EuskoSare > Euskal Herria > Presentación general de Euskal Herria > Language > Hizkuntzaren bateratze-prozesua: euskara batua
Document Actions

Hizkuntzaren bateratze-prozesua: euskara batua

Euskaltzaindia (1918) da euskararen Erakunde Akademiko ofiziala. Euskararen gaineko ikerkuntzan jarduteaz gain, gizartean duen erabilera zaintzeaz ere arduratzen da, eta egoki erabiltzeko arau filologikoak ezartzen ditu.

Espainiar Estatuan Euskaltzaindia Erret Akademia da ofizialki (1976), eta Frantziar Errepublikan onarpen praktikoa duen Erakundea (1995). Era berean, euskal herritarren artean aski aintzatetsia dago. Horrela bada, horrek guztiak lagunduta, izugarrizko lana egin du araugintzan, eta mesede handia egin dio euskararen estandarizazio eta modernizazioari, batez ere 1968az geroztik.

1968an, Euskaltzaindiaren 50. urteurrena zela eta, Biltzarra izan zen Arantzazun (Gipuzkoa), eta biltzar hartan Euskararen Akademiaren enkarguz egindako lan bat aurkeztu zuen Koldo Mitxelenak. Lan horretan gipuzkera, nafarrera eta lapurtera hartu zituen Mitxelenak euskara batuaren oinarri gisan.

Halaber, euskararen batasun literarioaren oinarriak jartzeko behar ziren jarraibide lexikografiko eta morfologikoak finkatu zituen, eta, gerora, 1973an, aditz-jokoari buruzko proposamen batekin osatu ziren. Eztabaida piztu zen gizartean euskara batuaren aldeko eta kontrakoen artean. Kritika ugari egin ziren, baina, azkenean, hezkuntza-munduaren onarpenarekin, euskara batua hedatzen hasi zen.

Kontrako iritziak bi ustetan oinarritzen ziren: batetik, gainerako euskalkien aldean Gipuzkoako euskalkiak euskara batuaren baitan hartu zuen pisua ez ote zen gehiegizkoa; eta bestetik, arriskua ere sumatzen zen, hizkuntza bakarra erabiltzeak euskalkien iraupena bera kolokan jarriko ote zuen. Aldeko argudioen arabera, berriz, batua idatzizkorako eredua zen eta berori sortzeko egile klasikoetan oinarritu ziren; beraz, kulturaren eragina nabarmen askoa zen. Gainera, euskara batuak euskalki guztiak batu eta hizkuntza indartuko zuen.

Hasiera batean kontrako iritzien jarraitzaileak gehiago zirela bazirudien ere, denboraren poderioz euskara batua nagusitu egin da bai hezkuntzan, bai komunikabideetan eta bai Administrazioan, eta tokian tokiko euskalkiek bizirik diraute.

http://www.euskosare.org/euskal_herria/aurkezpena_eh/hizkuntza/euskara_batua-eu/eks_structuredocument_view