Hemen zaude: Hasiera Albisteak Juan Mari Beltranen Argentinako biraren argazki erreportaia: Chivilcoy, Arrecifes eta Buenos Aires

Juan Mari Beltranen Argentinako biraren argazki erreportaia: Chivilcoy, Arrecifes eta Buenos Aires

“Horrelako talde bat gurera etorri eta joaten denean izugarrizko hutsunea uzten du euskal etxeetan eta baita gure bihotzetan ere", onartzen dute aho batez Juan Mari Beltran eta bere taldea hartu zituzten Argentinako euskal etxeek: Chivilcoyko Beti Aurrerak, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Batek eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak eta Eusketxek. Elkarte hauek partekatu nahi izan dute EuskalKultura.com-eko orrietan egunotan Beltran eta bere musikariei esker bizi izan dutena, jarraian eskaintzen dugun argazki erreportaiaren bidez.

Chivilcoy, Arrecifes, Buenos Aires/Argentina. Irailaren 7an, Montevideotik (ikus hemen hango berri) Argentinako Chivilcoyra heldu eta berehala, Juan Mari Beltran eta bere taldeko musikariak Beti Aurrera Euskal Etxean kontzertua emateko prestatu ziren. Berrehun eta berrogei lagun bildu ziren elkarteko aretoan, haien artean ondoko Suipacha herriko eta euskal etxeko talde handi bat. Musikariek opari asko jaso zituzten, euskal etxekoen poza eta esker onaren seinale: Beltranek, adibidez, samponia bat --Argentinako soinu tresna--  jaso zuen, bere musika tresna museorako, eta Herriko Kultur Zuzendariak ere bertako oroigarriak eman zizkien. Kontzertuan, musika eta instrumentuen bidez, Beltranek Euskal Herrian zehar bidaiari eraman zituen entzuleak.

 Juan Mari Beltran Chivilcoy Euskal Etxea 08 1

[Beltranek Beti Aurreran eman zuen kontzertuko une bat (argazkiak ChivilcoyEE)]

Gainerako kontzertuetan egingo zuten bezala, musikariek euskal etxeko dantzariei ekitaldian parte harteko gonbitea egin zieten. Chivilkoyko taldeak gustura onartu zuen gonbitea eta beherala hurbildu ziren dantzariak agerlekura. Emanaldia bukatuta, entzuleek txaloka eta zutik 'beste bat' jotzeko eskatu zuten.

 Juan Mari Beltran Chivilcoy Euskal Etxea 08 2
[Chivilcoyko Euskal Etxeko dantzariak emanaldian]

Irailearen 8an, Beltranek klase bat eman zuen Chivilcoyko Musika Kontserbatorioan. Irakasle nahiz ikasleek parte hartu zuten bertan eta Euskal Herriko musika eta musika tresnei buruz ikasteko aukera aparta izan zuten. Honezaz gain, Beltranek eta bere taldeak Chivilcoyko hainbat leku ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste, Almacén El Recreo izeneko dendan Argentinako antzinako musika tresnak eta altzariak ikusi zituzten. 

Juan Mari Beltran Chivilcoy Euskal Etxea 08 3
[Juan Mari Beltran mintzaldia eskaintzen Chivilcoyko Musika Kontserbatorioan]

Juan Mari Beltran Chivilcoy Euskal Etxea 08 4
[Juan Mari Beltran eta taldea El Recreo dendan]
 

Arrecifesen, Maral taldearekin

Irailearen 9an, Chivilcoyko lanak beteta, taldea Arrecifesera iritsi zen. Herri honetan kontzertua 'interes munizipalekoa' izendatu zuten, eta hori dela eta musikariei harrera ofiziala egin zitzaien bertako Udaletxean. Gero, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean eman zuten kontzertuan, berrehun bat lagun elkartu ziren euskal musikariak entzuteko.

Juan Mari Beltran Arrecifes Euskal Etxea 08 1
 [Arrecifeseko kontzertuan (argazkiak Euskaldunak Denak Bat EE)]

Euskalkultura.com-en orduan aipatu bezala, Maral taldeak ireki zuen emanaldia eta haien ondoren igo zen agerlekura Beltran. Hala ere, Mariana Dominé (Maraleko ahots nagusia) berriro ere igo zen taulara, Beltranek gonbidatua, musikariekin batera Argentinako Pampako ombu arbolari buruzko kanta bat abesteko.

 Juan Mari Beltran Arrecifes Euskal Etxea 08 2
[Jende asko bildu zen Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean egin zen emanaldira. Gustura ibili ziren oso, musikariak zein publikoa] 

“Atzerrira joaten naizenean, bertako ohiturak ezagutu eta bizi nahi ditut”, aipatu zuen Juan Marik Arrecifesera heldu zenean. Hori kontutan harturik, euskal etxekoek “Kaneloneak” prestatu zizkieten musikariei eta denek elkarrekin afaldu zuten kontzertua amaitu eta gero.

 Juan Mari Beltran Arrecifes Euskal Etxea 08 3
[Juan Mari Beltran eta taldekideak Arrecifeseko euskal komunitateko kideekin]

Bukaera biribila Buenos Airesen

Taldearen bira izaten ari zen harrera onaren jakitun, Buenos Aireseko emanaldiaren antolatzaile ziren Euskaltzaleak eta Eusketxe elkarteek kontzertua hasieran pentsatu baino areto handiago batean egitea erabaki zuten. Defensa Kultur Aretoa aukeratu zuten horretarako, eta asmatu ere, deialdiak 200 lagundik gora bildu baitzituen. Entzuleen artean beste euskal etxe batzuetako lagun asko ere gerturatu ziren:  Jose C Paz, Gral Rodriguez, Iparraldeko Euskal Etxea eta Laurak Bat-ekoak, besteak beste.

 Juan Mari Beltran Buenos Aires 08 2
[Beltranek Euskaltzaleaken egoitzan eskaini zuen kontzertu didaktikoa]

Irailearen 12an Beltranek beste kontzertu bat eskaini zuen Euskaltzaleak-en egoitzan, baina oraingoan kontzertua didaktikoa izan zen. Beltranekin batera Ander Barrenetxea eta Andoitz Antzizar aritu ziren. Kontzertuan Beltranek herriko musika berarentzat zer den azaldu zuen; eta non, nola eta noiz erabiltzen den musika tresna bakoitza.  

 Juan Mari Beltran Buenos Aires 08 3
[Beltran eta taldekideak Buenos Aireseko Costanera Sur-en]

Ondoren, euren bidaiako lau azken egunak eman zituzten Beltranek eta taldeak Buenos Airesen eta gauero afaldu zuten euskal etxekoekin. Bertakoak harrapatuta geratu ziren musikarien jatortasun eta irekierarekin eta ez zuten haiekin egoteko aukerarik galdu nahi izan. Buenos Aireseko tradizio handiko lekuetara lagundu zituzten –-Costanera Sur, Caminito, San Telmo-- eta, “azken agurra” emateko mementua heldu zenean, besarkada eta malkoen artean, zortzikoteak egunen batean bueltatuko dela agindu zuen.

 Juan Mari Beltran Buenos Aires 08 4
[Juan Mari Beltran eta taldekideak Euskaltzaleak elkarteko elastikoak soinean]

Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.