Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik Artxiboa 2009 Martxoa 23 Kubako berri eta Gorka Rosainz
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Kubako berri eta Gorka Rosainz

Etorri berriak gara La Habanatik. Bertako euskal historian murgiltzen eta bertan dauden euskaldunekin aritu gara, errealitate euskal kubatarraren berri --iragana eta oraina-- eskuratzen. Hiriburu kubatarrean sortu zen, izan ere, 1877an, Asociacion Vasco Navarra de Beneficencia, egun behera etorria baina irlan oraindik ere indarrean segitzen duen elkartea. Mintzatu gara eurekin. Bisitatu dugu eta solastu gara baita ere --eta hitzaldiñoa eskaini genuen bertan-- La Habanako El Cerron aurrera egin nahiean ari den 'Dantzari' Ekimen herrikoiko (Proyecto Dantzari) arduradun eta partaideekin.

1954an Juanito Saizarbitoria mutrikuarrak La Habanan zabaldutako Centro Vasco jatetxea bisitatu eta bertan bazkaldu dugu, bakailaoa pil-pil erara hain zuzen, Euskal Herriko kirol herrikoiei buruzko horma margotuek inguratuta. La Habanan lankide dugun Josemi Arrugaeta santutxuarrarekin ere ibili gara, eta baita hiriburuan Athletic-eko Peña sortu berria duen Jose Luis Astigarraga azpeitiarrarekin ere. La Habanako kanposantu handian dagoen 'Euskaldunen Panteoia' ere jomuga izan dugu, eta sartu ahal izan gara garai batean 'Oihuen Jauregia' (Palacio de los gritos) izena hartu zuen munduko zesta-punta kantxarik entzutetsuenean.

Euskadi-Kuba elkarteko kooperazio lanetan dabilen jendea bisitatu dugu, baita La Habana Zaharrean euskal lankidetzaz sortu zen 'Gabriel Aresti' aroztegi-eskola ere. Mojitoez ere busti dugu zintzurra, Arechavala euskaldunak XIX mende hondarrean sortutako 'Havana Club' ronez eginiko mojitoez, jakina. Soroa ardoa ere ezagutu dugu eta euskal merkatari batzuk bertako historian utzitako arrastoez jantzi gara, besteak beste. Esklabotzak aberastu zituzten euskaldunen istorioak ere atera ditugu dantzan, dantza ere derrigorrez aipatu beharreko gauza baita Kuban, besteak beste lehen aipatu Dantzari proiektua medio. Begoñako Andra Mariari eskainitako aldarea, Hegoaldeko lau harmarriekin, ere ikusi dugu Habana Zaharreko San Frantzisko elizan. Bidaia osoan, Xabier Leteren Habanerak lagundu gaitu. Datozen egunetan argitaratuko dugu honi guztiari buruz.

Euskal Herrira itzulirik, Jaione Arrieta eta VascosMexico posta-zerrenda tarteko, Gorka Rosainz euskal mexikarra zendu dela jakin dugu. Bere euskal erroez harro zegoen mexikarra zen Gorka Rosainz, azken urteotan Euskonews-en Mexikoko euskal presentziaz eta historiaz dibulgazio artikuluak argitara emandakoa. Martxoaren lehenean hil zen. Gure harpidedun ere bazen eta izana genuen berarekin harreman epistolarra internetez. Penatu gara.

Kaliforniatik, The Last Link filmaren emanaldi berri bat antolatu dutela datorren ostegunerako, arratsaldeko sei t'erdietan Novato-ko Pierre jatetxean, euskal estiloko afaria eta filmaren proiekzioa bateratuz. Erreserbak (415) 898-4233 telefonoan. Gogoratu The Last Link-ek (Azken lokarria), Wyoming-en jaiotako Pete Camino artzain euskaldunaren istorioa kontatzen duela, laurogei urte paseak dituela Euskal Herria lehenengo aldiz bisitatzen duela.

Segituko dugu hizketan. Tartean, ez ahaztu, Baionako Herria astekariak bere hirumilagarren (3.000) zenbakia plazaratuko duela aste honetan, eta hau ez da batere txantxa euskal astekari batentzat, eta oro har argitalpen batentzat.

 

2009/03/23

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik