Hemen zaude: Hasiera Albisteak Pedro J. Oiarzabal: "Facebook-en fenomenoa gogor iritsi da euskal diasporaren baitara"

Pedro J. Oiarzabal: "Facebook-en fenomenoa gogor iritsi da euskal diasporaren baitara"

2009/08/12

Pedro J. Oiarzabal bilbotarra Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko (CBS) ikertzaile elkartua da eta bere doktore titulua euskal Diasporaren internet bidezko identitateaz osatu zuen. Alor honetan egindako lanari lotua, Euskaldiaspora.com webgunea kudeatzen du sarean. Joan den apirilean, 'The Online Social Networks of the Basque Diaspora. Fast Forwarded, 2005-2009' izenpeko lanaz hartu zuen parte Renoko Unibertsitatean garatutako Ezagutza Komunitateei buruzko Nazioarteko Kongresuan, Javier Echeverria (William A. Douglass katedra 2008-2009), Joseba Zulaika (CBSko zuzendarikidea), Andoni Alonso (Extremadurako Unibertsitatea, Caceres) eta Oiarzabal bera antolatzailekide.

Bilbo, Bizkaia. Aipatu lanean Pedro J. Oiarzabal-ek (Bilbo, 1971) euskal diasporak web-ean izan duen presentziaren garapena aztertzen du, sortu zela bi hamarkada betetzen diren honetan, aintzakotzat hartuz kanpoko euskal erakundeek nola erabiltzen dituzten dauden plataforma digitalak, eta eragiten duten inpaktoa neurtuz, erakundeei eurei dagokienean, garatzen dituzten ekimenei dagokienean eta baita euskal identitateari dagokionean ere.

Lanak aitortzen du gaur egun 211 elkarte direla euskal diasporak 24 herrialdetan ezarritakoak, horietarik %64 sarean nolabait ordezkatuta daula. "Orain artean online presentzia izateko bidea erabaki ez duten elkarte bakarrak Kuba, Dominikar Errepublika, El Salvador eta Paraguaikoak dira", dio Oiarzabalek.

MySpace, Facebook, Youtube, Flickr...

Hala ere, "interneten identifikatuko dituen webgune edo blog bakarra izatearekin ez aski eta elkarte gero eta gehiago plataforma edo komunitate bat baino gehiagotan ezartzen hasiak dira, bereziki MySpace, Facebook eta antzeko gizarte saretan, aldi berean YouTube eta Flick bezalako tresnak erabiltzen dituztela euren helburuak lortu edo bazkide dituztenen espresabideak areagotzeko", ondorioztatzen du.

"Euskal diaspora MySpace edo Facebook-en sartzea bi urte baino gehiago ez dituen fenomeno sozial berri bat da, baina plataforma hauek dira geroari begira aukera zabalena daukatenak. Esaterako, 2007ko ekaina eta 2009ko martxoa bitartean sortutako webgune berriak sare sozialak dira. izan ere Facebook-en sortutako gune gehienak 2008ko azaroa eta 2009ko otsaila bitartean sortu ziren", azaltzen du bere ibilbide profesional ia guztia Euskal Herritik kanpo eman duen ikertzaile bilbotarrak.

Denbora eta geografia mugarik gabeko euskal kultura

Oiarzabalek azpimarratzen du euskal diasporaren online presentzia esponentzialki ari dela hazten, "ez bakarrik kontaktuan egoteko online egotea hautatzen duten erakundeen kopuruari, bazkideen kopuruari eta oro har lagunen kopuruari dagokionez, baizik eta fenomeno honek denbora edo geografia mugarik ez duen euskal kultura globala eraikitzeko tenorean daukan garrantziagatik. Duela hamarkada bat baino gutxiago kanpoko euskal gizataldeek sortutako plataforma digitalak esku bakar bateko hatzez zenbatzen baziren, gaur egun 160tik gora dira".

Pedro J. Oiarzabalen ikerketa hau Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak aipatu Ezagutza Komunitateen Kongresura aurkeztutako lanak bilduz argitara emango duen liburuan agertuko da.

-Renoko Unibertsitateko CBS: http://basque.unr.edu
-Oiarzabalen webgunea: www.euskaldiaspora.com
-Ezagutza Komunitateei buruzko Nazioarteko Kongresua

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.