Hemen zaude: Hasiera Albisteak Arantzazuko Ama Birjina jargiratu dute Argentinako Ayacuchon, bertako Euskal Odola Euskal Etxean

Arantzazuko Ama Birjina jargiratu dute Argentinako Ayacuchon, bertako Euskal Odola Euskal Etxean

2009/12/10

Arantzazuko Ama, Gipuzkoako zaindaria eta historian zehar Ameriketako hainbat lekuekin lotura zuzena izan duen Ama Birjina, joan den asteartean jargiratu dute Argentinako Ayacucho herriko Euskal Odola Euskal Etxearen egoitzaren baitan. Isidro Legarreta eta Mari Carmen Dindart senar-emazteek iazko ekainean Euskal Herritik ekarritako Arantzazuko Andra Mariaren irudiak toki hautua lortu du, Julio Ibarra zurgin ayacuchotarrak eginik, aurrerantzean kokaleku egokian egon dadin, euren eguneroko euskal jarduna garatzen duten Euskal Etxeko kideen artean.

Ayacucho, Argentina. Jende multzo polita inguratu zen astearte iluntzean Ayacuchoko Euskal Etxearen egoitzara, Ama Birjinaren adbokazio euskaldun honi bere bizitoki berrian sarrera egiten laguntzera. Ekitaldia edertzen, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko abesbatzako kideak, Martin Tubariño gidari euskal errepertorioko kantuen alboan aukera honetarako propio prestatutako erlijio kantu bat eskainiz, euskal etxe tandildarrean pertsona erreferentziala den Isidro Legarretari laguntzen etorriak.

2009 ayacuchon arantzazu sargiratzea 02

[Jargiratze ekitaldia edertzeko, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko abesbatza inguratu zen. Argazkian, bere zuzendari Martin Tumbarino Ayacuchoko EEan]

Izan ere, Arantzazuko Ama Ayacuchon jargiratzea Tandilen gazterik bizitzera etorri zen Isidro Legarreta hernaniarrak eta bere emazte Mari Carmen Dindartek iazko ekainean Euskal Herrira eginiko bidaiarekin lotua dago, bikotea Arantzazura joan eta han Basilikako aldarean dagoen Ama Birjinaren estatuaren erreplika ekarri baitzuten Argentinara; orain, Ayacuchoko Euskal Etxeari doaitza gisa emana dioten estatua da, polikromatua, originala bezala tamaina txikikoa.

2009 arantzazu sargiratzea ayacuchon 03

[Fermina Mariezkurrena Ayacuchoko Euskal Etxeko zuzendaria, Arantzazuko Ama Birjinaren estatua ipintzeko egindako egurrezko etxetxoaren ondoan]

Debozio hazkorra Argentinan

Ayacuchoko Euskal Etxeak legarretatarren doaitza begi onez onartu eta Ayacucho bertako Julio Ibarra zurgina jarri zuen irudiaren etxetxoa izango zena egiten, egurrez, eta kristal batetik ikusgai, enbor pusketa baten gainean ezarria, enborrean plaka batek estatua zer den adierazten duela, plaka ere oparia izanik, kasu honetan El Taller-eko Lamesarena.

Hori guztia inauguratu zen asteartean, Arantzazuko jargiratze berria eginez. Ez da, ordea, lehena, aspaldidanik baitabil Arantzazuko Andra Maria Ameriketan bueltaka, normalean euskaldunei edo euskal gizataldeei loturik. Argentinan, Arantzazuko Ama Birjinaren aldeko debozioa berritu ere egin da azken urteotan, hala nola Victorian (Entre Rios) edo San Fernando, Arrecifes edo Lujan-en (Buenos Aires probintzian). Are gehiago, Euskal Etxe batzuk ere lagundu dute adbokazioa berritzen eta orain Ayacuchon bezala, Euskal Herritik ekarritako estatuak jargiratu izan dira azken urteotan Chivilcoy eta Villa Mercedesko Euskal Etxeetan.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.