Hemen zaude: Hasiera Albisteak Xabaltx abeslariak 'Cymeus' bere bosgarren diskoa aurkeztu du Argentinako zenbait agertokitan

Xabaltx abeslariak 'Cymeus' bere bosgarren diskoa aurkeztu du Argentinako zenbait agertokitan

2009/11/18

'Cymeus' du izena kantari lapurtarraren azken diskoak, 'Cymeus' hitzak Cymru (Gales) eta Euskal Herria izenak batzen dituelako. Izan ere, kantariak Irlandan bizi izandako esperientziak kontatzen ditu bertan. Lan atera berria aurkeztera Argentinara etorrita, Xabaltxek, bakarrik bere gitarra eta hitzekin, malenkoniaz bete zituen aretoak Mixu Mixelena lagun zenduari kanta bat eskainitakoan. Alabaina goibeltasuna desagertzen zen, publikoa euskal abesti tradizionalak kantari ipintzerakoan, hala nola 'Hegoak' edo 'Eperrak', aretoak eta kantariak bat eginik. San Miguel, Buenos Aires, Gral. Rodriguez, Arrecifes eta San Nicolasen presentatu da Xabaltx eta herriotako bakoitzean lagunekin partekatu du beti agertokia.

Buenos Aires, Argentina. Argtentinako bigarren egonaldia da hau Xabaltx goitizenarekin ezaguna den Pantxoa Bergararentzat. Horregatik, aurreko bidaian hemen utzitako adiskidantzengatik, lagun sorta joan zitzaion xerka aireportura, ondoren lagun izateko Rio de la Platako eremuan bukatu berria duen biran.

Xabaltxen lehenengo kontzertua, San Miguel hirian gauzatu zen, bertako Askatasunaren Bidea euskal elkarteak antolaturik, “Leopoldo Marechal” antzokian. Ikuskizuna osatzeko, Ohiana Urkitza eta Aingeru Ozerinjauregi txalapartariak agertokikide izan zituen eta, Buenos Airestik etorrita, Ekin Dantzari Taldeak ere pieza batzuk dantzatu zituen. Hurrengo geldialdia, Buenos Aires hiriburuan izan zen, San Telmoko “Plaza Defensa” Kultur Etxean, Iparraldeko Euskal Etxea eta Euskaltzaleak-en ardurapean. Kontzertu honetara bildutako jendeak, Euskal Herritik propio etorritako abeslaria entzuteaz gain, Raúl Carnota kantari argentinarra eta Maral musika taldeak euskaraz entzun ahal izan zituen.

Xabaltxen kontzertua

[San Miguelgo "Leopoldo Marechal" antzokian, Xabaltx, txalapartari eta Ekin Dantzari Taldeko kideekin]

Eusko Aterpearen urtemuga eta Arrecifesko 'Aiton-amonen txokoa'

Gral Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxean ere abestu zuen Xabaltxek. Kontzertua, Euskal Etxearen 10. urtemugaren ospakizunen barnean izan zen eta gainerako herrietan bezala, aretoa bete egin zen iparraldeko abeslaria entzuteko. Arrecifesen, berriz, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean, beste gizatalde batzuetako kideen aurrean aurkeztu zen Xabaltx, errezitala 'Aiton-amonen txokoan' izeneko ekitaldiaren inguruan egin baitzen. 'Euskal etxera normalean etortzen ez den jendeak ezagutu ahal izan zituen euskara eta euskal musika', azaldu zion Mariana Domine Maral Taldearen ahotsak EuskalKultura.com-i. 'Arrecifeseko kolektibitate askotako ordezkariak zeuden; hori dela eta, garrantzitsua izan da'. Aukera horretan abeslari euskaldunak eta Maral talde arrecifestarrak elkarrekin abestu zuten Itoiz-en Lau Teilatu-ren bertsio bat.

Xabaltxen bira San Nicolás herrian bukatu zen. Azken kontzertua joan den igandean, azaroaren 15ean izan zen, bertako euskal etxean. Hitz bat baino ez zuen behar izan Damian Cebey euskal etxeko lehendakariak errezitala laburbiltzeko: 'bikaina'. Abestuz, beraz, agurtu zuen Xabaltxek Argentinako publikoa, berriro ere itzuliko dela aginduz.

Lotura interesgarriak

Baionako Agorila Diskoetxea
www.agorila.com

Xabaltx, Myspace-n
www.myspace.com/xabaltx

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.