Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal Herrian eta Diasporan dena prest San Inazio eguna ospatzeko; Boisen gaur bertan ekingo diote jaiari

Euskal Herrian eta Diasporan dena prest San Inazio eguna ospatzeko; Boisen gaur bertan ekingo diote jaiari

San Inazioren omenezko jai eguna datorren astean, uztailaren 31n, ospatuko da Gipuzkoa eta Bizkaiko herri eta hiri gehienetan eta Diasporan ere hainbat euskal etxe eta komunitatek parte hartuko dute hamaika ekitaldi antolatuz. AEBetako Boiseko 'San Inazio Festival' delako hitzordua izango da seguruenik goiztiarrena: gaur bertan hasi eta igandera bitartean garatuko baita hiri estatubatuarrean. Datozen egunotan makina bat euskaldun bilduko da mundu osoan saninaziotara, izan Madrilgo Euskal Etxean (Espainian), Miamiko Txoko Alain (AEBetan), Mexikoko Euskal Etxean, Argentinako euskal etxe mordoan, hala nola Buenos Aireseko 'Laurak Bat', Mar del Platako 'Denak Bat', Arrecifeseko 'Euskaldunak Denak Bat', San Nicolaseko 'Euskal Etxea', Rosarioko 'Zazpirak Bat', La Platako 'Euzko Etxea', Chacoko 'Kotoiaren Lurra', Necocheako 'Euzko Etxea'n... edo beste hainbat herrialdetako euskal etxeetan: Txile, Venezuela, Australia, Peru, Uruguain...

Donostia-San Sebastian. Urtero bezala, Diasporak bat egingo du Europako Euskal Herrian San Inazioren omenez egingo diren ospakizunekin, jarduera erlijioso, bazkari, afari eta era askotako jarduerak antolatuz. AEBetan Boiseko gaur bertan abiatuko da bertako San Inazio Festival egitaraua, pala txapelketa batekin. Lehiaketan zortzi bikote arituko dira 9:00etatik 13:00ak arte iraungo duen ekitaldian. Jarraian, 16:00etan, Oinkari dantza taldeak bilera egingo du bere 50. urteurrenaren ospakizuna prestatzeko. Gauean, Euzkaldunak Euskal Etxeko kide eta lagunek afaria egingo dute.

[1. bideoa: Boiseko 'San Inazio' (sic) jaiaren iazko edizioa, bertako katedralaren barne eta kanpo aldean. Dantzariak bertakoak eta Oñatikoak dira, azken hauek iaz bereziki gonbidatuak, Boisen urtero San Inazio jaian Oñatiko Korpus eguneko dantzak dantzatzen baitira, erabat bertakotutako tradizio bihurtuta (irudia, Gabi Aldamiz)]

[2. bideoa: Eta euskal festa karrikaratu egiten da... hiri estatubatuar honetan. Hona, Boiseko euskal dantza taldeek zein Oñatiko Oñatz taldekoek Boiseko kaleetan dantzatutakoak bertako 'San Inazio Festival' euskal jaiaren 2007ko edizioan (irudiak, Gabi Aldamiz)]

Bihar Euzkaldunak elkartearen Golf Txapelketaren 26. edizioa jokatuko dute goizeko 6:30etatik aurrera. 11:00etan euskal musikak hartuko du Boiseko Grove Street, Basque Block izenez ezaguna den tartean. Bertan arituko dira herriko euskal musikariak, Boiseko Gazteak, Txantxangorriak eta Oinkari dantza taldea, besteak beste. 19:00etan San Inazioren omenezko meza egingo da St. John katedralean. Igandean, berriz, piknika egingo dute Euzkaldunak Euskal Etxeko kideek eta ekitaldi kulturalari amaiera emateko kale emanaldi eta berbena eskainiko du 'Amuma Says No' euskal musika talde boisetarrak.

San Inazioren ospakizuna Madrilen eta Miamin

Egun berean, espainiar hiriburuko euskal komunitateak bazkaria egingo du sainduaren eguna ospatzeko. Horrez gain, datorren ostegunean, San Inazio egunean bertan, Madrilgo Euskal Etxeko kideek San Inazio elizan Real Congregación de Naturales y Oriundos de las Tres Provincias Vascas-ek antolatuta urtero egiten den mezan parte hartuko dute.

Berriro ere Ozeano Atlantikoaren beste alderaino joz, Miamiko 'Txoko Alai' euskal etxe estatubatuarrak ere uztailaren 31ean ospatuko da eguna, pintxo gau batekin. Ekitaldia elkarteko egoitzan egingo da (4315 NW 7 St. Suite B-47, 33126) arratsaldeko zazpietatik aurrera. Bazkide eta lagunen topaketarekin batera, Jose Mari Belaustegui elkarteko lehendakari ohiaren familiari esker oneko oroigarri bat emango diote elkarteko arduradunek.

Mexikon eta Argentinan ere

Abuztuaren 2an, Mexikoko Euskal Etxeak San Inazio bazkaria egingo du ordu bietan eta bazkide zein lagunek Loyola Jatetxeak prestatutako janaria dastatzeko aukera edukiko dute. Elkarretaratzean sari bat emango zaie Mexikoko ordezkari gisa Euskal Kolektibitateen Munduko Mus Txapelketan arituko diren muslariei.

Argentinan, Buenos Aireseko 'Laurak Bat' Euskal Etxean, 'Lagun Onak' Abesbatzak San Inazio kontzertua eskainiko du Basaldua aretoan abuztuaren 2an, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera. Biharamunean, abuztuaren 3an, Arrecifeseko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxeak jarduera ugari egingo ditu San Inazio eguna ospatzeko. Bazkideek txorizoa, errekia entsaladekin, postrea, eta ardoa, kalimotxoa eta gaseosa dastatu ahal izango dute. Euskal Barnetegian parte hartzen ari diren kideek ere jaira biltzeko gonbidapena jasoko dute. Ondoren, Maral musika taldeak kontzertua eskainiko du eta erromeria egingo dute. Elkarteko lagunek txokolatea opilekin dastatu eta jokoak egingo dituzte eguna amaitzeko.

Hauek, bistan da, San Inazioren karietara mundu osoko euskal etxeetan egingo diren ekitaldietako batzuk besterik ez dira. Izan ere, San Inazio izango da seguruenik munduko euskal erakundeetan gehien ospatzen den festa eguna. Hitzordu eta deialdi gehiago iristen joan ahala datozen egunotan ematen joango gara.


Lotura interesgarriak

Euzkaldunak Euskal Etxea, Boisen (AEB)
www.basquecenter.com

Madrilgo Euskal Etxea, Espainian
www.euskaletxea-madrid.com

Miamiko Txoko Alai, AEBetan
www.euskaletxeaofmiami.org

Mexikoko Euskal Etxea, Mexikon
www.centrovascomexico.com

Laurak Bat Euskal Etxea, Buenos Aires, Argentinan
www.laurakbat.com.ar

Necocheako Euskal Etxea, Argentinan
www.euzkoetxea.com.ar

Limako Euskal Etxea, Perun
www.euskaletxeaperu.org

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Euskal Herrian eta Diasporan dena prest San Inazio eguna ospatzeko; Boisen gaur bertan ekingo diote jaiari

Aire libreko euskal dantzaldia Boiseko 'Basque block' delakoan, berbena-taldea Boise bertako 'Amuma says no' dela, iazko San Inazio festetan (argazkia EuskalKultura.com)