Hemen zaude: Hasiera Albisteak bizi
Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeak Omenaldia eskaini zien bertako emakumeei eta 59ko batzordekideei

Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeak Omenaldia eskaini zien bertako emakumeei eta 59ko batzordekideei

2009/08/24

Urte berezia izan da aurtengoa Renoko (AEB) Zazpiak Bat Euskal Etxekoentzat. Ipar Ameriketako euskaldunen historian puntu garrantzitsua izan da Nevadako hiri hau, izan ere geografikoki ere leku egokian kokatzen baita, Estatu Batuetako bi komunitate indartsuenen artean, Idahokoaren eta Kaliforniakoaren artean alegia. Reno hiri euskal ostatuduna izan da, eta egun ere atxikitzen ditu euskal biltoki horietako batzuk. Renon dago Euskal Herritik kanpoko Euskal Ikasketa Zentro eta Liburutegirik garrantzitsuena. Renon sortu zen NABO. Renon dago Euskal artzainaren monumentua eta hiriak bere euskal etxea dauka, Reno Zazpiak Bat Basque Club. (Ikus bideoak)

Gehiago Irakurri…

Haurren Alkartasun Txokolatealdiko argazkiak, Chacoko Euskal Etxearen asteburuko ekitaldian ateratakoak

Haurren Alkartasun Txokolatealdiko argazkiak, Chacoko Euskal Etxearen asteburuko ekitaldian ateratakoak

2009/08/21

Chaco probintzia argentinarreko 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeak urtero Argentinan 'Haurraren Eguna' dela-eta haur gabetuentzat egiten duen alkartasun txokolatealdiak Resistencia hiriko Nuestra Señora de Itatí zentruko hogeitik gora haur bildu zituen joan den asteburuan. Euskal elkarteko bolondres talde batek, txokolatea eta fakturak zerbitzatu zizkien neska-mutikoei, eta jolas eta kantu batzuk egin zituzten elkarrekin. (Ikus argazkiak)

Gehiago Irakurri…

Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

2009/08/20

Bere hogeigarren urtebetetzea ari da ospatzen aurten Renoko (Nevada, AEB) Zenbat Gara Euskal Dantzari Taldea. Nevada-Renoko Unibertsitatearen baitan 1989an euskal kultura eta dantzari talde gisa sortua, Lisa eta Enrike Corcostegui senar-emazteek gidatzen duten talde honek Renon egin berria den NABO Biltzar eta Jaia hautatu zuen bere lagun eta jarraitzaileak bildu eta urteurrena festa giroan ospatzeko. Lagunen artean, propio bertaratu ziren Euskal Herritik euskal dantza eremuan arras ezagunak diren Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Mikel Urbeltz, Ane Albisu eta Fernando Aristizabal, beste hamaika euskaltzalerekin batera Zenbat Garakoekin bat egin eta hogei urtez egin duten lan ederra errekonozitu eta eskertzeko. (Ikus bideoa)

Gehiago Irakurri…

Aste honetan ospatuko ditu St. Pierre eta Miquelonek bere euskal festak; Trois-Pistolen, arrakastaz bukatu dira

Aste honetan ospatuko ditu St. Pierre eta Miquelonek bere euskal festak; Trois-Pistolen, arrakastaz bukatu dira

2009/08/18

Arrakastaz ospatu berri ditu Quebec-eko Trois-Pistoles herriko 'Parc de l'Aventure Basque' (PABA) delakoak bere euskal jaiak, euskal musika, janaria, kirolak eta oro har euskal giroak bi mila bat jende ekarri dituela, antolatzaileen esanetan. Azkeneko urteotan egin gabe, aurtengo arrakastak indarrak biziberrituko ditu. Musikaz aparte --euskal txaranga batek, besteak beste, girotu zuen festa-- herri kirolak izan dira deialdiko protagonista nagusia, horien artean pilota txapelketa eta erakustaldiak, Parc-eko kantxa gertaleku. Baina euskal festak ez dira batere ahitu Amerika Iparraldeko eremuan, aste honetan bertan hasiko baitira St. Pierre et Miquelon-goak, hemen ere pilota, herri kirolak, musika, janaria, dantzak eta kantuak protagonista. Igandera arte luzatuko dira euskal tradizio handiko atlantiar uharteotan.

Gehiago Irakurri…

Raul Alcain hil da Argentinan, Paraná-ko 'Presencia Vasca' saioko sortzaile eta familia euskaltzale bateko buru

Raul Alcain hil da Argentinan, Paraná-ko 'Presencia Vasca' saioko sortzaile eta familia euskaltzale bateko buru

2009/08/18

Igandetik astelehenerako gauean hil da Argentinako Paraná hirian Raul Alcain, 96 urteko euskal argentinarra, familia zabal bateko aitona eta birraitona, bere ondoko guztiak euskal erroekiko zaletasunean eta errespetuan hezi zituena, pertsonalki engaiamenduzko etsenplua emanez euskal kultura, identitate eta sentimentuarekiko. Bere gorpua gaur asteartea abuztuak 18 erraustuko da, goizeko 11etan, Paranako Udal Hilerrian. Lerro hauek baliatu nahi ditugu bere familia eta lagunei besarkada bero bat bidaltzeko, baita Presencia Vascako lankideei ere. Goian Bego.

Gehiago Irakurri…

Negelua familia juntatu da Jutsiko Negelua sortetxean, etxea familiatik kanpoko eskuetara pasatu delarik

Negelua familia juntatu da Jutsiko Negelua sortetxean, etxea familiatik kanpoko eskuetara pasatu delarik

2009/08/17

Negeluatarrak familia ezagutua dira Jutsin eta Baxenabarren, eta baita Europatik kanpo ere, Ipar eta Hego Ameriketako Euskal Herrietan, hasteko Argentinan eta Estatu Batuetan. Euskaldun familia atxikia izanik, euskara biziarazten dute eta euskara ederrean mintzo dira, hala nola Kalifornian sortu eta euskal etxeetan heien lan ona emaiten dutenak. Iragan hilabetean, familia elgarretaratzea ukan dute Jutsin, Negelua sortetxean, etxea familiakoen eskuetan gehiago ez bada ere, atxiki nahi baitute biltzeko izpiritu eta gogoa, beti euskaldun omore eta giro onean. Uztailaren 12an egin zuten bilkuraren aipu hau Herria astekaritik ekarria da.

Gehiago Irakurri…

Nafarroako Bera herriko argazki zahar eta berriak ipini ditu interneten BeraGureHerria.com webguneak

Nafarroako Bera herriko argazki zahar eta berriak ipini ditu interneten BeraGureHerria.com webguneak

2009/08/17

Munduan diren beratarrek eta Euskal Herriko argazki zahar eta berriak ikustea gogoko dutenek badaukate duela hilabete batzuetatik sarean kontsultatzeko eta agian laguntzeko webgune eta baliabide berri bat. Berako Rosamary eta Totono Errandonea anai-arreben eskutik etorria da eta argazki eta irudi bidezko kronika beratar hau egiten aita ere, Casa Felix-eko Felix Errandonea, ibilia dute herriko kontuak biltzen. Orain, bi anai-arrebok erretiratu direla-eta denbora gehiago daukate honi guztiari dedikatzeko eta, izan ere, liburua ere argitaratzekotan dira, hilabete gutxi barne. Artikulu hau Berria egunkariak argitara emana da.

Gehiago Irakurri…

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Viticus talde argentinarrarekin ospatuko du bere 20. urteurrena

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Viticus talde argentinarrarekin ospatuko du bere 20. urteurrena

2009/08/13

Argentinako rock-aren historian berezko lekua daukan Viticus taldearen kontzertu batekin ospatuko du datorren irailaren 5ean Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi Museoak, sortu zeneko 20. urteurrena. Ez da halako zerbait egunero gertatzen Ormaiztegin, eta bitxiagoa da talde argentinarraren presentzia Ormaiztegira ekarri duen lotura, izan ere Viticus taldea osatzen duten musikarietako hiru Museoaren izena daraman Zumalakarregi generalaren ondorengo edo ahaide baitira, eta atxikiak gainera euren erroei. Arbasoei buruzko informazio bila ari zirenean sortutako harremanaren emaitza da kontzertua eta emanaldia eta gero, euren 2009 tour-ari jarraituko diote Viticus-koek.

Gehiago Irakurri…

John Garamendi euskalamerikarra aukera handiz AEBetako Kongresuko kide bilakatzeko irailaren 1ean

John Garamendi euskalamerikarra aukera handiz AEBetako Kongresuko kide bilakatzeko irailaren 1ean

2009/08/12

Gaur egun Kaliforniako gobernadoreorde den John Garamendi demokrata euskalamerikarra aukera handiz dabil, hilabete eskas barru --irailaren 1ean--, Estatu Batuetako kongresukide bilakatzeko, Ellen Tauscher-en eserlekua betetzeko egingo diren hauteskunde berezietan; hala adieraziko lukete bederen boto-asmo inkestek, bere bulegotik EuskalKultura.com-i jakin arazi zaionez. Irailaren 1ean inork aski bozka lortuko ez balu, azaroaren 3koetan erabakiko litzateke. Garamendi gogor ari da kanpainan eserleku hori bereganatu nahian. AEBetara emigratu zuen Sam Garamendi lekeitiarraren biloba da politiko demokrata eta zenbaitetan bisitatu izan du Euskal Herria, Ibarretxe lehendakariak Ajuria-Enean hartu izan duelarik eta lehendakariak berak Kaliforniara iazko otsailean eginiko bisitan Garamendik Sacramentoko Kapitolioan errezibitu zuelarik Lehendakaria.

Gehiago Irakurri…

Jauzi Eguna antolatu du lehen aldikoz Buenos Airesen hiriburu argentinarreko Eusko Kultur Etxeak

Jauzi Eguna antolatu du lehen aldikoz Buenos Airesen hiriburu argentinarreko Eusko Kultur Etxeak

2009/08/12

Deialdi berezia egin dute Buenos Airesen datorren abuztuaren 22rako, larunbata, hiriburu argentinarreko Eusko Kultur Etxekoek, Jauzi Eguna izenpean. Izenburuak adierazten duenez, Ipar Euskal Herriko manerako deialdia izango da, jauziak ikasi nahi edota praktikatu nahi dituztenek parada egokia izan dezaten, beti ere jai giroan eta Euskal Herriko Aitor Alava dantzaria zuzendari duen Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeak antolaturik. Ekitaldia iluntzeko zortzi t'erdietan hasiko da hainbat azalpen teorikorekin eta afari herrikoia ere baitaratuko du, erromeria batekin bukatzeko. Jauziak ikasi nahi dituztenei dokumentazioa eta musika ere ipiniko zaie eskuragarri. Eusketxek oroitarazten du, bestalde, segitzen dutela bere egoitzan alboka eskolak, Mauro Telletxea musikari euskal amerikarrak emanik.

Gehiago Irakurri…