Hemen zaude: Hasiera Oroimenean Gotzon Garate
Dokumentu Akzioak

Gotzon Garate

2008/10/08

Bilbo, Euskal Herria

Minbiziarekin borroka gogorrean ibili eta gero, bart hil da Bilbon Gotzon Garate (Elgoibar, 1934) euskal idazle, euskalari, apaiz eta irakaslea. Besteak beste, lotura handia zeukan New Yorkekin eta hori islatu egin zuen ugaria duen obran. Berak bildutako Euskal Atsotitzen lana da Diasporatik gehien kontsultatutako bere emaitza, zenbait loturaduna euskal etxeen webguneetatik. Biografia eta obra osoa, hemen. Bere aldeko elizkizunak bihar osteguna, urriaren 9an, egingo dira, arratsaldeko zazpietan, Deustuko Unibertsitateko Kapera Gotikoan.

Hona iloba Ainhoa Lendinez kazetariak Gotzon osabari Sustatu-n orain minutu batzuk eskaini dizkion lerroak:


AGUR ETA OHORE
Ainhoa Lendinez Garate ¦ 2008-10-08 ¦ 09:24

Bart ez dut lo sakonik egin. Atzo ezkila hotsak nituen buruan. Jira eta buelta izara artean. Esnatu naiz, inoiz lorik hartu badut. Eta ezkila hotsek zugana eraman naute. Joan zara. Ikaragarri sufrituta. Ezin esango dizut orain, lehen esan ez dizudanik. Baina paperak zuriz uztea baino gauza gogorragorik gutxi da.

Uda aurretik joan behar omen zenuen, eta uda ostean joan zara. Negua baino gogokoago zenuelako uda, seguru. Negu gorriari ihes egin nahi izan diozula pentsatuko dut beti, eta udaberriko lore artean imajinatuko zaitut zure bide berrian. Izan dadila loretsua hemen izan duzunaren pare. Liburu bat besapean, eta irribarrea aurpegian, gazteekin solasean.

Euskal Literaturaren urrezko orrietan geratuko zara betiko. Hedabideek lau haizetara zabalduko dute zure izena. Baina ororen gainetik, gertu izan zaitugunok lagun, aholkulari eta osaba izango dugu gogoan beti. Zenbat on jaso dugun zugandik, zenbat oroitzapen utzi diguzun.

Izan zaitez beti zu, osaba Gotzon laguna.

Elgoibarren, 2008ko urriaren 8an.