Hemen zaude: Hasiera Albisteak Country izar euskalduna

Country izar euskalduna

2002/08/22

Ederki ezagutzen ditu Estatu Batu Mendebaldeko rodeo plazak Johnny U country kantariak. Gizasemeari goitik behera ongi begiratuta ere, amerikar itxura eta tankera besterik ez zaio antzematen. Eta halaxe da bera, Idahoko arrantxu batean jaiotako cowboya. Bere kantu eta gitarra doinuetan ere, rodeo giroa, amodio gaiak eta Oesteko molde erruralen isla baizik ez da ageri. Amerikarra izanik, ordea, euskaldunen seme da Johnny hau. John Urrutia du benetako izena eta bizkaitarrak zeuzkan aiton-amonak.

Idahoko arrantxu batean jaio zen Johnny U, duela berrogeita zenbait urte. Kantaria da bera, baina zezenen gaineko rodeolari profesionala izan zen lehenik, PRCAren (Rodeo Cowboy Profesionalen Elkartearen) zirkuitoan. “Cowboy-a, kantatzen duen benetako cowboy bat naiz”, esan ohi du prentsa eta komunikabideei epeka ematen dien elkarrizketetan. Eta halaxe da, bere familiak Idaho hegoaldean zeukan etxaldean, ganadu eta ardi arteko arrantxu-bizimoduari lotua hazi baitzen egun Nashville-n (Tennessee), country musikaren bihotza den hiri horretan koartel nagusia ezarria duen Johnny U.

Amerikarra eta arrantxu-girokoa bai, baina, zehatzago, Oesteko bizimoduan peto-peto txertatutako familia euskalduna izan da Johnny U-rena. Aiton-amonak, Bizkaikoak; Euskal Herria utzi eta Idahora bizimodu hobe bila etorriak. Idahoko eremuetan ardiak zaintzen ibili zen bere aitona, mendietako bakartasuna ezaugarri duen bizimodu hori utzi eta arrantxura, pertsonen artera bizitzera pasatzea lortu zuen arte. Beste euskaldun batekin ezkondu, eta -–AEBetako euskaldunen betiko historia-- euren seme-alabak, Johnny U-ren aita tartean, amerikano jaio ziren. Amerikano eta euskaldun, hizkuntza aldetik ere.

“Euskara baizik ez zuen egiten nire aitak sei urterekin eskolara hasi zen arte”, kontatzen digu Johnnyk. “Nire aitona, nire aitxitxe, Euskal Herrian jaio zen, Amoroton, eta mende honen hasieran etorri zen Ameriketara, ardiak jagoten lan egitera, Idahoko bueltan”, azaltzen digu ingelesez kantari amerikarrak. Aita ezezik, arrantxu giroan jaio ziren Johnny eta bere anai-arrebak ere. Eskolako lehenengo eta bigarren mailako ikasketak burututa, Idaho State Unibertsitatera joan eta matematika eta irakaskuntzan graduatu zen Johnny. Zortzi urteko maisu-karrera alboratu zuen txikitandik zaletasun kuttuna zuen rodeo mundura dedikatzeko. Eta ez nolanahi, Oesteko rodeo-animalia tipikoak diren gorputz eta adar sendoko zezen basatien gainean lehiatzeko baizik. Ihardun horretan izandako zenbait kolpe eta istripuak medio, muzin egin behar izan zion, bolada bat eta gero, rodeoetan lehiakide eta partaide aktiboa izateari.

Betidanik musikazalea izanik, ordea, umetandik parte hartu ohi zuen berak musika emanaldietan. Eta horixe topatu zuen rodeo mundutik hurbil jarraitzeko bidea. Bere prentsa dossierrak dioenari erreparatuz, “(...)zazpi urterekin hasi zen Johnny U herri-mailako emanaldietan. Musikarekin, transizio ikusgarria egin du Johnny Uk rodeo aretoetatik musika countryaren aretoetara. Kantugile legez, esperientzia pertsonalak hartzen ditu abiapuntu eta halaxe egiten du, esaterako, “In Her Eyes” (Neskaren begietan) kanta ezagunean. 1987an “He’s a cowboy” izeneko bere singleak nazio maila jo zuen eta Johnnyk debuta egin zuen Las Vegas-en Rodeo Final Nazionaletan. Izan zuen arrakastak itzultzea ekarri zion 1988an eta urtero, geroztik”.

Musika eta kantu arloko bere hastapenari buruz galdetu, eta bere kurrikulum ofizialak esaten duena osatzen du Johnny Uk, gazte-gazterik hasi zela, party edo festetan, eta kantari eskarmentua hartua zuela eskolan, elizan eta herri mailan antolatzen ziren ekintzetan. Gitarra jotzen ikasi zuen eta institutuan ere bandak lagunduta kantatzen zuen; bere familian denek jotzen omen zuten musika. Familiari buruz galdetu eta xehetasun bat edo beste ematen digu.

“Denek nire familian jo izan dute instrumenturen bat”, agertzen du idahotarrak. “Nire arrebek eta anaiak akordeoia jotzen zuten eta, are gehiago, gure herri inguruan antolatzen ziren euskal dantzaldietan jo ohi zuten, duela hogei urtetik gora, gaztetxo zirenean. Badakizu, pieza amerikano batzuk eta batez ere jotak, baltsak eta hemengo euskaldunek hain maiteak dituzten antzeko euskal doinuak. Ni ere joaten nintzen baina nire kantatzeko eta jotzeko estiloak, gehiago jotzen zuen country aldera. Eta ikusi; azkenean bizimodu bilakatu zait countrya”, kontatzen du Oeste modako kapela edo sonbreropetik.

Zenbait grabazio dauzka Johnnyk merkatuan. “Tucson” izeneko konpakto eta abestia bere kuttunenetakoa da eta harexekin lortu zuen, izan ere, bere izena Eskandinaviako zerrendetan ikustea. Johnny bera izan ohi da bere kantuetako askoren idazlea. Taxuz, moldez, instrumentuz eta gai aldetik ere western country delako horren bideetan sailka daiteke bere musika. “Ez guzti-guztiak, baina kantatzen ditudan kantu gehienak nik idatziak dira, gehienak amodioa eta maitasun kontuak aipatzen dituztenak, western country izena duen estilo barnean beti”.

Johnnyk Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Federazioak (NABOk) urtero antolatzen duen Convention edo Biltzar Nagusiarekin batera eratutako ekintzetan hartu zuen parte orain urte batzuk, haiek gonbidatuta, ekitaldia Idahoko Gooding herrian egin zenean. “Ez naiz gehiago Idahon bizi, Nashvillen dauzkat emaztea eta seme-alabak, eta han, zoritxarrez, ez daukagu Idaho, Nevada, Kalifornia eta Oesteko parte horretan bezala euskal komunitaterik edo euskal kultura arrastorik”, azaltzen du. “Ederki dakit, ordea, zeintzuk diren nire erroak eta, horrexegatik, Gooding-era kantatzera etortzeko proposamena egin zidatenean ez nuen zalantzarik izan. Normalean rodeoz rodeo ibiltzen naiz nire taldearekin, oso jole onak dira eta jatorrak, lagun onak, eta sekula ez genuen euskal festa batean jotzeko aukera izan. Suertea izan zen, beraz, hara batzea, erakutsi ahal izan bainien nondik natorren, zein den nire jatorria edo kultur herentzia”.

Johnny Urrutia

“Urrutia da nire abizena, Urrutiaren laburdura da erabiltzen dudan “U” hori” agertzen du kantariak. “Estatu Batuetako jendeak ez daki Urrutiaren “rr” hori euskaraz bezala ahoskatzen, oso zaila egiten zaio eta, ondorioz, nire deitura mila modu diferentetan esaten zuten. Eta hori ez da ona kantari batentzat. Horregatik erabaki nuen esateko eta oroitzeko ere errazagoa izango zela “Johnny U” (Ioni Iu ahoskatua) eta hori hartu nuen izen artistikotzat. Harro nago, bestela, nire erro euskaldunez”.

Ez da Johnny sekula izan Euskal Herrian. “Izugarri gustatuko litzaidake nire aiton-amona eta arbasoen lekuak bisitatzea. Behar bada, nire lanek Eskandinavian duten arrakastak hegoalderago jarraitzen badu, posible izango litzateke tour bat antolatzea Europara eta Euskal Herria bisitatzea. Entzun dut Euskal Herrian irratiren batek ipini izan dituela nire kantak”.

Estatu Batuetako country munduaren hiriburuan, Tennessee estatuko Nashville hirian dauka ezarria koartel nagusia Johnny Uk. Texas estatuko hiriburuan, Texas Cityn, dago, berriz, bere fan edo zaleen kluba. “Johnny U Friendship Club” du izena eta P.O. Box 3112, Texas City, Texas 77590 dauka helbide. Bere e-maila, Johnnyu@rmci.net.
Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.
Country izar euskalduna

Johnny U (J. Etxarri argazkia)