Hemen zaude: Hasiera Albisteak Idahoko zenbait tokitako euskara ikasleak bildu eta esperientzia amankomunak partekatuko dituzte

Idahoko zenbait tokitako euskara ikasleak bildu eta esperientzia amankomunak partekatuko dituzte

Joan den ikasturtean, Boise eta Homedale herri idahotarretako (AEB) euskara ikasleak lehenengo elkarretaratze bat egin zuten eta euskara klase bat eta afaria partekatu zuten. Ekitaldiak lortu zuen arrakastak bultzatuta, ikasturte berrian ekimena berriz ere planteatu da, eta baliteke aurreko Boise eta Homedale-ko ikasleez gain Gooding-ekoak ere emendatzea. Izaskun Kortazar NABOko Euskara koordinatzaileak animatu nahi ditu Estatu Batuetako gainerako euskara ikasle eta irakasleak molde honetako ekimenak gara ditzaten eta bil daitezen esperientziak eta eskarmentua partekatzeko ondoko edo ez-urruneko herri eta hirietako euskara eskolakideekin.

Boise, Idaho, AEB. Joan den ikasturtean Boiseko ikasleak (Itxaso eta Izaskunen klaseak) izan ziren lehenengo urratsa eman eta Idahon bertan dagoen Homedale herriko Euskal Etxera bertaratu zirenak, bertako ikasleekin (Gloria Lejardiren klasea) mintzatu, euskara eskola bat partekatu eta horrekin batera "Homedalekoek prestatutako afari gozoaz" giro ezinhobean gozatu zutenak.

"Oso esperientzia polita izan zen eta oso aitzaki ona ikasleak klasea prestatzen buru belarri ibiltzeko elkartu baino lehenago. Lehenengo eta behin Homedaleko ikasleek prestatutako afaria jan genuen eta gero klaseari ekin genion. Klasea oso barregarria eta interesgarria suertatu zen", agertu dio EuskalKultura.com-i NABOko Euskara koordinatzaileak.

Boise, Homedale eta Gooding-en

Ekimenak lortutako arrakastaren ondotik, Izaskunek antzeko zerbait proposatu nahi die euskara ikasten ari diren gainerako ikasleei, hasteko Estatu batuetakoei. Bere ustetan, euskara ikaste lanetan "garrantzitsua da ikasleak isolatuta ez sentitzea eta honelako ekintzek helburu hori dute. Datorren ikasturterako Gooding-eko ikasleekin (Asun Bedialaunetaren klasea) eta berriz ere Homedaleko ikasleekin elkartzeko asmoa dugu", adierazi du.

Izan ere, Izaskun Kortazarrek lerro hauek aukera baliatu nahi du "ikasle eta irakasle guztiak anima" daitezen, "honelako ekintza bat martxan hasteko. Oso ondo pasatzen da, asko ikasten dute eta esperientziak partekatzen dituzte. Benetan merezi du", azpimarratu du Kortazarrek.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.