euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Sarrera

Zaintzaile etorkinak

Euskarak ematen du sarritan txalupa zahar baten itxura: arraunlariak ontziari ura sartzen zaion zulo bat konpontzen ari diren bitartean zulo berria agertzen da ohol zaharren artetik.

18_adinduna.jpg

Gunerik euskaldunenetan fenomeno berri bat ari da gertatzen urteotan, nire iritzirako orain artean gutxiegi aztertu duguna. Segur aski, hori horrela da gaiak ertz asko dituelako, baina ahalik eta ondoen azaltzen saiatuko naiz.

Duela urte batzuetatik hona, gure etxeetako adinekoak zaintzeko nagusiki etorkinak kontratatzen dituzte familiek. Etorkin hegoamerikarrak gehienetan eta gaztelaniaz mintzo direnak ia beti. Hain zabaldua den fenomeno honek ez bakarrik gure hizkuntz paisaian, betidanik euskaraz funtzionatu duten eremu intimoetan ere aldaketa nabarmenak ekarri ditu.

Kasik euskara hutsez bizi izan diren zahar asko beren bizitzaren azken urteetan egunaren zati handi batean gaztelaniaz bizitzera pasatzen dira, baita kasik elebakar euskaldunak izan direnak ere. Fenomenoak adindu horien familietan ere badu eraginik. Betidanik euskara hutsez funtzionatu duten familietan gaztelania bide horretatik sartu da. Laster batean, guraso zaharren eta seme-alaben edo biloben arteko harremana hein batean erdarazkoa izatera pasatu da.

Hizkuntzaren kaleko erabileran ere berehala izan du eragina. Horrela, kaleko giro arras euskalduna izan duten herrietan, orain arte euskararen gune ia esklusiboak zirenetan, aldaketa gertatu da zaharren koadriletan, hauek biltzen diren ostatuetan, eta oro har kale, auzo eta herrietako eguneroko bizitzan.

Gai honek ertz asko dituela esan dut, eta egia da tentuz eta errespetu handiz aztertzekoa dela. Osagai askok egiten dute topo: pertsona etorkinen bizi beharrak eta nozitzen dituzten estutasun bereziak, euskal demografiaren izaerak, urteotako beroaldi ekonomikoak bertako gizon eta emakumeak lan mota hauei muzin egitera eraman izanak, eta abarrek. Ahaztu gabe gure aiton-amonek zenbat eskertzen eta estimatzen duten kanpotik etorritako langile hauetako askok adineko jendearekiko erakusten duten goxotasun berezia.

Gaia hor dago, hala ere. Euskal hiztunen komunitatean fenomeno berri eta inpaktantea ari da gertatzen, hizkuntzaren erabilerari eragiten diona puntu kritiko batean, afektibitate, pribatutasun eta intimitaterik handieneko eremuan. Hizkuntz normalizazioan ari garenok aztertu beharreko fenomenoa da.


Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria