Hemen zaude: Hasiera Albisteak 'Ahotsak' Abesbatza, Pergaminoko Euskal Etxearen beste kultur proposamen bat komunitatearekiko

'Ahotsak' Abesbatza, Pergaminoko Euskal Etxearen beste kultur proposamen bat komunitatearekiko

2009/12/08

2007. urtean jaio zen Pergaminon 'Ahotsak' Abesbatza Martin Aguilar musikari gaztearen gidaritzapean. Nahiz eta bere aldetik sortu, gaur egun Pegaminoko Lagun Onak Euskal Etxea ordezkatzen du bai euskal komunitateak antolatutako ekitaldietan baita toki edo nazio mailan egiten diren koruen topaketetan ere. 'Taldea gaztea da oraindik baina lan handia egiten ari gara' azaltzen dio bere zuzendariak EuskalKultura.com-i, eta gehitzen du: 'Urte hauetan beste abesbatza batzuekin egoteko aukera guztiak aprobetxatu ditugu eta oso aberasgarria izan da. Pergaminoko kultur arloan ere gure ekarpena egiten ari garela uste dugu'. Euren errepertorioa zabala da oso, eta euskal abestiez gain, Argentinako eta Hego Amerikako kanta klasikoak ere interpretatzen dituzte. 2009an, bestalde, Mendelssohn-en sei lied-en ziklo bat prestatu du.

Pergamino, Argentina. 2007an sortua izanik jarduera laburra du oraindik 'Ahotsak' abesbatzak baina bi urte hauetan ibilbide polita egin du. Duela urte bete, 2008ko abenduan hain zuzen, eta Ascension herriko abesbatzak gonbidaturik, 'Zamba Quipildor' taldearekin Misa Criolla abestu zuen.

Euskal komunitateari dagokionez, Ahotsak-ekoek beti jartzen diete musika euskal etxeko ekitaldiei. Hiriko Gizataldeen Azokan, adibidez, kolektibitate ezberdinetako publikoari euskarazko kontzertu bat eskaintzeko ardura hartu zuten joan den urrian. Bestalde, iaz bezala aurten ere jaso dute abeslariek Tandilen egiten den euskal abesbatzen topaketan parte hartzeko gonbitea. Iaz hor izan ziren eta aurten ere bai, azaroaren 14an, hiriko Gure Etxearen urteurrenaren ospakizunetan. Pergaminoko korua tauletara igo zen Cañuelas, La Plata eta Tandilgo bertako abesbatzekin batera. Lagun Onak Euskal Etxearen ordezkariek Txakolin eta Aldapeko abestu zituzten euskaraz eta gero, errepertorio klasikoko kanta batzuk ere abestu zituzten, tartean, Ipharadisi, Prende la vela, Periquito eta Bullerengue.

Sortu zenetik, Lagun Onak Euskal Etxeko taldeak oso proiektu zehatza izan du buruan: urtean behin nazio mailako beste abesbatza batekin emanaldi bat antolatzea. 2008an hasi zen ideia gauzatzen eta Aguilarrek eta bere kantariek jaso zuten orduan Nestor Andrenaccik zuzentzen duen 'Banco de la Nación Argentina'-ko abesbatza. Aurten ere Buenos Aires hiriburuko beste abesbatza baten bisita izan dute pergaminotarrek: 'Periferia Vocal' koruarena, taldearen zuzendaria Pablo Piccinni. Bi kontzertu hauek Pergaminoko Merced Elizan, honelako gauzetarako hiriko egokienean egin dira.

Lotura interesgarriak

Periferia Vocal Abesbatza
www.periferiavocal.com.ar

Banco de la Nación Argentina, Fundazioa
www.fundacionbna.org.ar

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.