Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik Artxiboa 2009 Urtarrila 26 Heriotza ere bizitzako parte, jaioko dira berriak
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Heriotza ere bizitzako parte, jaioko dira berriak

Hamaika izan ohi dira gure esparru nagusi diren Euskal Diaspora eta Kultura (edo Euskal Kultura eta Diaspora) arloetan astero edo aldioro komentagarri gertatzen diren gaiak. Gu, bistan da, horietako batzuen berri jakitera iristen gara soilik, geure indarrak eta ahalak mugatuak direlako. Aurreko batean gogoratzen genuen bezala Diaspora bizi-bizia delarik, heriotzak ere leku berezkoa dauka bertan. Hona hemen azken egunotan handik eta hemendik helarazi zaizkigun pare bat berri, bizia/heriotzarekin zerikusia daukatenak.

Miamitik, Estatu Batuetatik, World Jai-Alaiko pilotari ospetsua izan zen Armando Gonzalez-en heriotz tragikoa eta Floridako euskal komunitatean --bereziki pilotari lotutakoan-- eragin duen kolpea aipatzen digute. Floridako Jai-Alaiaren urrezko denboretan oso pertsona ezaguna izan zen Gonzalez, 1968-81 artean, orduko pilotari kubatar-amerikar bakarra. Bere etxean sortutako sute baten ondorioz hil da Miamiko Habana Txikian abenduaren 27an, bere emazte Daisy Jimenezekin batera, bere amaginarreba ere oso larriki zaurituta. Miami Jai-Alaiko bere euskal lagun pilotariek lore-sorta bat eskaini zioten eta present egon ziren beilategian eta ehorzketan.

Heriotza ere, baina bestelakoa, itxiera bat, izan da Mexiko Hiriburuan gertatu dena, abenduaren 21ean. Egun horretan itxi zituen ateak Mexiko DFko Euskal Etxeko Loyola jatetxeak. Itxi arte urtetan bertako kontzesioduna izandako Enrique Asensiori eskertze, besarkatze eta txalotze mezuak iritsi zaizkio, besteak beste VascosMexico izeneko foro euskal-mexikarrean. Oso pertsona estimatua eta oso lan estimatua egindakoa da bere bizia Euskal Etxeari lotua eman duen jende askorentzat.

Kolore beltzeko beste berri bat, Madrilen euskal txistulari eta txistularien maisu izandako Juan Jose Ugalderena, urte hasieran gertatua. Jaiotzez gasteiztarra, gazterik joan zen Madrila eta makina bat ekitaldi edertu dituen txistulari banda sortu zuen, 1950. hamarkadan jotzen hasi zenetik. Euskal Etxeko hasierako kide, bere talde ezagunak, ikasle izan zituen Josean Razkin, Sabin Olaskoaga zena, Luis Manuel Pe-Mentxaka eta bera zeuzkan partaide. Mendizale amorratua zen. Heriotzak tupustean harrapatu zuen, urtero bezala Madrilgo Jesus Haurraren Ospitaleko kabalkadara txistua jotzera joateko prestatzen ari zela urtarrilaren 5ean, Errege Eguneko bezperan.

Hil diren guztien berri ezin eman hemen, Jean Berhan San Frantziskon, Noeline (Esponda) Sun eta lehenago Gaxuxa Amestoy Buffalo Wyomingen... Hamaika dira Estatu Batuetan, Argentinan, Mexikon, Uruguain, Venezuelan, Frantzian, Espainian, Txilen, Kanadan, Australian...

Biziaren gazi-gozoa Buenos Airesetik datorkigu. Bertan jaio baitzen urtarrilaren 10ean Maialen Alava Aranguren neskatoa, haurño polit-polit bat, ama Marina Aranguren, euskal-argentinarra, euskara irakaslea argentinar hiriburuko Euskaltzaleak gaueskolan; aita, berriz, Aitor Alava, dantzaria, berez Amurrio ondoko Zuhatzakoa (Araba) eta azken urteotan Buenos Airesen bizi dena, euskal dantza irakasle Argentina eta Uruguaiko hainbat euskal etxetan. Maleruski, aspaldi eri zen Aitorren aita, Maialen sortu biharamunean hil zen Euskal Herrian. Penaren eta doluaren gainetik biziak aurrera darrai, eta Maialen tipiak itsasoz bi aldeetako gauza onenak bilduko dituen ibilbideari ekin dio --seguru--, guraso eta aiton-amonen bidetik, euskaldun eta argentinar.

Bestalde, gaurkoz azkena baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, joan den asteburu honetan Zuzendaritza eta lehendakari berriak hautatu dira munduko zenbait euskal etxeetan. Honela izan ohi da urtero sasoin honetan, esaterako Boisen, Mexikon, Madrilen... eta, besteak beste, Renon. Estatu Batuetako Renon, Kate Camino hautatu dute presidente berria --zorionak (?), Kate-- urte berezi honetan. Lan frango egin beharko du arnegitar arrazako Kate euskalamerikarrak, bera buru duen Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxeak antolatu behar baitu aurten, bera bulegoko buru den Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ekin batera, aurtengo NABO Convention, batetik, eta horrekin batera eta aste berean, uztailean --aurten 50 urte beteko baitira Reno-Sparks-eko lehenengo Euskal Jai Nazionala egin zela--, Sinposio edo Biltzar bat Estatu Batuetako eta Diasporako euskalgintzaren geroaz.

2009/01/26

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik