Hemen zaude: Hasiera Albisteak 'Ibai Txori' Euskal Etxeko dantzariek musika eta dantzak atera dituzte Concepción del Uruguayko kaleetara

'Ibai Txori' Euskal Etxeko dantzariek musika eta dantzak atera dituzte Concepción del Uruguayko kaleetara

Concepción del Uruguay-n, Entre Ríos probintzia argentinarrean, 'Ibai Txori' Euskal Etxeko euskaldunak ere urteko azken ekintzak burutzen dabiltza. Joan den azaroaren 28an, eta eguraldi txarragatik astebete atzeratu ondoren, hiru eta hamabi urte arteko neska-mutilek osatutako bertako dantza taldea herriko oinezkoen kalera atera da urtean zehar ikasitakoa euren komunitateari erakustera. Erantzun ezin hobea jaso dute dantzari gazteek zein beren zuzendari Oscar Ardaiz Albak ere. 'Euskal Herriarekiko daukagun sentimenduari eutsi eta plazaratzeko sortu dugu dantza tailerra, eta gure euskal kultura ezagutarazteko, jakina', azaldu dio Lucia Arcelus euskal etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i.

Concepción del Uruguay, Argentina. "Ibai Txori Euskal Etxeak ez zeukan dantza talderik eta horren falta sumatzen genuen. Hori dela eta, laguntza eskatu genien Bergaran (Gipuzkoan) bizi diren Arcelus Aramendi gure senideei eta horrela, haien bitartez, eskuratu genituen euskal dantzei buruzko bideo eta cd batzuk". Hitz hauekin hasten da kontatzen dantza taldearen sorrera Lucia Arcelus euskal etxeko nagusia. Baina bideo eta cd-en, eta dantzarigaien arteko bitarteko baten beharrean zeuden Ibai Txori-koak eta etxeko kide den Oscar Anibal Ardaiz Alba irakasleari deitu zioten. Ardaiz-ek, Argentinako dantza tipikoetan jarduera handiko dantzaria izanda, erronka onartu zuen eta 2008an klase batzuk eman zituen, urte hartako Gizataldeen Jaiari begira. Helburua bete zuten Ibai Txori Euskal Etxekoek eta urriaren 12an dantza bat aurkeztu ahal izan zuten Jai hartan.

Concepcion del Uruguaiko Ibai Txori Euskal Etxea

[Ibai Txori Euskal Etxeko dantzariak]

Aurten, berriz, entseguak asteroko lan bihurtu dira eta neska-multil gazteak larunbatero elkartu dira Ardaitz irakaslearekin dantza egiteko. Alfonsina Ardaiz Rey (12 urte), Antonella Alvarez Suarez (7), Luisina Vilas Cumilla (8), Arturo Vilas Cumillas (11), Jeronimo Vilas Cumillas (9), Victoria Perdomo Gauna (5), Camila Cumilla Rios (11), Franco Cumilla Rios (9), Ailen Conte Gauna (10), Mara Conte Gauna (6) eta Suyai Conte Gauna (3) dira gogor lan egin duen taldea, Euskal Herriko dantza klasikoen pausoak ikasten. Fruituak jadanik bistan daude. Joan den azaroaren 28an jende multzo polita bildu zen herriko oinezkoen kalean Ibai Txori Euskal Etxeko dantza taldea ikusteko. Taldeak San Petrike, Zortziko eta Ipurdi Dantza eskaini zituen.

Concepcion del Uruguaiko Ibai Txori Euskal Etxea

[Euskal baserriei eta musika tresnei buruzko argazkien erakusketa (argazkia EE)]

Bukatzeko, eta urteko azken ekitaldien artean ere, euskal baserriei eta musika tresnei buruzko argazkien erakusketa ikusgai egon da azaroaren 20, 21 eta 22an, Concepcion del Uruguayko Arte Areto Berrian. Ekintza honetan ere herriko komunitateak baietz erantzun zion Euskal Etxekoen gonbiteari.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.