Hemen zaude: Hasiera Albisteak 140 bat euskaltzalek Euskararen Eguna eta Urte Bukaera ospatu zuten Buenos Airesko Mexiko kaleko Euskaltegian

140 bat euskaltzalek Euskararen Eguna eta Urte Bukaera ospatu zuten Buenos Airesko Mexiko kaleko Euskaltegian

Buenos Airesko Euskaltzaleak erakundeak aurten inoiz baino ikasle gehiago izan ditu. Hori, besterik gabe, ospakizunerako oso arrazoi ona da. Horregatik ikasleak, irakasleak eta euskaltegiaren lagunak bildu ziren joan den abenduaren 5ean Mexiko kaleko euskal egoitzan eguna ospatu eta aldarrikatzeko. Izan ere, eta instituzioaren lehendakari Teresa de Zavaletak esan zuenez, 'Euskal Herrian gaur euskarak eta euskaldunak eraso asko jasaten ari dira, eta testuinguru honetan zaila da jai bat egitea. Hala ere, etxe honetan lan handia egiten dugu gure hizkuntzaren alde, gero eta gehiago gara eta hau da euskarari eusteko guk dugun modua'. San Frantzisko Xabier-en egunarekin batera, urte amaiera dator Hego Amerikan, beraz festa, ikasleek prestatutako esketxak, abestiak eta jolasak agertoki ezinhobea bihurtu ziren larunbat gauean.

Buenos Aires, Argentina. Gabriel Arce irakaslea izan zen aurten jaiaren aurkezlea eta iluntzeko 9ak aldera eman zion hasiera topaketari. Lehenik Teresa de Zavaletak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari eta gero Etxeko abesbatzak musika jarri zion gauari. Eliseo Rodriguez gidari hiru urte lanean daramatzan taldeak bere euskarazko errepertorio eskaini zion publikoari, abestien artean, Hegoak, Euskara gure euskara eta Agur Jaunak.

Euskaltzaleak - Euskararen eguna

[Euskaltzaleak-eko Abesbatza Eliseo Rodriguez zuzendari (argazkia EuskalKultura.com)]

Afariaren aurretik ere baina Etxeko beste toki batean --patioan hain zuzen-- dantzak nabarmendu ziren. Eusketxeko dantza tailerreko eta Ekin Dantzari Taldeko kideek euren indarrak batu zituzten koreografia batzuk aurkezteko, dantza horien artean, Ingurutxo-sarrera; Lapurdiko polka; Kontrapasa; Arin arin; Kerestuen sartzea; Kerestuen dantza; Ttipitto (jauzi); Axuri beltza; Martxa; Hiru xito (Lapurdiko makil dantza); Belauntxingo; eta Tafallako jota.

Euskaltzaleak-eko Euskara Egunaren ospakizuna

[Jendeak Etxeko barruko balkoietatik ikusi zuen dantza-emanaldia (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleak-eko Euskara Egunaren Ospakizuna

[Eusketxeko Dantza Tailerreko eta Ekin Dantzari Taldeko kideek elkarrekin dantzatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Ikasle eta ikusle askorentzat momentu igurikatuena taldeen obrena izaten da. Eta ez zen asko itxaron behar izan lehenengo antzezlana ikusteko. Itsaso Iribarren zuzendari, Euskaltzaleak-eko Antzerki Tailerreko ikasleak hasi ziren emanaldiarekin. Aurten, hiru banakako eszena muntatu zituzten. Ondoren, euskara taldeek prestatutako lanak ikusi ahal izan ziren.

Euskaltzaleak-eko Euskara Egunaren ospakizuna

[Antzerki Tailerraren kideak euren irakasle Itsaso Iribarrenekin (argazkia EuskalKultura.com)]

Hasteko, hirugarren mailakoek “Autobusa” sketx barregarria antzeztu zuten. Gero, goiko mailako ikasleek jolas interaktibo baten bidez publikoa parte hartzera gonbidatu zuten. Kultur Tailerraren kideek Joxe Migel Barandiarani buruzko power point bat prestatu zuten eta horrekin lotuta galdera sorta bat egin zieten bertan zeuden gainerako ikasleei zein gonbidatuei. Gitarraz lagunduta, lehenengo urratseko ikasleek, janzkera oso egoki aukeratuta, Almodovar neska izan nahi dut nik abestiaren euskarazko bertsio bat egin zuten, txalo ugari jasoz.

Euskaltzaleak-eko Euskara Egunaren ospakizuna

[Hirugarren urratseko taldeko ikasleek "Autobusa" esketxa egin zuten, "Beti Bezala" euskararen super heroiarekin (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskaltzaleak-eko Euskara Egunaren ospakizuna

[Lehenenego urratseko neskek 'Almodovar neska' izan nahi zuten eta lortu ere egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]

Musikarekin jarraituz, baina era formalago batean, Euskara eta Kultura lehenengo urratseko ikasleak hirugarrenekoekin bildu ziren abesteko. Taldeen partaide den Juan Carlos Valente musikariak bere harpaz Topa Dagigun, Katuen testamendua eta Aita-semeak interpretatu zituen, azken hau publikoak eskatutakoa.

Euskaltzaleak-eko Euskara Egunaren ospakizuna

[Harparen soinuaz lagunduta Euskara eta Kultur Tailerreko eta hirugarren urratseko kideek hiru abesti kantatu zituzten (argazkia EuskalKultura.com)]

Bukatzeko, aurten euren bigarren urratsa bukatu zutenek iaz eurak prestatutako umorezko teleberriari jarraipena eman zioten. Honetan ere gaurkotasunezko albisteak, Euskal Herrikoak nahiz Argentinakoak, ez ziren txantxa-gaietatik kanpo geratu.

Euskatzaleak-eko Euskara Egunaren ospakizuna

[Bigarren mailako ikasleak "Dena Berriak" izeneko teleberria antzezten (argazkia EuskalKultura.com)]

Horrela, euskaraz mintzatuz eta euskaraz gozatuz beste ikasturte bat amaitu da Buenos Airesko Euskaltzaleak-en. Erakundearen agintariak oso pozik daude 2009 honetan bizi izandakoarekin eta jadanik aurreratu diote EuskalKultura.com-i 'porrak bukatu eta gero berriro bilduko direla "beti bezala euskara eta Euskal Herriaren eskubideen alde lan egiten jarraitzeko".

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.