Hemen zaude: Hasiera Albisteak Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxea bere 114. urteurrena ari da ospatzen aste honetan

Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxea bere 114. urteurrena ari da ospatzen aste honetan

2009/04/03

Munduan izen honekin den euskal etxe bakarrak, Iparraldeko Euskal Etxeak edo Centro Vasco Francés delakoak --bi izenak erabiltzen dituzte bertakoek--, sortu zeneko 114. urteurrena ospatu du aste honetan. 1895eko apirilaren 1ean sortua, urte gutxi batzuk geroago, 1901ean, pasatu zen oraindik ere bere egoitza izaten segitzen duen egungo eraikinera, hiriburu argentinarrean. Urteurrenaren karietara, bertako Kultura Azpibatzordeko kide eta sustatzaile den Norma Riosek honako artikulua idatzi eta bidali digu, guri eta gure irakurleei ere aukera emanez urteurrenarekin bat egin dezagun.

Norma Rios/Buenos Aires. 1895eko Apirilaren 1ean sortu zen Buenos Airesen Centro Vasco Francés delakoa, Iparraldeko euskaldun talde baten eskutik, "gizataldeko kideen arteko loturak sustatu eta trinkotzeko xedez", erakundeko lehenengo sei bazkideek idatzitako batzar-agiriak frantsesez dioenez.

Urte hartan bertan euskaratu ziren jatorriz frantsesez idatzi zituzten Estatutuak.

Erakundeak zenbaitetan aldatu zen helbidz, 1901eko urtarrilaren 13an egungo egoitza zabaldu zen arte, Buenos Aires Hiriko Moreno kaleko 1370.ean.

Geroztik ibilidituen 114 urteotan, gure erakundeak une garantzitsuak bizi izan ditu, eta Euskal Herriko jende ugarik iragan ditu bere ateak, ez bakarrik bisitan, bestela ere baizik: hitzaldiak ematen, euren musika geurekin partekatuz edo Euskal Herriko ohiko dantzak erakutsiz.

1991etik aurrera eta orduan presidente zen Simon A. Soroet-en ekimenez, Kultura Azpibatzordea sortu zen, lehenengo buru Guillermo P. Arrossagaray izan zuelarik, berarekin batera gazte talde ekimentsu batek euskal tradizioak ezagutu eta zabaltzeari ekin ziola. 1992az geroztik etengabe gauzatu izan dira, konparazio, kultura zikloak, tartean hitzaldiekin, zine saioak, euskal kantu zahar eta berrien ikastaldiak edota dantzari buruzkoak. Tarteka euskara eskolak ere eman izan dira, Euskal Herritik itzulitako lagunen eskutik gehienbat.

Denbora ez da gelditzen, eta jendea berritu egiten da, baina geure euskal etxearen sorrera eragin zuen jende talde haren izpirituak aurrera darrai egun Kultura Azpibatzordea osatzen dugun guztion bihotzetan.

Geuk, jatorri euskalduneko argentinarrok, geurekotu egin ditugu elkarteko lehenengo presidenteak, Jean-Pierre Passicot-ek, 1933an Lapurdiko Luhuson esan zituen hitzak, Euskaltzaleen Biltzarraren aitzinean Argentinako euskaldunen ordezkari gisa mintzatu zenean: "Euskalduna naiz, euskaldun bizi naiz, euskaldun hilko naiz eta, berpiztuko banintz, euskaldun segituko nuke".

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Buenos Airesen, Iparraldeko Euskal Etxea bere 114. urteurrena ari da ospatzen aste honetan

Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxearen egoitzako hall-a eta Kultura Aretoko atea (argazkia Norma Rios)