Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jabier Muguruza musikari eta idazleak lau kontzertu emango ditu Katalunian Konplizeak lan berria aurkeztuz

Jabier Muguruza musikari eta idazleak lau kontzertu emango ditu Katalunian Konplizeak lan berria aurkeztuz

2008/02/20

Konplizeak Jabier Muguruza abeslari eta idazlearen lan berria da. Diskoko kantak aurkezteko Katalunian lau eguneko bira egingo du bihartik igandera bitartean L´Hospitalet de Llobregat, Lleida, Tarragona eta Cornellá de Llobregaten. Berarekin batera Angel Unzu kitarjolea eta Mireia Otzerinjauregi kantaria arituko dira. Ondoren, Tolosan, Atarrabian, Gasteizen eta Sestaon arituko da euskal musikaria.

Jabier Muguruza euskaldunak Katalunian zehar lau eguneko bira egingo du bihartik igandera bitartean. Egun horietan L´Hopitalet de Llobregat (bihar bertan), Lleida (etzi), Tarragona (etzidamu) eta Cornellá de Llobregaten (igandea) arituko da 2007an ateratako Konplizeak diskoa aurkeztuz. Emanaldi hauetan Angel Unzu kitarjolea eta Mireia Otzerinjauregi kantaria izango ditu lagun taulagainean.

Konplizeak diskoan Muguruzaren ohiko giro dotore eta lasaia aurki daiteke, hiru osagai nagusiekin: Jabierren ahotsa eta eskusoinua, Angel Unzuren kitarra eta Mireia Otzerinjauregiren koroak. Gainera, luxuzko hiru gonbidatu ditu diskoak: Martirio, 80. hamarkadan kopla mundua irauli ondoren, azken urteotan kopla, bolero, jazz eta flamenkoa uztartuz lan interesgarriak kaleratzen ari dena; Gorka Benitez, aditu askoren ustetan espainiar estatuko saxo tenorerik onena gaur egun; eta Duquende, flamenko munduan 'Camaronen oinordekotzat' hartzen dutena. Beste alde batetik, Jabier Muguruza Tolosan, Atarrabian, Gasteizen eta Sestaon arituko da Kataluniatik bueltan.

Muguruza, konpositore eta idazle

Jabier Muguruza 1960an jaio zen Irunen, eta bost urte zituela musika munduan murgildu zen. Akordeoiarekin kontzertuak ematen hainbat urtez aritu ondoren, proiektu ezberdinetan parte hartzen hasi zen. Kantautore gisa 1994an hasi zen lanean eta orain arte honako lanak kaleratu ditu: "Boza barruan" (Elkar 1994), "Kitarra bat nintzen" (Elkar 1996), "Aise" (Elkar 1997), "Fiordoan" (E. Ozenki 1999), "Hain guapa zaude" (Metak 2001), "Enegarren postala" (Resistencia 2003), "Liverpool-Gernika" (Hirusta Records 2004) eta "Abenduak 29" (Resistencia 2005). Testuak Muguruzarenak berarenak dira batzuk, eta, gainerakoak, Iñaki Irazu, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, J. Luis Padron, Inazio Mujika eta Xabier Leterenak, besteak beste.

Literatur lanari dagokionez, Erein argitaletxean haurrentzako sei liburu argitaratu ditu Muguruzak: "Sei lagun, sei sekretu" (1994), "Gabon Guanito" (1995), "Sebas leihotik begira" (2001), "Zubi misteriotsuan" (2001), "Asteburu bat tren zaharrean" (2004) eta "Amapola oporretan" (2006); baita helduentzako beste bi ere: "Bizitza pusketak" (1996) eta "Laura kanpoan da" (1999). Modu berean, azken urteotan, artikuluak idatzi ditu hainbat komunikabidetan.


Lotura interesgarriak

Jabier Muguruzaren web orrialdea
www.jabiermuguruza.net

Konplizeak diskoari buruzko informazioa
www.e-boza.com

Jabier Muguruza idazle moduan
Zubitegia
Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Jabier Muguruza musikari eta idazleak lau kontzertu emango ditu Katalunian Konplizeak lan berria aurkeztuz

Jabier Muguruzak Katalunian aurkeztuko du bere azken diskoa