EuskoSare > Communautés > Gure Musika > Trikitixa: Musika, dantza, abestiak eta jai giro herrikoia
2008-08-22 17:10
  • Euskara
  • Castellano
  • Français
  • English
Actions sur le document
Trikitilaria eta pandero-jotzailea Copyright euskonews

Trikitixa: Musika, dantza, abestiak eta jai giro herrikoia

Musika tresna, musika estilo edo dantza mota da trikitixa. Gehienetan, pandero baten laguntzarekin jotzen da instrumentu hau. Panderoaren soinutik dator trikitixa hitzaren jatorria, onomatopeia bat da, eta trikitixa eta panderoaren arteko lotura estuaren adierazgarri da. Trikitilariak eta pandero-jotzaileak, bien artean sortzen duten musika ere trikitixa lez izendatu da.


Zer da trikitixa?

Euskal Herrian trikitixa lez ezagutzen den instrumentua soinu diatonikoaren familiakoa da, hau da, akordeoi diatonikoa da. Txikia eta arina, non haizea erabiltzen duen aluminiozko fita dardarka jarri eta honela soinua sortzen duen. Instrumentu honek musika sortzen du, askotan testu batez lagundurik eta honek, dantza giroa.

Jatorria

Trikitixa ez da betidanik izan euskal kulturaren parte. XIX.mende amaieran hasi zen trikitixa hedatzen. Iturri idatzietan 1889. urtean du bere lehen agerpena. Hain zuzen ere, Urkiolako (Hego Euskal Herria) erromeria gaitzat duen idatzian Juan Carlos Guerrak aipatu zuen lehendabizikoz. Trikitixa, trikitia, soinu txikia edo eskusoinua bezala ere ezaguna den instrumentuaren jatorriari dagokionez eztabaida ez dago itxita. Gehien nagusitu den teoria honako hau da: Trenbidea egitera Alpeetatik Euskal Herrira etorri ziren langileek ezagutarazi zutela Euskal Herrian trikitixa. Bada, trikitixaren jatorria eta hedapena Bizkaitik Gipuzkoarakoa izan zela defendatzen duenik ere. Kontuak kontu, trikitixak Euskal Herrian eta hemendik at hedapen nabarmena izan zuela garbi dago.

Trikitixa edo soinu txikiaren aurrekaritzat, Txinako Cheng instrumentua hartu da. K.a 2.700 urtetik erabili da armonika baten antzera putz eginez jotzen den instrumentu hau.

Historian zehar trikitixaren erabilera eta izaera

Trikitixak, landa ingurunean egin izan du historian zehar bere txoko erosoena. Baserri giroan nagusitu zen bere presentzia gehienbat, honela, erromerietan protagonista izan da trikitixa. Hau da, ermita baten inguruko zelaietan egiten ziren baserritar festetan ohikoa zen. Dantza egiteari oso hertsirik egon izan da.

Trikitixa herrikoia da, horrela izan da bere historian zehar. Ospakizun berezietan nahiz eguneroko bizitzan izan da erabilia denboran zehar. Euskal Herriko kulturaren parte da soinu txikia; errotu eta sustraitu den fenomenoa da. Tradizionala da, ohituraz azken ehun urteetan erabili baita.

Euskal trikitixaren ibilbidea mende batekoa izan da. Arestian esan bezala, XIX.mendetik egun arte erabili izan den instrumentua da eta garaian-garaiko trikitixaren egoera ez da berdina izan. XIX.mendeko euskal errealitatea eta egungo errealitatea desberdina izaki, garaian-garaiko aldaketek eta egoerek baldintzatu dute bere bilakaera eta une bakoitzeko egoerari aurre egin beharrean aurkitu da.

Honela, landa gizartea nagusi zen garaitik, hiritar gizartea nagusi den egoerako aldaketa jaso da euskal jendartean, eta egoera honetara egokitu behar izan du. Gainera, frankismo garaiko errepresioa bitarteko, euskal kulturari lotutako gauza ororen debekuak zailtasun handiak ekarri zizkion trikitixari eta honekin lotutako ekintza orori, batez ere erromeriei. Elizak ere orain gutxi arte trikitixa eta honek sortzen zuen erromeria giroa ez zuen onartzen. Izan ere, dantza lotuan egiteko egoera sortzen zuen trikitiak eta elizak dantza horiek guztiz debekatzen zituen. Elizak euskal gizartean botere eta eragin handia izan du eta udal eta gobernu egituretan izan duen presentzia dela eta trikitixa gutxietsia eta gaizki ikusia izan da.

Funtzioak

Hainbat dira soinu txikiak bete izan dituen funtzioak. Garrantzitsuenen artean, funtzio sozial bat bete izan du. Hots, trikitixak inguru, giro berezi bat sortzen du, jendea bereganatzen du eta dantzarako giroa sortzen du. Honela, haur, gazte eta helduen elkar-erlazionatzea bultzatzen du dantzaren bitartez. Funtzio ekonomikoa ere bete izan du trikitixak. Izan ere, sagardotegi, ostatu eta tabernetako protagonista ere izan da.

Egungo egoera

Egun, trikitiaren presentziaren gainbeherari buelta ematea lortu da eta baserri giroko gauza lez ikustetik, bere erabilera esparrua zabaldu egin da. Eremu berrietara hedatu da; bere lekua aurkitu du egungo munduan eta arrakasta lortu du gainera.

Trikiti txapelketak andana dira eta baita honi lotutako dantza solte txapelketak ere. Trikiti eskolak, elkarteak, trikitixari lotutako argitalpenak eta kontzertuak ugariak dira.


Trikiti testu ezagun bat: ABADIÑOKO KARMENTXU (TAPIA ETA LETURIA 1998)







Abadiñoko Karmentxu

neska politte zara zu

neska politte zariela ai

urrindik agiri dozu.

 

 Agustuen lenengue

San Pedro mendexakue

etxatela ai aztuko ai

orduko illuntzekue.

Santa Eufemiko zelaijjen

laprast eindde jeusi nintzen

hazurrik eneuen hausi ai

mamiñe mailletu baizen.

 Neure nobiaren ama

asto baten yabe dana

astoak ekarriko'tso ai

etxean behar dauana.

Goian da bean hurie

erdien Errenterie

zeuk dirudizu, maitea ai

larrose yaioparrie.

 Begire nago begire

goiko kamiño barrire

noz etorriko ete dan ai

neure laztana herrire.

 


Qualifier :
http://www.euskosare.org/komunitateak/guremusika/trikitixa_musika_dantza_abestiak_eta_jai_giro_herrikoia_080808/eks_article_view