EuskoSare > Communautés > Gure Musika > Txistua: Euskal Herriko musika tresna tradizionala
2008-08-15 16:06
Dernière modification: 2008-08-15 16:16
  • Euskara
  • Castellano
  • Français
  • English
Actions sur le document
Txistulariak. Copyright euskonews

Txistua: Euskal Herriko musika tresna tradizionala

Euskal musika tresna tradizionalen artean garrantzitsuenetarikoa txistua da. Hainbat mendetan zehar euskaldunen artean bizi izan den airezko instrumentua dugu txistua, musika sortu eta dantzaren lagungarri dena.

Hiru zulo besterik ez ditu eta giltzik ez. Hamaika txistu mota egon izanaren berriak izan ditugu baina gaur egun hiru neurritakoak nabarmendu ditzakegu: Fa edo Fa# doinuetan afinatua dagoena, txistua berez duena izena; Sib, SI, DO doinuetan afinatua dagoena, silbotea izenekoa; eta DO doinuan afinatutako txirula izeneko tresna. Digitazioa berdina dute denek.

Hezurra, egurra, metala, plastikoa eta ABS bezalako materialak erabili dira historian zehar txistua egiteko.

Erabilera

Ezkerreko eskuarekin jotzen da txistua. Txistuari eusteko, beheko partean duen eraztunean sartzen da behatz nagia. Beste bi behatzak gaineko bi zuloetan mugitzen dira eta behatz lodia, berriz, beheko zuloan. Behatzak mugituz eta putz eginez sortzen da musika. Txistuaren lagungarri lez, eskuineko eskuarekin danbolina jotzen da.

Txistua, batez ere, dantzari loturik egiten da; erromerietan eta honelako ekitaldietan lagungarri izaten da.

Historia

Garapen nabarmena bizi izan du txistuak denboran zehar, bai itxurari dagokionez eta baita soinuari dagokionez ere. Izan ere, garaian-garaiko berrikuntza eta aldaketez baliatu da eboluzionatu ahal izateko.

Musika-tresna honi dagokion informazioa andana da. Txistuaren lehen aztarnak datatzeko unean eztabaidak daude. Hainbaten aburuz, Nafarroa Behereko Isturitzeko "Laminazilo" haitzuloan aurkitutako hezurrezko txilibitua da egungo txistuaren aurrekaria.

Txistuaren musikak historian zehar gorabehera nabariak izan ditu. Izan ere, zenbait garaitan mespretxatua edo arbuiatua, gaizki ikusia eta debekatua egon baita. Adibide gisara, Jainkoaren barkazioa lortzeko, txistu eta danbolina erre egin behar izaten ziren. Gainera, hainbat herri edo hiritan, txistulari edo txistulari oihek ezin zuten kargu publikoak bete.

Aitzitik, egungo egoera bestelakoa da eta erakunde publikoek nahiz Elizak onartzen dute txistua.

1927. urtean lehenengo txistulari elkartea sortu zen Eibarren (Arrate auzoan) eta handik aurrera, Arrateko Ama Birjina izan da txistularien jagolea.

Txistularien funtzioak

Euskal kostaldeko herrietan balea agertzen zenean txistua joz abisatzen zieten txistulariek arrantzaleei. Kale-animazio lez, urte askotan kaleetan zehar ibili izan dira. Hamaika modutako ospakizunetan presente izan dira.

Txistularien betebeharrak era askotakoak izan dira, beti ere, unean-uneko egoerara egokituz.

Txistu-musikaren sailkapena

Gorteiu erlijiosoak, kalejirak (Baztango sagar-dantza esaterako), joku-dantzak (Goizueta eta Doneztebeko zagi-dantza esaterako), dantza ospetsuak edo garrantzitsuak, guda-dantzak (ezpata dantza eta makil-dantza), mutil-dantza edo gizon-dantza (Baztango mutil-dantzak eta Zuberoa eta Lapurdiko muxikoak esaterako), eta dantza-mixtoak (Gipuzkoa eta Bizkaiko aurreskua, etab.) ekitaldietan jotzen da txistua.

Egungo egoera

Txistua euskal tradizioan erabili den musika-tresna da eta honek ere egungo musika-talde berrietan bere lekua bilatu du. Halere, FA tonua duen txistua baino gehiago erabili da DO tonua duen txirula.

Badirudi txistuaren eremua murriztu egin dela. Trikitiak, txarangak eta gainontzeko musika-tresnek gain hartu diote.

Aitzitik, txistua bizirik dirau eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak eta bestelako ekimen desberdinek indarra hartzen laguntzen jarraitzen diote.


Qualifier :
http://www.euskosare.org/komunitateak/guremusika/txistua_euskal_herriko_musika_tresna_tradizionala_080808/eks_article_view