Hemen zaude: Hasiera Albisteak Argentinako euskaldunak ere behar bezaka ospatuko dute bihar ENE, Euskararen Nazioarteko Eguna

Argentinako euskaldunak ere behar bezaka ospatuko dute bihar ENE, Euskararen Nazioarteko Eguna

Jakina denez, euskalduna hitzak euskaraz mintzatzen duena nahi du esan. Eta badakigu baita ere, Euskal Herritik kanpo milaka lagun hurbiltzen direla euskal etxeetara euren arbasoen hizkuntz zaharra berreskuratu eta eurenganatzera, agian txikitan entzundako hitzei esanahia jartzeko edo, besterik gabe, urrutiko herri baten elea ezagutzeko asmoz. Euskalduntzeko alegia. Bihar, edo agian asteburuan, Euskal Herritik hamabi mila kilometrora egon arren, Argentinako euskaldunek eta euskara ikasleek euren eguna, Euskararen Eguna, ospatuko dute, urtero bezala. Aurten ere jai eta hitzordu desberdinen berri heltzen ari da gure erredakziora: La Plata, Rosario, Tandil, Mendoza, San Nicolás, Córdoba eta Buenos Aires… hauetxek dira batzuk.

S. O./Buenos Aires, Argentina. Euskara zabaltzea da euskal etxeen erronketako bat. Urterik urte ikusten da erakunde euskal argentinarrek gainditu egiten dituztela bidean agertzen diren oztopoak eta aurrera jarraitzen dutela euskal hizkuntzaren alde lan egiten. Argentinan, batzuen kasuan azaroaren hasierarekin batera Euskararen Nazioarteko Egunaren (ENE) jaia antolatzen hasten dira. Bide batez, Hego Amerikan ikasturtea bukatzen ari denez, Euskararen eguna ospatzeaz gain agurra emango diote ikasleek 2009. urteari azken topaketa hauetan.

Euskal etxe eta euskara talde bakoitzak bere erara egiten du ospakizuna. La Platako Euzko Etxea-ko txikienek, adibidez, Donostiako Danborrada egingo dute. Hitzordua abenduaren 5ean da, arratsaldeko 4etan, EEko Candido Unzurrunzaga aretoan. Danborrada bukatu eta gero, bostak aldera, ikasle guztiak Plaza Morenora hurbilduko dira, Gernikako Arbolaren gerizpean tradiziozko mateada egitera. Bere aldetik, Tandileko Gure Etxea Euskal Etxeak, ekitaldi berezia antolatuko du, 2009 ikasturteko euskara ikasleei ziurtagiriak emateko. Topaketa honetan euskal etxeko kide batek Euskara eta San Frantzisko Xabierri buruzko hitzaldi labur bat emango du. Hitzordua Euskararen Egunean bertan izango da, bihar, abenduaren 3an, iluntzeko 8etan. Bilera bukatutakoan, otordu bat eskainiko zaie bertaratutakoei.

Cordobatik ere heldu zaigu gonbitea. Gure Txokoa-koek kalejira erraldoi batekin hasiko dute jaia abenduaren 4an. Iluntzeko 8:30etan bilduko dira hiriko Colon Plazan eta handik euskal etxeraino abiatuko dira, abestuz eta dantza eginez. Euskal etxeko egoitzara heldu eta gero, Kirmen Uriberen 'Ezin esan' olerkia euskaraz irakurriko da eta azalpen bat emango da gaztelaniaz. Euskal Etxeko txikienek dantza eta abesti batzuk egingo dituzte; eta Txotx! Dantza Taldeak eta Baietz Musika Taldeak ere hartuko dute parte. Ikuskizunak bukatuta, pintxoak eta edariak partekatuko dituzte.

San Nicolasen ere euskara kalera aterako da. Euskara ikasleek lan bat antzeztuko dute euskal etxearen aurrean eta bertan Jorge Mennak, Pablo Barrutiak, Grillo Ariasek eta Eugenio Canalsek osatzen duten As de guia musika taldeak kontzertua emango du. Dantzak ez dira faltako, izan ere Arrecifesko Ugarritzak eta Laurak Bat-eko dantza taldea bertaratuko baitira San Nicolaseko jaia alaitzera. San Nicolaseko ospakizuna abenduaren 12an izango da, arratseko 8etan eta egun berean aurkeztuko da, Escuela de Paz koruarekin batera, euskal etxean jaio berria den Errekatarrak abesbatza.

Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegian ere dena dago prest Euskararen Eguna ospatzeko. Erakundeak aurten izan dituen hamaika (11) euskara taldeek hartuko dute parte abenduaren 5ean egingo den urte amaierako jaian. Batzuk antzeztuz, beste batzuk abestuz, besteek publikoa integratzen duten jolasak asmatuz. Ikasle guztiak izango dira festako protagonistak. Etxeko abesbatza ere aurkeztuko da eta Ekin Dantzari Taldeak dantzan ipiniko du bilduko den jendea. Ekintzak iluntzeko 8:30etan hasiko dira, afaria hamarrak aldera eta taberna irekita egongo da ordu txikiak arte.

Rosarioko Zazpirak Bat-ek ere aprobetxatuko du egunotan nagusi den eguraldi epela eta abenduaren 5erako luzatu dio gonbitea, aire zabalean, bertako komunitateari. Arratsaldeko 7etatik aurrera mota askotako ekintzak gauzatuko dira Gernika Plazan, Salta eta Pasaje Sabino Arana kaleetan. Plazara bertaratzen direnek euskal plater tipikoez gozatu ahal izango dute, baita musikaz eta dantzaz ere.

Azkenik, Andeetatik ere heldu zaigu gonbidapena. Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak abenduaren 5ean egingo du bere festa. Arratsaldeko 7etan hasiko da ekitaldia Mendozako Nafar Etxeko Abesbatza medio. Ondoren, euskara ikasleek eurak prestatutako euskarazko sketxak aurkeztuko dituzte, eta gero pintxoak jan ahal izango dira. Gauerako erromeria antolatu da. Sarrerak 10 peso balio ditu, pintxo bat eta edari bat barne.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.