Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iñaki Galdos Gipuzkoako foru diputatua Argentinara abiatuko da, Euskal Astean parte hartzeko

Iñaki Galdos Gipuzkoako foru diputatua Argentinara abiatuko da, Euskal Astean parte hartzeko

Iñaki Galdos, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako diputatua, Argentinara abiatuko da datorren asteartean, asteburuan Bahia Blancan egingo den Euskal Astean parte hartzeko. Bahia Blancan, Foru Aldundiaren eta bertako Union Vasca Euskal Etxearen arteko lankidetza akordioa sinatuko du, 'Semana Vasca'ko erakunde laguntzaile denez gero. Galdosek zenbait kontaktu garatuko ditu Argentinan eta besteak beste, Chascomús bisitatuko du, herri horretan datorren urtarrilean, Zingirako Euskaldunak EEak antolaturik egingo den euskal udalekuko babesle baita.

Donostia-San Sebastian. Joan den urtean La Platan izan zen Euskal Astera egin zuen bidaian jorratutako bideari eutsiko dio bisita honekin Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako diputatu den Iñaki Galdosek. Iazkoan adostu eta gauzatzen hasitako lanen emaitza da, esaterako, Gipuzkoako gobernuak aurtengo Bahia Blancako Euskal Asteari emandako sostengu ekonomikoa. Hori hezurmamitzen duen akordioa sinatuko dute Semana Vasca-ren baitan Union Vascako presidenteak eta Galdos diputatuak.

Iaz Chascomus-era egindako bisitaren ondorio da baita ere, herri hortako Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea lankide datorren urtarrilean bertan gauzatuko den ekitaldi garrantzitsua: euskal udaleku bat. Gipuzkoar foru erakundeak bere lurraldean antolatzen dituen udalekuen eskarmentua ekarriko du horra, teknikari eta aholkulari gipuzkoarren zuzendaritzapean bideratuko baita euskal-argentinarren udako elkarretaratze eta astialdi zein formakuntza alorreko kanpamendu aitzindari hau.

Kooperazio gipuzkoarra, euskal etxeak tarteko

Kirol arloan pilotan-eta ematen dituen laguntzez gain, Gipuzkoako gobernua Argentina iparreko Misiones probintziako komunitate guaranien aldeko ekimen bateko sostengatzaile ere bada, Corpus Christiko Eusko Etxearen eskutik. Izan ere, kooperaziorako laguntzak dauzka euskal erakundeak, euskal etxeak tarteko bideratzeko. Misiones-ko lurretan, esaterako, mbya guarani leinukoen ongizatea eta aurrerabidea bultzatzeko kooperazio proiektuak ari da bultzatzen Aldundi gipuzkoarra, Eusko Etxea bitartekari eta eragile. 2010ean, lurra lantzeko eta hezkuntza eta osasun alorreko ekimenak daude aurreikusita.

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariok datorren asteartean aterako dira Euskal Herritik Argentinara eta Buenos Airesen emango dituzte ostirala arteko egunak hiriburura bertaratuko diren euskal etxeekin eta euskal gizataldeetako ordezkari eta norbanakoekin elkartuz, gipuzkoarrekin bereziki. Ondoren abiatuko dira Bahia Blancara, bertako egitaraura biltzeko. Euskal Astean ere euskal gizataldeetako ordezkari eta norbanakoekin solastuko dira, komunitateari pultsoa hartuz.

Iñaki Galdosek Aitor Urkizu bere departamenduko prentsaburuarekin egingo duen bidaia honek bideratzen ari diren proiektuotan sakontzeko balioko duela adierazi dio EuskalKultura.com-i foru aldunak.

-Gipuzkoako Foru Aldundia, emaila: kanpoharremanak@gipuzkoa.net
-GFA Kanpo Harremanak: hemen
-GFA webgune orokorra: www.gipuzkoa.net

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.