Hemen zaude: Hasiera Albisteak Meza eta egun osoko jai batekin ospatu zuten arrecifestarrek San Ignazio, bertako jairik kuttunena

Meza eta egun osoko jai batekin ospatu zuten arrecifestarrek San Ignazio, bertako jairik kuttunena

A gripea dela-eta, ekintza bat baino gehiago atzeratu behar izan ditu aurten Argentinako euskal komunitateak, tartean urtero eta herrialdean zehar biziro ospatzen diren San Inazioren ohorezkoak. Horregatik, larrialdiaren gogorra pasa bezain laster, Arrecifeseko Euskal Etxeak, bertan tradizio handia duen jai hori antolatu zuen joan den abuztuaren 16an, ohiko oiartzun eta arrakastarekin. 350 lagundik gora bildu ziren Euskaldunak Denak Bat-en egoitzan, tartean, beste euskal etxe askotatik etorriak, San Pedro, San Miguel eta Baraderotik, batzuk aipatzearren. Eguerditik iluntzera arte luzatu zen jaia eta Ugarritzak, Txiki Zaharrak, Maral eta Diamante taldeekin dantza eta musikaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek.

Arrecifes, Argentina. San Jose elizan hasi ziren aurten San Ignazio ospakizunak Buenos Aires probintziako herri honetan. Elizan bertan San Ignazioren omenezko martxa abestu eta jarraian euskal etxeko dantzariek Aurreskua eskaini zioten. Jarraian, gonbidatuak kalejira alai eta bizi batekin abiatu ziren euskal etxera. Etxeko areto nagusian, Argentinako ereserkia eta Eusko Abendaren Ereserkia kantatu ondoren, erakundeko lehendakariak, Marilín Bobedak, esker beroak eman zizkien euskal etxeak laguntzaile dituen guztiei, baita dantzari eta gonbidatuei ere.

Bazkariarekin batera ikuskizunak hasi ziren. Dantza taldeko zuzendari den Facundo Araguz Alustizak Aurresku batekin ekin zion dantzaldiari. Segidan Ugarritzak-ekoek --helduek, txikiek eta lehendabizikoz ertainek-- dantzatu zuten. Txiki Zaharrek --etxeko helduenek--, berriz, euren jantzi berriak aurkeztu zituzten. Baina Maral taldea bera ere ez zen nobedadeetatik kanpo geratu. Pianojole eta baxujole berriak --hurrenez hurren Pablo Mermet eta Sebastian Rochi Alzaga-- ezagutzera emateaz gain, Ken Zazpiren Ilargiaren bertsio bat eta Donostiako hiru damatxo dantzatzeko bertsio bat aurkeztu zituen.

Baina Arrecifeseko euskaldunak ez ziren izan jai honetaz gozatu ziren bakarrak. Beste euskal etxe batzuk ere bertaratu ziren arrecifestarrekin ospatzeko. San Pedroko Ongi Etorrik, Buenos Aireseko Eusketxek, La Platako Euzko Etxeak, José C. Pazeko Toki Eder-ek, Lujango Euskal Sustraiak-ek, Baraderoko Aurrerak, Buenos Aireseko Laurak Bat-ek eta Iparraldeko Euskal Etxeak, eta Askatasunaren Bidea elkarteak ere beren ordezkaritza izan zuten jaian. Hauetaz gain, Hugues eta Capitán Sarmientoko lagunek ere hartu zuten parte ospakizunean.

Lotura interesgarriak

Maral Taldea
http://fotolog.terra.com.ar/grupomaral

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.