Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskarazko antzezlanak nagusi Euskararen Egunean Euskaltzaleak-ek Buenos Airesen antolatu zuen jaian

Euskarazko antzezlanak nagusi Euskararen Egunean Euskaltzaleak-ek Buenos Airesen antolatu zuen jaian

Urtero ospatzen du Euskararen Eguna Buenos Aireseko Euskara Eskola den Euskaltzaleak elkarteak. Euskararen Egunarekin batera urtearen bukaera dela eta jai berezi bat egin zuen joan den abenduaren 6an hiriburuko Mexico kalean dagoen erakunde honek. Jaian etxeko ikasle talde guztiek hartu zuten parte: abesbatzak, dantza taldeak, antzerki lantegiak eta euskara taldeek. Urteak pasatu ahala, euskara ikasleek prestatzen dituzten antzezlanak gero eta maila handiagoa erakusten dute eta aurten oso nabaria izan da: talde gehienek, bakoitzaren mailaren arabera, aurkeztu dituzte antzezlanak, urtean zehar ikasitakoa erakutsi, eta aldi berean une atsegina konpartituz lagun arteko giroan.

Buenos Aires, Argentina. Ehun eta hogei bat lagun elkartu ziren Euskaltzaleak-eko kideekin euskararen eguna ospatzeko abenduaren 6an, larunbata. Jaia etxeko abesbatzaren emanaldiarekin hasi zen. Eliseo Rodriguezen gidaritzapean, hamabi abeslarik osatzen duten koruak ‘Agur Jaunak’, ‘Basatxoritxu’, ‘Amagoian’ eta ‘Atzo tun tun’ abestiak eskaini zituen. Jarraitzeko, sortu berria den etxeko antzerki taldeak “Eskulturak” delako lana aurkeztu zuen. Itsaso Iribarren irakaslearen esanetan “nahiz eta taldea oso berria izan, antzezlan polita egitea lortu dugu. Maila ezberdinetako ikasleak neuzkanez, hasieran mimikaren bidez egitea hobe izango zela pentsatu nuen, baina aktoreek eskatu zidaten euskara erabiltzea eta horrela egin dugu”.

Euskararen Eguna 2008 Euskaltzaleaken (3)

[Euskaltzaleak-eko antzerki taldea, Itxaso Iribarren zuzendari, 'Esculturak' izeneko antzezlana eskaini zuen Euskararen Eguneko jaian (argazkia EuskalKultura.com)]

Afariaren aurretik, ‘Ekin’ etxeko dantza taldeak, Aitor Alava dantzariaren zuzendaritzapean, erakustaldia oparitu zien gonbidatuei. Taldeak ‘Aurresku’, ‘Jota Tafalla’, ‘Lapurdiko Soka dantza’, ‘Arin Arin’ eta ‘Makil dantza’ egin zituen.

Euskararen Eguna 2008 Euskaltzaleaken (4)

[Ekin dantza taldearen erakustaldiko une bat (argazkia EuskalKultura.com)]

Gauerdi aldera, euskara taldeetako ikasleen aurkezpenak hasi ziren. Goiko mailako taldekoek ‘Gure aitona-amonen istorioa’ izeneko antzezlana egin zuten. Lau zatitan banatutako lan honetan, Euskal Herritik Ameriketara etorri behar izan zen senide baten istorioa kontatu zuten. Jarraian, hirugarren urratseko ikasleek “Euskara gure esperantza” abestu zuten, Argentinako ‘Zamba de mi esperanza’ kantu ezagunaren musikarekin. Bukatzeko, ikasle berriek, hau da, lehenengo urratsekoek, umorezko teleberria egin zuten. Bai euskara, bai antzezpen aldetik, taldeek oso kritika onak jaso zituzten.   

Euskararen Eguna 2008 Euskaltzaleaken (6)

[Hirrugaren urratseko euskara ikasleak kantari (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskararen Eguna 2008 Euskaltzaleaken (7)

[Lehenengo urratseko euskara ikasleen emakizuna (argazkia EuskalKultura.com)]

Esan, bestalde, urte berezia izan dela 2008a Euskaltzaleak elkartearentzat, izan ere taldeko irakasle taldeko batzuk euskarazko titulu ofizialak lortu baitituzte. Marina Aranguren, Gabriel Arce, María Belén Girasole eta Sabrina Otegui irakasleen kasu izan da, eta oroigarri bana jaso zuten egindako ahalegin emaitzadunagatik.

Jaia goizeko laurak arte luzatu zen, eta dantza eta musikarekin Buenos Aireseko Euskara Eskolak berehala hemen izango den “datorren urtera arte” esan zuen.

Irudi gehiago, Argazki Galerian, hemen.

 

Euskal Herritik

Euskaldun batek — 2008/12/29 00:26
Zorion haundiak eta beroak eta hunkigarriak ikusirik Argentinako Diasporan nola bizi duzuen gure kultura eta nola Euskal Herrian bertan euskaldunek egiten ez dugun bezala ospatzen dituzuen gure hizkuntza eta gure ohiturak. Artikulu hau irakurrita eta argazki hauek ikusita, poza eta esperantza eta aurrera egiteko gogo haundiagoak sartzen zaizkit. Exenplu ezinhobea zarete, eta lastima da Euskal Herrian ezagunagoak ez izatea Diasporatik egiten dituzuen ahalegin guzti hauek. Segi aurrera eta besarkada haundi bat Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteko guztiei.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Euskarazko antzezlanak nagusi Euskararen Egunean Euskaltzaleak-ek Buenos Airesen antolatu zuen jaian

Goiko mailako euskara ikasleak antzezlana eskaini ostean (argazkia EuskalKultura.com)