Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik Artxiboa 2009 Urtarrila 19 Biziak bizi bizi segitzen du
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Biziak bizi bizi segitzen du

Bizia da bizia, eta azkar mugitzen da, baita Diasporan ere. Bere baitan egunero hiltzen da jendea, ume berriak sortzen dira, ekimen eta aktibitate berriak bultzatzen eta beste batzuk akitzen eta bukatzen. Estatu Batuetan, Buffalo Wyoming-etik aipatzen digute 90 urte bete --eta ospatu-- berri dituela Pete Caminok. Gogoratu, Pete Buffalon sortutako arnegitarra (Nafarroa Beherea) dela, arnegitarrak baitziren Ameriketan euskaldun zela irakatsi zioten bere gurasoak. Duela urte guti bisitatu zuen Petek lehen aldikoz Euskal Herria, eta euskaraz mintzatu ahal izan zen Arnegin sortutako bere ahaide eta lagunekin. Bisita hori film batera ere bildu zuten amerikano batzuk, The Last Link (Azken lokarria) izenarekin.
 
Urte berria hasirik, urtarrilaren 2an gertatu eta jakin genuen Mixu Mixelena kantariaren heriotza, tupustean, Baionan Aviron Bayonnais eta Castres taldeen arteko rugby partidan, bihotzekoak jo ondoren. 38 urte zituen eta itzuli berria zen Mixu Argentinatik, Maialen Errotabehere eta Xabaltx-ekin (MMX proiektuarekin) emanaldi batzuk emanik euskal etxeetan. Lagun asko utzi zituen Argentinako euskal giroetan eta bere heriotzaren berriak oihartzun berezia izan du Buenos Aires inguruan. Loturak ugaltzen eta sakontzen doaz Euskal Herriaren eta Diasporaren artean eta egun, berriak gertatu ahala jakiten direlarik, ohargarria da bizia eta geroa ere elkarrekin eta ontzi berean, ahalegin bereko partaide dugula hango eta hemengo euskaldunok, partikularzki euskaltzaleok. Besarkada bero bat Mixuren emazte eta haurrei.
 
Mundu tipiarena eta loturak sendotzearena ez dira hitzak bakarrik. Urteko lehenengo egunetan bilduak dira Argentinako Mar del Platan Estatu Batuetako (AEB) eta Argentinako euskal etxeetako buruzagiak. Bidaia egina dute horretarako, euren partaide argentinarrekin egoteko, Estatu Batuetako NABO erakundeko hiru ordezkarik, hala nola Mary Gaztambide, John Ysursa eta Izaskun Kortazarrek. Mary Gaztambide NABOko lehendakaria da, sortzez estatubatuarra eta Utah-ko Salt Lake Cityn bizi dena. John Ysursa estatubatuarra da baita ere, Kaliforniako Chinon bizi dena. NABOko sustatzailea (sic) da bera, koordinatzailea. Izaskun Kortazar, azkenik, Euskal Herrian sortua da eta Idahon bizi den emakume gaztea. Bera okupatzen da Estatu Batuetako euskara eskolez. Elkarren berri hobea izatea, elkarrengandik ikastea eta Argentina eta AEBetako euskal ekimenak hobekiago koordinatzatzea da bilkura hauen helburu, Eusko Jaurlaritza tarteko.
 
Txoko honetako gaurkoa bukatzeko, zer hobe lagun baten alaba sortu dela eta Nevadako Elkon euskaldun txiki bat gehiago badela jakinaraztea baizik. Alaba izan berria du Elkon, urtarrilaren 5ean, Amaya Ormaza euskaldun amerikanoak. Sofia ipini diote tipiari izena eta ama eta alaba ongi dira. Pozik legoke Amayaren aita, Pete Ormaza, 2006 urte hasieran zendua, bere biloba berria ikusten. Zorionak Sofia berari, bi urte t'erdiko bere ahizpa Katharine Isabel-i, eta Ormaza eta Winer familiei. Ea 18 urteren buruan Sofia tipiak bere ama bezala egin eta Euskal Herrira hurreratzen den urtebeterako eta atxikitzen duen Ameriketan nahiz Euskal Herrian euskaldun egiten gaituen kultura eta sentimendua!
 
PS: Gogoratzea, azkenik, datorren martxoaren lehenean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa eman dezaketen Diasporako euskaldunei, gaur dela azkeneko eguna hauteskunde erroldan egon daitezkeen akatsak salatzeko eguna. Hiru probintzia hauetan dauden 1.776.006 hautesleen ondoan, 43.660 dira ofizialki estatutik kanpo bizi eta bozka dezaketen herritarrak.
2009/01/19

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik