Hemen zaude: Hasiera Bideoak
Dokumentu Akzioak

Bideoak

Maila bat gorago
Euskaldunen seme-alabak Madrilgo Euskal Etxean euskara ikasten

Euskaldunen seme-alabak Madrilgo Euskal Etxean euskara ikasten

2009/06/22

Honako albiste laburra eman du Euskal Telebistak bere lehendabiziko kanaletik joan den igandean, ekainaren 21ean, Madrilgo Euskal Etxean ematen diren euskara eskolei buruz, orain kurtsoa amaitu berria denean.

Read More…

Halaxe bizi dute euskal festa USAko euskaldunek: Bakersfield 2009

Halaxe bizi dute euskal festa USAko euskaldunek: Bakersfield 2009

2009/06/01

Maiatzaren 23 eta 24an --Estatu Batuetan 'Memorial Day' asteburua denean--, egin berria dute Kaliforniako Bakersfield herrian bertako Euskal Besta. Bertara bildu zen Nancy Zubiri kazetari euskal-estatubatuarra. Interneten eta --nork daki, menturaz baita idatzian ere-- 'Euskal Kazeta' ekimena gauzatu nahi du Nancyk. Euskal komunitateen berriak emateko ahalegin horretan egina du honako bideoa, Robert Lopez bere senar eta kazetaria ere dena kamera eta editaia lanetan. Zortea opa diogu lagun dugun Nancy-ri bere ekimenean. Mila esker bideoarengatik.

Read More…

HIRU HARRI: Ekainaren 5-6an, Arretxinagako baselizan

HIRU HARRI: Ekainaren 5-6an, Arretxinagako baselizan

2009/05/25

Hitzordua ekainaren 5 eta 6an, Euskal Herrian dabiltzatenentzat, Bizkaiko Arretxinagako baselizan da, Markina-Xemeinen, gaueko 10:30etatik aurrera. Hiru Harri 2009 gauzatuko da, musika, irudia eta zaporeak elkarrekin uztartuz, paraje zoragarri horretan "iraganetik etorkizunerako ibilbide zirraragarria" eginez, antolatzaileek agintzen dutenez. Gastronomia partean, pintxoak Mexikon jaiotako Pantxo Bedialauneta sukaldari ondarroarrak hornituko ditu; musika, berriz, Prefostak eta Unanuek ekarriko dute, eta Mikel Alonso eta Yolanda Eizagirreren irudiak . Informazio gehiago, hiruharri@yahoo.es.

Read More…

Julie, Alaina, Spencer eta Annie, Boiseko Txalapartariak

Julie, Alaina, Spencer eta Annie, Boiseko Txalapartariak

2009/05/18

Idahon, Oinkari euskal dantza taldeko Annie eta Alaina Gavicak, 'Amuma says no' taldeko Spencer Martin-ek eta Julie euren lagunak taldetxo bat sortu eta txalaparta jotzeari ekin diote Estatu Batuetako Boisen. Lauak Estatu Batuetan jaioak, molde eta estilo berezia ekartzen diote musika tresnari. Boisen, Txantxangorriak euskal musika eskola hasia da txalaparta ikastaroak eskaintzen. Entzun Boiseko Anduiza pilotalekuan grabatutako irudiak eta zerorrek erabaki (bideoa, Alaina Gavica; mila esker baita Lael Uberuagari ere).

Read More…

Donostia hautagai 2016ko Kulturaren Europako Hiriburu izateko

Donostia hautagai 2016ko Kulturaren Europako Hiriburu izateko

2009/05/04

Aste honetako astelehenean aurkeztu da Bruselako Euskal Ordezkaritzan, Donostia 2016ko Kulturaren Europako Hiriburu izateko hautagaitza, besteak beste Odon Elorza Donostiako alkatea eta Edorta Azpiazu Hiriburutza Bulegoaren koordinatzailea bertan izanik. Bideo ikusgarri honek Donostiaren hautagaitza bultzatu nahi du. [oharra, Iruñea ere ari da gauza bera eskuratu nahian]

Read More…

'Bidekoaz' poema irakurtzen Buenos Airesen

'Bidekoaz' poema irakurtzen Buenos Airesen

2009/04/27

Jose Angel Irigaray Tere Irastortzaren 'Bidekoaz' poema irakurtzen Euskaltzaleak elkarteak antolatu zuen irakurraldi poetiko musikalean. Irigaray, Xamar idazlea eta Ruper Ordorika kantaria Buenos Airesen izan dira egunotan Nazioarteko Liburu Azokan parte hartzen (bideoa EuskalKultura.com)

Read More…

Xiberoaren azken agurra, kantuz, aita Martxel Tillous-i

Xiberoaren azken agurra, kantuz, aita Martxel Tillous-i

2009/04/22

Xiberoak eta Euskal Herri osoak lagunei ematen zaien azken agurra eskaini zioten apirilaren 3an aita Martxel Tillous-i. Bere sorterri Eskiulako elizan Bolikosta eta Afrika, Parise eta Kalifornia eta Estatu Batuetatik heldu lekukotasunak irakurri eta aurkeztu ziren, baita bertsuak ere lagunari propio idatziak. Xiberoak bere ahots behinenak --Bordachar, Etxekopar, Bedaxagar eta Arotze-- igorri zituen seme zenduaren agurtzera. 'Herio' eta 'Goizian argi hastian' kantuek oihartzun berezia lortu zuten zerraldoaren aitzinean. Ez zen bere 74 urtetan sobre luze bizi izan Martxel Xiberoan, baina beti eraman zuen bihotz-begietan atxikia. Bideoak 'Goizian argi hastian' biltzen du (irudia EuskalKultura.com).

Read More…

Euskal Gaua Idaho Stampede taldearekin

Euskal Gaua Idaho Stampede taldearekin

2009/03/26

Boiseko euskal komunitateak Euskal Gau bat antolatu zuen herriko Idaho Stampede taldearekin batera. Boiseko Ikastolako umeek jokalariei harrera egin zieten eta Oinkariko dantzariek aurreskua eta beste dantza batzuk eskaini zituzten kantxan (bideoa EITB)

Read More…

Korrika badator!

Korrika badator!

2009/03/18

Euskal Herriko hiri eta herriak, eta baita Diasporako hainbat euskal etxe ere, prestatzen ari dira jada Korrika 16ri harrera egiteko. AEk-k antolatzen duen lasterketa euskaltzalea martxoaren 26ean hasiko da Tuteran (Nafarroan) eta apirilaren 5ean bukatuko Gasteizen. Abiatzeko eguna heldu bitartean, korrikalariek abesti ofizialaren bideoarekin dantza eginez berotzeko aukera dute. Betagarri taldea da kantari, Jon Maia bertsolariak idatzitako testuarekin. Abestiaren letrak Korrikaren webgunean daude eskuragarri: www.korrika.org.

Read More…

Egin zaitez euskara irakasle AEBetan!

Egin zaitez euskara irakasle AEBetan!

2009/03/09

NABO, AEBetako euskal etxeen federazioa, euskara irakasleen bila dabil! Elkarteak eta HABEk trebatuko dituzte irakasleak eta gero hauek euskal etxeetako eta internet bidezko euskara klaseen kargu hartuko dute. Izaskun Kortazar da egitasmo honen koordinatzailea eta parte hartu nahi dutenei nora jo eta zer egin azaltzen die bideo honetan. AEBetan euskara ikasi nahi izanez gero ere, jo harengana! (izaskunkortazar@gmail.com)

Read More…

Bideoak

Atal honetan diasporarekin zerikusia duten bideoak gehituko ditugu. Batzuk guk geuk sortutakoak; beste batzuk, sarean aurkitu ditugunak.