkar ezagutzeko, konturatzeko, elkarri kopiatzeko, galdetzeko, trukatzeko, koordinatzeko. Horregatik uste dut garrantzitsua dela EuskalKultura.com bezalako tresna bat. Horretarako eta Zesarri Zesarrena emateko, bakoitzak egin duena jakiteko, horrek esan nahi duen aitortza edo errekonozimenduarekin, eta ze arraio, egiten duenak edo astero-astero dantza-taldearekin entsaio edo emanaldiak egiten dituenak baduelako harrotasun puntu baterako eta noiz edo noiz bere izena nonbait islatua irakurtzeko eskubidea.

Gehiegi --gehiago-- dibagatzen hasi aurretik, hemen geratuko naiz. Argi dagoena da, pertsona berri bat izendatzeak, ekar dezakeela amesteko aukera eta gauzak hobetuko direla pentsatzeko xantza. Optimistegia naiz? Ez dakit. Bitartean hemen gaude izendapenen zain, beha, igurika, esperoan, goaitatzen...

Gaurkoa bukatzeko, gai zinez bestelako bat. Oroitarazi nahi dut bart bukatu dela Arantzazu Amezagaren 'La txalupa de Radio Euzkadi' liburuaren zozketarako epea. Gauerdiraino iritsitako azken mezuak saskiratu, gaur zozketa egin eta biharko buletinean adieraziko dugu. [2009-06-11: Zozketan, Venezuelako El Hatillo-n bizi den Miren Karmele Atxurra atera da garaile. Ikus hemen]

2009/06/10

Buletina, Renoko Unibertsitatea, Venezuelako txalupa eta Jaurlaritzak egin beharreko izendapenak

Kaixo, irakurle. Batzuk ohartuko zinetenez, aste honetan aldaketa batzuk egin ditugu EuskalKultura.com-en. Batetik, buletina aurreratu egin dugu eta aste osoan zehar goizeko seietan (5:47ak aldera) emititzen ari gara, Euskal Herriko orduan [orain arte arratsaldeko zortzietan emititzen genuen]. Ordutegi egokiagoa dela ondorioztatu dugu zuetariko zenbaiten iritziak jaso eta gero. Argentinan eta Uruguain, beraz, eta sasoin honetan behintzat, harpidedunek goizaldeko ordubata denean jasoko duzue buletina; Caracasen, gauerdi t'erdia izanik; Txileko Santiagon eta Estatu Batuetako New Yorken gauerdia; Mexiko hiriburuan aurreko eguneko gaueko hamarretan; eta Kaliforniako kostaldeko harpidedunek aurreko eguneko gaueko bederatzietan. Sydney-n, Australian, ostera, egun bereko arratsaldeko lauetan.

Bestalde, Nevada-Renoko Unibertsitateko Liburutegiaren Euskal Adarrari ideia emanez abiarazi genuen operazioak arrakasta nabaria lortu du. Gauza zen euskal liburu multzo osoak zeuzkatela Renon 'soberan', liburutegiak bere buruari gordegai ipini dizkion gaietatik kanpo baina oso egoera onean. Gure webgunearen bitartez eginiko deialdia medio munduko hainbat euskal liburutegik eman dute izena eta eskatu dituzte Renok baliatu behar ez zituen fondo horiek, eta Renok musutruke bidaliko dizkie. Gehienbat Argentinatik, baina eskaerak iritsi dira baita ere Alemaniatik (Frankfurt), Mexikotik (DF), Kolonbiatik (Medellin) eta Espainiatik (Madril). Lan polita hartu du hor bertako Basque Library-ko liburuzain den Marimar Ubedak. Mila esker handi bat berari. Hau guztia, euskaldunen artean elkarren berri izateak duen balioa eta garrantziaren adierazgarri.

Bitartean, korritzen segitzen du EuskalKultura.com-en joan den astean abian ipini genuen zozketaren epeak. Oroitu epea datorren asteko asteartean bukatuko dela. Kitorik, urririk, debalde, musutruke edo dohain har daiteke parte. Aski da info@euskalkultura.com helbidera izenburu edo titulutzat 'zozketa' hitza dioen email bat igortzea, barnean helbide arrunta, izena, kalea, herria eta herrialdea ipiniz. Trukean, zortearen konplizitatea lortuz gero, oso liburu interesgarri bat: Arantzazu Amezagaren La txalupa de Radio Euzkadi, frankismopean Venezuelatik emititzen zuen euskal irrati klandestinoaren historia modu atseginean kontatua.

Gaiak euskal etxeetako jende askoren kezka biltzen segitzen duela badakigunez, Jaurlaritzaren Diaspora alorreko izendapenen berri ere aipatuko dugu gaurkoan. Aste honetan berririk izango zela espero genuen. Baina, batetik, Gobernu Kontseiluak asteartero egiten duen bilkura, aste honetan, gaur ostiralera pasatu da, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna dela-eta, karia hortara bilkura Gernikan egingo delarik. Baina, bestetik, aste honetan izendapenik izango ez dela jakin ahal izan dugu. Aldiz, segurtatu zaigu Kanpo Harremanetarako arduradunaren izendapena, datorren astean hartuko duela Gobernu Kontseiluak. Ea bada. Egitura aldetik-eta, izen berria bai, baina ez da Gobernuaren sail honetan aldaketa handirik espero, euskal etxeen alorrari dagokionean behintzat.

2009/06/04

Eusko Jaurlaritzako aldaketez, Arrecifeseko euskal doluaz eta Gernika-AEB truke batez

Egiari zor, euskal etxeekin etengabeko harremanetan ari denak nabaritzen du kezka eta arrengura, eta agian urduritasun edo eroamen-falta pixkat ere Eusko Jaurlaritzan gertatutako aldaketaren ondoko berririk ezaren aurrean. Batere  berririk ez baitago, edo ez da batere plazaratu, Lopez lehendakari berriak euskal etxeen arloari buruz dauzkan edo izan ditzakeen proiektuez. Iritziak plazaratu dira, bai, Diasporan, baina datuetan oinarrituta ez daudenez, ezin kasu handirik egin.

FEVA eta NABO, bitartean, zuhur ari dira. Zain, beste asko bezala, izendapenik gertatzen den arte. NABOk, bere azken bilkuran erabaki zuenari jarraiki, egun batzuk eman eta elkarrizketa eskatuko du Josu Legarretaren ordezko gizon edo emakumearekin, elkar agurtu eta iritziak eta ikusmoldeak trukatzeko. FEVAn, bere barruko euskal etxe batzuek besterik egin nahi badute ere, gertakizunen zain egotea erabaki da baita ere, sinesgarritasunik eman gabe une honetan, Administrazio berriak euskal etxeak kentzearen alde edo jokabide ezabakorra eta murrizkorra hartuko duela esaten dutenei.

Bitartean, buletin honetan zegokionean esan genuenez, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak joan den asteartean kendu zuen Josu Legarreta hogei urtez izan duen postutik eta horrek gaur bertan izan du isla eta erabat ofizialdu du Aldizkari Ofizialak. Espero da, bestalde, Eusko Jaurlaritzak datorren astearteko Kontseiluan izendatzea Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi gisa Iñaki Agirreren ordea hartuko duena, bulegoari izen bera emanik edo izena aldatuz. Suposa daiteke, izendapen horren ondotik, askoz gertuago egongo dela Legarretaren ordea hartuko duen pertsonarena.

Bitartean, normaltasunez segitzen dute Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako eguneroko lanek, horien artean uztailean izango den Gaztemundun parte hartuko duten gazteen hautatze prozesuak, euskal etxeen deialdi orokorrak edo larritasun egoeran daudenei zuzendutakoak.

Gaia erabat aldatuz, dolu hotsak heldu zaizkigu Argentinako Arrecifesetik, joan den igandean hil baitzen bertako Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko idazkaria, edo bera ezagutu zuten jende askorentzat, lahgun bat eta pertsona adeitsu, adoretsu eta eder bat. Bizitasuna eta aurrera egiteko guraria ezaugarri, Mimi Moisello Zabaletak lagun asko utzi ditu, eta utzi ere tristerik. Azken asteotan nabaritzen zen euskal etxean, eta aipatzen zuten oso egoera larrian zegoela, eta azkenean duela gaur astebete gertatu zen berri lazgarria. Astelehenean ehortzi zuten Arrecifesko kanposantuan hainbati indarra eta etsenpluaren indarra eman zion emakume hau.

Eta hau da ia guztia gaurkoz. Datorren astea Necocheako Ikastola sortu berriari buruzko artikulu batekin hasiko dugu. Barkatu esan beharra daukat, bestalde, datorren asterako utziko baitugu gure irakurleen artean egin behar dugun zozketaren berria. Ahal duguna egiten dugu. Azken lerro hauek baliatuko ditut oroitarazteko badela Gernikan 15 urteko neska gazte bat, ESOko 4. maila egiten ari dena, datorren ikasurtea (2009-10) Estatu Batuetan egin nahiko lukeena. Truke bat egin nahiko luke bere familiak eta neska Estatu Batuetara, jatorri euskalduneko familia batera High School egitera bidali eta eurak hango mutiko edo neska bat hartu, Gernikan. Truke honetan interesik izan dezakeen inor ezagutzen baduzu, aski duzu info@euskalkultura.com helbidera idaztea.

2009/05/29

Tangoaren goibela EHn, eta Jose Mari Fernandez Arrubarrenaren heriotza Mexiko hiriburuan

Asteburu luzea honakoa Argentinan, astelehena Maiatzaren 25a baita, '25 de Mayo', aberri-jaia, eta hiru eguneko asteburua, beraz, errepublika osoan. Euskal Herrian diren argentinarrek, jai egunik ez, baina --tangoa maite duten uruguaitarrekin eta oro har tangoa maite duten guztiekin batera-- Rio de la Platako giro mota bat behintzat irudikatu edo gauzatu ahal izango dute gaur, Bilbo aldean badira behintzat, gaueko bederatzietatik aurrera Tangoaldi berezia egingo baita La Hacerían, Deustuko Erriberan, sarrera hiru euro.

Festarik ez eta, aldiz, pena eta dolua Mexikoko euskal komunitatean, 30 urte zituela hil baita bertan Jose Mari Fernandez Arrubarrena, Euskal Etxean eta bertako euskaldunen artean oso ezagutua den familia bateko kide. Elizkizunak asteazkenean egin ziren Mexiko hiriburuan, baina seguruenik deituko dira haren oroimenez hitzordu gehiago. Hemendik ere geure doluminak Fernandez Arrubarrenatarrei: bere guraso, anai-arreba eta ahaide eta lagunei.

Aste honetan hemen utziko dut.

[Estatu Batuetan, Kalifornian, Bakersfield-eko euskaldunak prestatzen arituko dira euren piknika asteburu honetan ospatzeko, bisitari europarrekin eta guzti. Bihar larunbata pilota erakustaldi eta txapalekteak izango dira Kern County Basque Cluben egoitzan. Eta igandean ohiko piknika, Euskal Herritik etorritako kirolari eta pilotariekin (Pedro Eulate, Fernando Goñi III, Jon Apezetxea, Alberto Ongay...). Ikus hemen programa. A, Estatu Batuetan ere astelehena jai da, kasu honetan Memorial Day ospatzen baita]

Baina hemen utziko nuela esan dut. Datorren astean aldaketa eta sorpresa batzuk iragarriko ditugu EuskalKultura.com-en.

2009/05/22

Berririk ez, berririk ez...

Azkeneko sarreran genion egun gutxi barru izango genuela, Eusko Jaurlaritzaren baitan Kanpoko Euskal Gizataldeen Harremanetarako Zuzendaritzari --Diasporaz arduratzen den eremuari alegia-- dagozkion aldaketen berri. Egia esateko, ez dakigu egun horiek asko ala gutxi izango diren, erabakia erabat Patxi Lopez lehendakari berriaren eskuetan baitago. Datorren astean izango, hurrengoan agian?

Kultura sailaren kasuan, goi mailako aldaketak eginak dira eta dagoeneko hartua du Blanca Urgell gasteiztarrak Miren Azkarateren ordea. Gauza bera Patxi Baztarrikari dagokionez --hau ere ezagutua Diasporan--, Ramon Etxezarretak ordezkatu baitu.

Bitartean, gaurko aldizkari ofizialak ekarri du Iñaki Agirre orain arteko Kanpo Harremanetarako idazkari orokorraren zese edo uztea. Despedida gutuna ere bidali die munduko euskal etxeei. Bere ordea hartuko duenaren izendapenik edo berririk ez dago ordea. Postu horretarako norbait izendatu behar du Lopez lehendakariak, eta hori egin ondoren, izendatutako honek beharko du bere ekipoa hautatu, horien artean Diasporaz arduratuko den zuzendaria. Bitartean, eta aldizkari ofizialak besterik dion arte, Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendari karguan segitzen du Josu Legarretak.

Dagoeneko joan direnen artean, beste despedida gutun bat heldu da euskal etxeetara, Legarretaren ekipotik bidalia. Orain arte bulego horretako komunikazio harremanetarako aholkularia izan den Joseba Arregik eurei bidalitako gutuna interneten ipini du Estatu Batuetako NABOko sustatzaile John Ysursak erakunde horren webgunean.

Gaia zinez aldatuz, ez naiz hemen Athetic-en partidaz arituko, nahiz eta badakidan segimendu polita izan duela Diasporako hainbat tokietan joan den asteazkenean Bartzelonaren kontra jokatu zuen Kopako partidak. Aipatuko ditut, ordea, eskuartera etorri zaizkidan efemeride batzuez, gehienbat literatur e-mailuak eta Armiarma ekimenei esker. Esaterako, maiatzean, baina 1910eko maiatzaren 6an, hil zen Argentinako Rosarion Pedro Mari Otaño euskal bertsolari handia eta Diasporari zeharo lotua. Eta, gaur egunera etorriz, apirilaren 30ean, baina iaz, Henrike Knörr, Diasporan ibilitakoa bera, Estatu Batuetan eta Argentinan, esaterako. Momentu bat edo beste partekatu genuen berarekin batean zein bestean.

Mar del Platako udaletxe argentinarretik adierazi digute apirilaren 28an eman ziotela Zerbitzu Solidarioaren mereximendu edo errekonozimendua bertako Denak Bat Euskal Etxeari. Hiri horretako Gobernuz Kanpoko Erakundeekiko Zuzendaritzak eta Mar del Platako Kontzeju Deliberantearen erabakia izan da, gehienbat "Pueyrredon-eko Partidua leku justuagoa eta berdintsuagoa bilakatzeko ahaleginean" lankide izateagatik.

Gaurko sarrera iragarkitxo batekin bukatuko dugu. New York inguruan nanny edo haurtzain baten bila bazabiltza, hona hemen aukera ona. Amaiur-ek, bertan bizi den 25 urteko neska hondarribitar batek, bere burua eskaintzen du lan horretarako. Eskarmentua badu eta erreferentziak eskaintzen ditu, Euskal Herrikoak zein Estatu Batuetakoak. Etxeko lanetan ere lagun dezake. Euskara, ingelesa eta gaztelania mintzo ditu. Interesatuta bazaude, aski duzu emaila idaztea, honako helbidera: amaiur.o@hotmail.com, edota, telefonoz, 1 (646) 593-3178 zenbakira deitzea.

2009/05/15

Egun gutxi barru

Gauza dexente ari da pasatzen Euskal Herrian egunotan. Guk, hemen --irizpide bat da--, Euskal Etxeekin edo Euskal Gizataldeekin zerikusia daukatenak soilik aipatu ohi ditugu. Honi dagokionez, esan dezagun, atzo Gernikan kargua zin egin zuen Patxi Lopez lehendakari berriak behin aipatu zituela, bazterretik, aipatu ere, munduko euskaldunak, lehendakari hautatu zuen Legebiltzarraren aurrean eginiko hitzaldian. Hau da pasartea:

"Euskal gizarteak ezaugarri duen baloreetako bat aniztasuna da, eta honek eragina dauka bizikera eta elkarrekin bizitzeko moldeengan, eta baita nortasun kolektiboaren eraikuntzan ere. Gaur egun  ezin da ulertu zer den euskalduna izatea immigranteak gabe, duela urte batzuk Espainia barruko immigranterik gabe ulertu ezin zen bezala, edo kanpoko euskal gizataldeak gabe, guk nahi ala ez 'euskaldun izatea' ez baitu formula kimiko batek ematen, edo definizio etniko edo odol mota batek".

Galderek eta kezkek segitzen dute egun hauetan, Eusko Jaurlaritzak hartuko duen ildoari buruz. Hala datozkigu. Lasai egoteko esaten diegu guk galdetzen digutenei. Printzipioz, aurrera darraite abian zeuden programa eta ekimenek eta denborarekin ikusiko da arlo honetako buruzagi berriak, izendatzen dituztenean, sartu nahi izango duten zigilua. Oraintxe bertan, beraz, eta deialdi orokorrari eta Gaztemundu bezalako egitarauetan, ez dirudi aldaketarik izango denik.

Tira, aldaketak bai, hasteko, ia betidanik 'Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza'ren ardura izan duen Josu Legarretak, orain arteko Jaurlaritzako beste kargu askok bezala, asteartean ikusiko du bere 'uztea' edo zesea argitaratuta aldizkari ofizialean. Hala iragarri da behintzat. Eta, bistan da, kargu horretarako izendatuko duten pertsona berriak gauzak egiteko bere estiloa eta bere ideia propioak izango ditu, normala denez. Zain egotea tokatzen da, beraz.

Kronologiari dagokionez, bihar larunbata, gobernuko sailburu izendatu berriek euren karguak zin egingo dituzte, eta hor hasiko dira euren sailen barruko organigramak osatu eta izendatzen. Batzuk diote datorren astean bertan izendatuko dutela Diasporarako zuzendari berria. Xurrumurruek izen batzuk aipatzen dituzte baita ere, baina hori, xurrumurru besterik ez direnez, eta bat baino gehiago, ez ditugu hona ekarriko.

Bitartean, joan den asteartean bukatu zen Jaurlaritzaren Euskal Etxeentzako dirulaguntzak eta egoera larrian dauden pertsonentzakoak eskatzeko epea. Gaztemunduren epea, berriz, hilaren 25ean bukatuko da (Argentinako Euskal Ordezkaritzan entregatzen direnak salbu, horiek 22an). Argentinako Mar del Platako Euskal Etxekoek idatzi digute esateko gaur iluntzean, zortzietan, Udalbideko Bixente Arozena eta Ramuntxo Camblong errezibituko dituztela. Eta jarraitzen du datorren 11era arte Buenos Airesko Liburu Azokak eta barnean dagoen euskal standak; asteazkenean, izan ere, 'Florencio de Basaldua, un vasco argentino' liburua aurkeztu zuten. Bartzelonako Euskal Etxean, Mihiluze eta bertso-afari bat iragarri dute biharko eta bihar bertan Buenos Airesen Herri Urrats antolatu dute Iparraldeko Euskal Etxekoek. Etzi, berriz, Lapurdiko Senperen izango da Herri Urrats originala.

Bestalde, Euskal Herrian bertan ezezik munduko beste hainbat lekutan athletic-zaleak bor-bor ari dira ekipo euskaldunak Bartzelonaren kontra Valentzian jokatu behar duen Kopako finaleko partida non eta nola ikusi antolatzen, hala nola Londresen, New Yorken, Madrilen, Miamin, Bartzelonan, Parisen... [honetan, neu bezala futbolaz batere arduratzen ez dena ere nahitaez enteratzen da] Datorren astelehenean argitaratuko dugu artikulua horri buruz. Bitartean, Estatu Batuetan joan den asteburuan izan zen Kalifornian Fresnoko Euskal Piknika eta datorren astekoan izango da Los Banosekoa. Munduak aurrera darrai.

2009/05/08

NABOko kontuak eta Boiseko Filarmonikoa euskal musika jotzen, Jose Luis Egiluz zuzendari

Renotik (AEB), bertako Nevada-Renoko Unibertsitatetik doa gaurkoa. Joan den larunbatean, NABO Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioak Salt Lake Cityn (Utah) egin zuen bilkuran parte hartu genuen eta ondoren Renorako bidea tokatu zaigu, aste hasiera Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies edo Euskal Ikasketa Zentroan igarotzeko, zenbait material biltzen eta, interneterako hemen dauden erraztasunak baliatuz, honakoa bezalako pare bat lantxo lasai idatzi eta argitaratzeko.

Esan bezala, Salt Laken bildu zen NABO larunbatean. Urtean, federazio honek partaide dituen euskal etxeetako ordezkari guztiak deituz egiten duen hiru bileretako bat izan zen, 2009ko lehena. Aurtengo hurrengoa, urteko nagusia, uztailean Renon egingo da, hi bezala NABO Convention izenpean, eta bertan, besteak beste, NABOko lehendakari berria hautatuko da; egungoak, Utah-ko Mary Gaztambidek, 2008-2009 bere azkeneko agintaldia izango zela iragarri zuen iaz berrautatu zutenean. Hautagaitzak aurkezteko epea zabaldua du, beraz, erakundeak.

Larunbateko bileran, Miren Azkaratek hartu zuen parte gonbidatu gisa, HABEko Kinku Zinkunegirekin batera. Sailburuak balantze bat egin zuen Euskal Herrian azken urteotan euskararen ezagutzak izan duen bilakaeraz, eta baita ere Diasporan --tartean Estatu Batuetan-- gehienbat euskal etxeak medio garatu eta garatzen ari diren euskara ikasketez. Bistan denez, despedida moduko bat izan zen, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu gisa azkeneko bidaia baitzuen asteburu honetakoa, azkar-azkarra: ostiralean abiatu Euskal Herritik, larunbatean bilkuran parte hartu eta igandean itzulera berriz ere Euskal Herrira.

Larunbatean eta Salt Lake Cityn bertan, Utah-ko Euskal Etxeak bere 26. Euskal Festa eta Dantzaldia (Basque Festival & Dance) gauzatu zuen. Gehienbat publiko amerikarrarentzat eginiko ekitaldia da, aurtengoan ere 400dik gora partaide bildu dituena, iaz baino zertxobait gutxiago --krisiaren eraginak--  eta formatotzat afaria, euskal dantzen emanaldia eta berbena edo erromeria dituena (azken hau Jean Flesher musikari euskal amerikarraren kontu). Sarrerekin ateratzen den dirua, euskal klubaren eta Utah-ko Triskalariak bere dantza taldearen aurrekontua laguntzeko da.

Estatu Batuetatik atera gabe, joan den astean bertan, pixkat Iparralderako, Boisen, euskal eta espainiar programa klasiko polita estreinatu zuen ostiralean Idahoko hiriburuan Jose Luis Egiluz zuzendari eta musikari getxoztarrak Boiseko Orkestra Filarmonikoarekin batera, Guridi, Arriaga, Rodrigo, Falla eta Rimsky-Korsakov-en obrez. Jose Luis, Euskal Herriko euskalduna izanik, aspaldidanik dago Boiseri lotua, bertakoa dauka emaztea, Michelle Alzola euskalamerikarra, eta Boiseko euskal komunitatearen ekimenetan kolaboratzaile handia izan da.

Euskal Herrian bizibidez Institutu zuzendari, Ameriketan zuzendari eta musikari gisa, zenbait proiektu gauzatu izan ditu bertako orkestrekin eta Biotzetik abesbatza boisetarrarekin euskal musika zabaltzen eremu hauetan. Askok zirraraz oroitzen dute oraindik Jaialdi festa erraldoian orkestrak eta abesbatza gogoz zuzentzen eskaini zuen emaitza bertan lehenago inoiz ez ikusi eta entzuna.

2009/04/22

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik