Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bost abesbatz aritu ziren elkarrekin kantuan Argentinako Euskal Asteko Abesbatz Bilkuran

Bost abesbatz aritu ziren elkarrekin kantuan Argentinako Euskal Asteko Abesbatz Bilkuran

Euskal Astean dantzak nagusi diren arren, beste proposamen kultural batzuk ere euren lekua eskuratzen ari dira azken urteetan. Argazki eta pintura erakusketak, pilota partidak, zinea, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak aipa ditzakegu horien artean. Aurten berri bat gehitu zaie: La Platako Euzko Etxeak antolatu zuen Abesbatzen Bilkura. Bost euskal etxeetako koruek hartu zuten partelehen bilkura honetan: Villa Mercedes, Tandil, Villa María, Rosario eta, jakina, La Platako anfitrioiak. Taldeek erakustaldi bikaina eskaini zuten eta bukatzeko denek elkarrekin kantatu zuten “Kinkirri kunkurru” abestia. “Zoritxarrez ez da horrelako topaketarik egiten euskal aste guztietan; gu, ordea, harro gaude abesbatzei lekua eman izanaz. Talde hauek lan gogorra egiten dute eta merezi dute euskal asteetan parte hartzea", azaldu zion EuskalKultura.com-i Maria Evangelina Bertolak, Euzko Etxeako abestabatzaren zuzendariak.

La Plata, Argentina. “Euzko Etxea”ko abesbatzak eman zion hasiera Abesbatz Bilkurari, lagunez lepo zegoen Herriko Etxeko Urrezko Aretoan. María Evangelina Bertolaren gidaritzapean eta 25 kidek osatuta, etxeko taldeak “Ixil Ixilik”, “Popourri de canciones vascas”, “Canción con todos”, “Gernikako Arbola”, “Maritxu nora zoaz”, “Txakolin” eta “Haurrak ikas-azue” kantak eskaini zituen. Horren ostean, La Platako kantari txikien txanda izan zen. Zuzendari berarekin, Euzko Etxeako Umeen Abesbatzak “Tres hojitas” eta “Bat, bi, hiru, lau” abestu zituen.

La Platakoen errepertorioa bukatuta, Villa Mercedeseko “Grupo Vocal ‘Camerata de la luna’” igo zen antzeztokira. Talde honek ibilbide oparoa du musika munduan eta hamazazpi lagunek osatzen dute. Zuzendariaren gidaritzapean kanta hauek abestu zituzten: “Aurtxo txikia”, “Txoria txori”, “Agur Jauna”, “Eusko Abendaren ereserkia”, “Ave María”, “Hymne a la Nuit”, “Chacarera de las piedras” eta “Calle angosta”. ‘Camerata de la luna' korua iaz hasi zen Villa Mercedeseko euskal etxearekin lanean eta lankidetza horri esker euskal kanta dexente gehitu ditu bere errepertoriora.  

Abesbatzen Erakustaldia (2)

 [Villa Mercedeseko Grupo Vocal Camerata de la Luna abesbatza La Platako Euskal Astean egin zen abesbatz erakustaldian kantari (argazkia EuskalKultura.com)]

Ondoren Tandilgo taldeari heldu zitzaion txanda. Martín Tumbarinok zuzentzen du korua 2006az geroztik, eta 25 lagunek osatzen dute. Abesbatz bilkura honetarako “Ana ohian”, “Haurtxo seaskan”, “El pintao”, “Beber”, “Hator, ator” eta “Illun Abarra” abestiak prestatu zituen.

Villa Maríako “Denak Bat” abesbatza laugarren tokian agertu zen. Juan María Beitia apaizak 1967an sortutako abesbatzak “Nerea izango zen”, “El roble y el ombú”, “Jeiki jeiki”, “Sur”, “Guainito”, “Volver”, “Trabajos de la viña”, “Maitia nun zira?” eta “Maite” egin zituen. Gaur egun koruaren zuzendaria Silverio Urbani da eta 18 abeslarik osatzen dute taldea. Azkenik, Rosarioko “Lagun Artea” abesbatzak, Sandra Alvarezen gidaritzapean, “Boga boga”, “Zeruan eder ilargia”, “Andre Madalen”, “Egizu lo”, “Txoria Txoriak”, “Agua y sol del paraná”, “Pregones del Altiplano” eta “Pòngale por las hileras” eskaini zituen.

 

Abesbatzen Erakustaldia

[La Platako Euzko Etxeako abesbatza kantari 2008ko Euskal Astearen barruan egin zen erakustaldian (argazkia EuskalKultura.com)]

Emanaldia bukatzeko, koru guztiek “Kinkirri kunkurru” euskal abesti herrikoia eskaini zuten elkarrekin. “Gure abesbatzak amateur mailakoak dira eta gure baliabideekin moldatzen gara. Horregatik batzuetan oso zaila da topaketak antolatzea eta bertara joatea. Euskal Aste honetan deialdi irekia egin genuen, baina zoritxarrez, aurrekontu arazoak direla medio, koru batzuk ezin izan zuten etorri”, azaldu du Bertolak, ekimenak beste euskal asteetan jarraipena izango duenaren itxaropenarekin.  

 

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.