Hemen zaude: Hasiera Oroimenean Pello Aranburu
Dokumentu Akzioak

Pello Aranburu

2008/09/30

Madril, Espainia

Madrilgo Euskal Etxearen urrezko liburuan toki berezitua daukan Pello Aranburu hil da bart, 78 urte zituela. Pello Aranburu Fernandez de Garaialde donostiarra zen eta aspalditik bizi zen Madrilen. Besteak beste, Euskal Etxeko presidentea 1995 eta 1996an eta idazkaria ere izana zen zenbait urtez. Bere gorpua gaur arratsaldeko zazpietan erreko dute Madrilgo Almudena kanposantuan. Goian bego.

[Hona hemen Madrilgo Euskal Etxeak zabaldu duen oharra bere heriotza dela-eta)


(2008ko irailaren 30a. Astelehena eta asteartearen arteko gaua)

Ilundu egin du Madrilen eta Euskal Etxean. Orain inoiz baino ilunago dago.

Pello Aranburu gugandik urrun atsedena hartzen ari da dagoeneko. Baina hain hurbil, ze ia-ia senti dezakegu. Haren itxura eta izaera, haren txapela, ahotsa eta hain berea zeukan adar jotze modu hori, euskaldun peto-petoarena.

Pello, nola aldendu zara gugandik ezertxo ere esan gabe?

Baina hori zure betiko jokabidea zen.

Zuhurra, adar jotzailea, trufaria, bihotz handikoa zen, baina aldi berean maitekorra eta jatorra, paregabea eta hain berezia. Beti abisatu gabe azaldu ohi zen, ustekabean.

Edo azken boladan bezala, batzarretara hasi gabe edo bukatuta zeudenean joaten zenean. Pelloren modura.

Hau ez da oroitzapen edo minerako ordua, baina. Euskal Etxeak inoiz baino sendoago dirau, zuri esker. Zaila bestela izan.

Arestian gure etxearen XXV. urteurrena ospatu genuen, zuk erakunde honentzat bilatu zenuen egoitzan, hain zuzen, eta segur aski zu inor baino gehiago poztu zinen Hileras kaletik Jovellanosera etorri ginenean.

Eta besterik ez. Orain, guri begira zaude zure Euskal Herri kuttuna babesten duen zerutik, baita hain luzaz bizi izan zinen Madrilgo auzotik ere. Madril zugatik negarrez egongo da. Eta Euskal Herri osoa.

Baikorrak gara, ordea, eta badakigu zer esango zenigukeen: Beti aurrera! Horixe, beti aurrera, baina inor ahaztu gabe. Euskal Herria zu bezalako lagunez beti oroitzen baita. Eta Euskal Etxea ez da jada berbera izango. Adiorik ez, Pello gurea.

Minez bat eginda.

Goian bego.

Euskal Etxearen Gobernu Batzordea