Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mondragon Unibertsiteak Txilen ekintzailetza ikastaro bat jarriko du abian; %100eko bekak daude

Mondragon Unibertsiteak Txilen ekintzailetza ikastaro bat jarriko du abian; %100eko bekak daude

2009/02/09

Mondragon Unibertsitateak eta Txileko Fundación Minera Los Pelambres eta Choapa Emprende erakundeek Ekintzailetza, Berrikuntza eta Elkarkidetza Ikastaro Aurreratu bat abiatuko dute datorren martxoan Santiagotik 200 kilometro iparraldera dagoen Choapa eskualdean. Ikastaroa hango enpresari txikiei eta lizeoetako irakasle tekniko zein funtzionari publikoei zuzendua da. Zazpi hilabeteko iraupena izango du, eta 20 proiektu onenen egileek hiru astetako egonaldia egingo dute Euskal Herrian. Ikasleek ikastaroa osotasunean ordaintzen duten bekak jasoko dituzte, baina bertan parte hartu nahi dutenek azkar ibili beharko dute, eskabideak aurkezteko epea larunbat honetan, otsailaren 14ean bukatuko delako.

Arrasate, Gipuzkoa. Ikastaroa 2008 urtean Mondragon Unibertsitateak, Fundación Minera Los Pelambres (Txile) eta Choapa Emprende (Txile) erakundeek sinatu zuten elkarlanerako akordio baten lehen ondorioa da. Akordio horren helburua Choapako probintzian ekintzailetza, berrikuntza eta elkarkidetza gaitasunak garatzea zen eta asmo hori betetzera dator martxoan abiaraziko den ikastaro aurreratua. Choapako industria nagusia meatzaritza da eta lehen sektoreak indar handia du bertan.

'Ekimenak hiru arlo landuko ditu', azaldu dio EuskalKultura.com-i Jose Luis Abaunz Mondragon Unibertsitateko Negozio Eskolako zuzendariak. 'Alde batetik, enpresari txiki eta mikroenpresarien artean elkarkidetzarako joera sustatu nahi dugu. Bigarrenik inguru hauetan ekintzailetza eta berrikuntza kultura indartu nahi ditugu, eta hirugarrenik, berrikuntza sustatu eta aktibitateei balio erantsia eman nahi diegu'. 

Trebakuntza programa bi taldeei zuzendua da: batetik Choapako mikroenpresari eta enpresari txikiei, eta bestetik Lizeo tekniko-profesionaletako irakasleei, herri mailako funtzio publikoan zein Fundación Minera Los Pelambresen ari diren profesionalei. Aipatu fundazioak eta Txileko hainbat garapenerako erakundek finantzatzen dute proiektua eta partehartzaileek %100eko bekak izango dituzte. Klaseak martxoan hasiko dira eta azaroaren bukaera arte luzatuko dira, Abaunz-ek azaldu duenez. '2010eko urtarrilean edo otsailean 20 proiektu onenen egileek Euskal Herrian hiru astetako ikastaro berezia egin ahal izango dute', adierazi du.

Larunbata arte

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek azkar ibili beharko dute, izena emateko epea datorren larunbat honetan bukatuko da eta. Izen-emateak leku hauetan egin daitezke:

-Illapel-en: Programa Choapa Emprende Bulegoa (O’Higgins 240 kalea). Astehelenetik ostiralera (09:00-13:00 eta 15:00-18:00). Arduraduna: Beatriz Lizana Fuentes.

-Salamanca-n: Fundación Minera Los Pelambres-en bulegoa (José Joaquín Pérez  541 kalea). Astelehenetik ostiralera (09:00-13:00 eta 15:00-18:00). Arduraduna: Claudia Zepeda.

-Los Vilosen: Oficina de Desarrollo Productivo ODP (Avenida Caupolicán z/g). Astelehenetik ostiralera (08:30-14:00 eta 15:00-17:30). Arduraduna: Nelson Vásquez.

Era berean informazio gehiago eskuratu ahal izango da Choapa eskualdeko Oficinas de Desarrollo Local (ODEL) bulegoetan.

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.