Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bahia Blancako Euskal Argentinar Aste Nazionala 2009: ekitaldietako argazki erreportaia (I)

Bahia Blancako Euskal Argentinar Aste Nazionala 2009: ekitaldietako argazki erreportaia (I)

Egin berria da urriaren 26tik, astelehena, azaroaren lehena, igandea, bitartean --gailurra asteburuan--, Bahia Blancan, Buenos Aires probintzian, 2009ko Euskal Argentinar Aste Nazionala. Herrialde osoko hainbat euskal etxe eta euskal gizataldetako kideak bildu dira, Chaco eta Misionestik Patagoniako Santa Cruzeraino, urteko euskal ekintzen artean guztien bilgarri izatearren antolatua den deialdi garrantzitsu honetan. Hona 2009ko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko argazki eta bideo kronikaren lehenengo partea. Datozen egunotan segituko dugu materialaren gainerakoa argitaratzen.

 

[Lan honen lehenengo bertsio bat, ikusteko arazoduna, azaroaren 3an argitaratu zen. Hura zuzentzearekin batera, azaroaren 16ko bertsio eguneratuan argitaratzen dugu hemen. Barkatu eragozpenak]

Bahia Blanca, Argentina. Urtero bezala, aurtengoan ere iritsi da Argentinan Euskal Aste Nazionalaren hitzordua, herrialde australeko euskaldunek eta euskal jatorrikoek biltzeko, elkar ikusi, elkarrekin mintzatu eta gai amankomunez mintzatzeko daukaten urteko hitzordu nagusia. Aurtengoan, gainera, Bahia Blancako euskal etxe antolatzaileak sortu zeneko 110. urteurrena ospatzen duen urtean. Zorionak Union Vascari, eta bere baitan batzen duen ilusioaren, lanaren eta lan bolondresaren indarrarengatik. Lan fina egin dute 2009ko Euskal Argentinar Aste Nazional hau antolatzen. Hona Euskal Astearen kronika irudietan.

2009 euskal astea bahia blanca 02

[Bahia Blancako logoa daraman elastikoa, Euskal Astean. Union Vascak elastikoak eta beste hainbat artikulu ipini ditu salgai 2009ko Euskal Asteko oroigarri gisa]

2009 euskal astea bahia blanca 003

[Astelehenerako guztia zegoen prest Argentina osotik eta beste hainbat lekutatik iritsiko ziren bisitariak errezibitzeko]

2009 euskal astea bahia blanca 004

[Bahia Blancako Euskal Etxeak 110 urte betetzen zituen urtean egin da Euskal Aste hau, Bahia Blanca eta euskaldunen arteko erlazio berezi horren erakusgarri. Argazkian Union Vascaren eraikineko ikuspegia]

2009 euskal astea bahian blanca 005

[Kirol arloan, aurtengo edizioan nabarmendu behar izan den txapelketa eta erakustaldietako bat emakumeen pilota izan da, Union Vascaren eraikin barneko kantxan, nazioarte mailakoa]

2009 euskal astea bahia blanca 006 

[Ameriketako kontinente osotik etorririk, zenbait naziotako euskal etxeetako ordezkariak mundu mailako erakunde berri bat sortzeaz mintzatu ziren Bahia Blancan]

2009 euskal astea bahia blanca 007

[2009ko Euskal Asteak egin dituen proposamenen artean, oholtza gaineko euskal klasiko bat: Jose Maria Uandizagaren Mendi Mendiyan. Argazkian, emanaldiko afixa]

2009 euskal astea bahia blanca 008

[Txalo zaparrada ederra jaso zuten Bahia Blancako Udal Antzokian Mendi Mendiyan eskaini zuten kantariek, 2009ko Euskal Astearen programaren baitan. Argazkian, Santos Ariño baritonoa kantari (Juan Kruzen paperean). Berarekin baera aritu ziren, Bahia Blancako Orkestra Sinfonikoa José Antonio Cerón Ortega zuzendari; Carmen Aparicio sopranoa (Andrea), Andeka Gorrotxategi tenorea (Jose Mari), Luisa Reimers sopranoa (Txiki), Enrique Boland baritonoa (Kaiku), Marcelo Boluña baxua (Gaizto) eta, pianojole laguntzaile, Cesar Tello maisua]

[Endeka Gorrotxategi tenoreak (Joxe Mari, obran), 'Alare' doinu ezaguna kantatzen du]

2009 euskal astea bahia blanca 009

[Union Vasca Euskal Etxean gauzatu ziren ekimenen artean, tailerrak aipa daitezke, horien artean txistuari eskainitakoa, bi mailatan. Irudian, maila aurreratua, euren euskal etxeetan txistulari direnentzat]

2009 euskal astea bahia blanca 010

[Aldi berean eta beste gela batean txistulari gisa trebatzen ari direnentzako bigarren tailer bat eman zen. Bi tailerretan partiturak eta materiala banatu ziren, bakoitzak atzera egindakoan pauso berriak eman ahal izateko txistua jotzen]

2009 euskal astea bahia blanca 011

[Argentinako zenbait euskal etxek erantzun zioten Bahia Blancako EEko abesbatzak eginiko deialdiari eta kantu emanaldia osatu zuten guztien artean EEko Andoni Irazusta aretoan, bertako koralekoek emanaldia hasita. Union Vascako Mikel Irazustak --aurten lehendakari hautatua, Andoni Irazustaren semea, irudian eskuinean-- eskainitako hitzek zabaldu zuten ekitaldia]

2009 euskal astea bahia blanca 012 

[Koral bakoitzak bere errepertorioko kantu hautatu batzuk eskaini zituen gainerako abesbatzen eta bildutako publikoaren aurrean]

2009 euskal astea bahia blanca 013

[Ostiral gauez, Euskal Herritik etorritako Urko kantariak bazterrak mugitu arazi zituen Bahia Blanca hiri kanpoaldeko FISA pabilioian. Hainbat jende, zahar eta gazte, bildu zen kontzertura, kantatzeko eta dantzatzeko gogoz]

2009 euskal astea bahia blanca 014 

[Kanta tradizionalak eta bere errepertorio propioko izenbururik ezagunenak kantatuz, bat baino gehiagok 25 urte kendu zituen gainetik Urkoren zenbait kantu berriz ere entzuterakoan. Ezin bestela izan, emanaldia 'Guk euskaraz' eta 'Maite, maite, maitiarekin' bukatu zen, 'Guk euskaraz' birritan kantaturik]

[Urko 'Zazpi Euskal Herriek' kantua kantatzen, gazteak kalejiran]

2009 euskal astea bahia blanca 015

[FISA pabilioira bildutakoen artean, Quebec-etik propio bidaiatutako Ernest Behaxateguy ez zen atzean geratu eta Urkoren jaialdi ondoko festan bonbo eta guzti murgildu zen festan, bertan egindako hainbat lagun gaztetxoz inguraturik]

 

BIHAR SEGITUKO DU

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Bahia Blancako Euskal Argentinar Aste Nazionala 2009: ekitaldietako argazki erreportaia (I)

Bahia Blancara bildutako dantzari eta festagileak bertako Union Vasca Euskal Etxearen aurrean (argazki erreportajea eta bideoak EuskalKultura.com)