Hemen zaude: Hasiera Albisteak Okzitaniako Tolosako Denak Bat-ek haur eta helduen dantza ikastaroetara biltzera deitzen du webgune berritik

Okzitaniako Tolosako Denak Bat-ek haur eta helduen dantza ikastaroetara biltzera deitzen du webgune berritik

Euskal, biarnes eta Frantziako Tolosa (Toulouse) hiriko lagun talde batek Euskal Herriko dantza, musika eta kulturari buruzko elkarte bat sortzea erabaki zuen 1954an: Denak Bat Taldea. Euskal inauterietan aditua da gaur egun taldea eta kide berriak bildu nahian ateak ireki nahi dizkie gazte zein helduei, eta internetez. Taldeak aurrerapausoa eman du oraintsu eta webgune berria sortu du bere jarduera kulturalak hedatzeko. Taldearen sorrera eta historia bildu du bertara, ekitaldien agenda, argazki galeria eta elkarteko arduradunen datuak eskaintzen ditu, besteak beste.

Tolosa, Frantzia. Taldeak euskal folklore taldetzat aurkezten du bere burua, Euskal Herriko dantza eta musika tradizioen jarraitzaile diren gazte zein helduei zuzendutako elkartetzat. Euskal Herriko zenbait inauteri tradizionaletan aditua da. Antropologo talde baten laguntzari esker, inauterien gaia eta ingurua landu dute, tartean honako euskal herrietako inauteak: Lapurdiko inauteriak, Ituren eta Zubietako inauteriak, Mundakako sorginak, Lasarte-Oriako inauteriak, Lantzeko inauteriak, Donostiako Danborrada eta Baxenabarreko kabalkada.

Denak Bat Taldea-ren webgune berrian elkarte tolosarrari buruzko buruzko zenbait datu zehazten dira: Zuzendaritza Batzordeko kideak, elkartearen jarduerak, izena emateko era ezberdinak eta taldearen historia. Dantza eta musika elkartea izanik, Euskal Dantzarien Biltzarreko kide da.

Haur eta helduei zuzendutako dantza ikastaroa

Elkartearen geroari so, bederatzi urte baino gehiagokoei zuzendutako ikastaroa iragartzen dute Denak Bat-ekoek. Dantza eta joko bidez, irakasle adituek keinuen independentzia irakasten diete dantzari hasiberriei eta 'Dantzari Txiki' taldera sartzeko prestatzen dituzte gaztetxoenak. Helduak, bestalde, elkarteko kide oso bihur daitezke, eguneroko ekintza eta jardueretan parte hartuz. Dantza saioak asteazkenetan egiten dira 21:00etatik 23:00etara eta larunbatetan 15:30etatik 18:00etara. Bigarren egun honetan, gainera, kideak 14:30etan elkartzen dira ikuskizunak prestatzeko.

Musika taldeari dagokionez, era guztietako instrumentuak batzen ditu txarangak: gitarra, baxua, akordeoia, tronpeta, saxofoia, bibolina eta xirulak. Bazkide izateko helduek 35 euro ordaindu behar dute urtean eta 15 urte beheragokoek, 20 euro. Honi 15 euro gehitu behar zaizkio lehenengo urtean izena-emate gastuen karietara.


Lotura interesgarriak

Denak Bat Taldea
www.denakbat.fr

Euskal Dantzarien Biltzarra
www.euskaldantzarienbiltzarra.com

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Okzitaniako Tolosako Denak Bat-ek haur eta helduen dantza ikastaroetara biltzera deitzen du webgune berritik

Denak Bat Taldeko kideak aurtengo Colomierseko inauterietan (argazkia denakbat.fr)