Hemen zaude: Hasiera Nire talaiatik Artxiboa 2009 Apirila 01 Martxel Tillous laguna oroituz
Dokumentu Akzioak

Nire talaiatik

Martxel Tillous laguna oroituz

Atzo zendu zen Martxel Tillous lagunari buruz, gaurko iruzkina.

Estatu Batuetan ezagutu nuen Martxel, aita Martxel, 1995a izango zen. Aita Eliçagaray-ren lekukoa hartzera etorria zen Estatu Batuetako apez edo omonier gisa. Oroitzen naiz, besteak beste, orduan urtero Gardnervillen (Nevada) egiten zen Euskal Kantari Egunean aurkeztu ziela Eliçagarayk bertara bildutako euskaldunei, bi apezek transmisio lasai bat egin baitzuten, hango eta hemengo euskal-amerikar komunitateen aurrean batak bestea aurkeztuz.

Oker ez banago, han ezagutu genuen elkar, edo han mintzatu ginen luzaz lehenengoz bederen. Saioa egiten nuen orduan Euskadi Irratian Ameriketako euskaldunei buruz eta, besteak beste, azken elkarrizketa bat egin nion Jean Eliçagaray-ri eta lehenengoa Martxel Tillous-i. Ordura arteko Baionako Elizbarrutiko aurreko apezak bezalaxe, urte batzuetan egona zen aita Martxel omonier Pariseko Euskal Etxean, eta aurrekoak ez bezala, lehenago, 26 urte paseak zeuzkan Afrikan, Bolikostan. 26 urte horiek nabaritzen zitzaizkion, eta gauza askotan antzematen zitzaion kultura afrikarraren eragina.

Ez zen Tillous apez batere komentzionala, aske samarra baizik. Zuberotarra zen --guti dira zuberotarrak munduan-- eta ez edonongoa, Eskiulakoa baizik, administratiboki Biarnoa izanik kulturalki Xiberoko lur euskalduna den eremuan. Izan ere, fierki zen Martxel euskalduna, eta zazpi probintzien arteko seme-alaben batasuna eta anaitasuna defendatzen zuen. Kexu zen Euskal Herriko karta eta mapetan Eskiula Zubero barnean ikusten ez zuenean.

Jateko kontuetan, esaterako, barazkijalea zen eta horrek, tradizioz ardien ingurukoa eta erabat haragijalea den Estatu Batuetako euskaldunen komunitatean harridura sortu zuen bera lehenengoz ezagutzen zutenen artean. Barazkijalea bai, zorrotza, baina tokatu zitzaidan bera haragia jaten-edo ikustea, esker eta aprezio onekoa izatearren, elkarrekin adineko euskaldunen baten etxera joanik ilusioz eta zeukaten onena eskaintzearren haragia zerbitzatu ziotela-eta.

Lehenengo urte hartan, eta neu ere estatu bateko eta besteko euskal komunitaterik komunitate ibiltzen nintzela-eta, elkarrekin egin genuen Buffalotik (Wyoming) Montanarako bidea. Neuk baneukan eskarmentua euskal familiekin euskal etxerik ez daukan estatu horretan, eta Miles Cityn bisita batzuk egin eta Sidney eta Culbertson-eraino igo ginen, Brocktondik pasatu eta herrian zein arrantxuetan bizi ziren zenbait euskal familia bisitatuz. Ospitaletik ere pasatu ginen, erien bisitan, eta moskitoek ia jan gintuzten Glasgow kanpoaldean Gene Etchart-ekin bere arto-landetan mintzatu eta Granada, Bengochea eta beste familia urepeldar eta baztandarrak bisitatu genituenean. Bera xirularekin eta neu soinuarekin, kantuan eta dantzan jarri genituen afaldu ostean Bidegaray eta Stepler familiako kideak, guztia euskara hutsean, Martxelek ez baitzuen hitzik ere egiten ingelesez ameriketaratu zenean. Maltatik segituz, Matador Ranch-eraino ere heldu ginen, Oeste gorri eta galduan, Urepele eta Bankako batzuk eta Elgoibarreko bat baitziren indioei eta gobernuari lurrak errentatuz inguruetako handiena zen arrantxo izugarri handi hura kudeatzen zutenak.

Urteen buruan, makina bat dira Martxelekin aipa daitezkeen pasadizoak. Harat-hunat ibiltzen zen bere Pottoka autoarekin. Ez zuen ordu asko egiteko beharrik eta ordu horiek lo nonahi egiteko gauza zen. Urteko gauetako asko Pottoka barnean, bide bazterretan, belar gainean edo lurrean lo-zakuan sartuta egiten zituen, ohe batean lo egiteko aukera izanik ere.

Hasieran, etxe bat eskaini zion San Frantziskoko euskal komunitateko familia batek, bertan bizi zedin. Ahal izan zuenean, ordea, hori eskertu baina nahiago zuela etxe batean bakarrik bizitzea baino Euskal Etxean bizi, bertan gela edo ganberatxo bat ematen bazioten. Eta hala bizi izan da Estatu Batuetan egon den urteetan, gela txiki batean, baina bizitasunaren erdian. Jende artean bizitzea gustatzen zitzaion pertsona bakartia izan da Martxel.

Behin, San Frantziskotik Seattle-ra, bertako euskal piknikera joateko gelditu ginela-eta, Pottoka hondatu zitzaion, eta hegazkin-txartela erosi zuen biontzat, bertan garaiz egon ahal izateko. Beste behin, Pottokaz joan ginen Seattle-ra, Michelle Errecart lagunaren etxean lo egiteko, eta zuzen-zuzenean ohartu nintzen laguntza bereziren bat zeukala Estatu Batuetako errepide horietan ibiltzeko, bera --ni bezala-- hain despistatua izanda. Kaioteak (errepideetako polizak),  topatu nahi ez zituen aurkariak zeuzkan. Oso isun gutxi izan zituen, ordea, urtero ehun mila edo kilometro gehiago egiten zituen gizonak.

Bere eskuzabaltasunaz, berak kanpoan lo-zakuan lo egin eta San Frantziskoko Euskal Etxe (Basque Cultural Center) barnean zeukan gela niri utzi izana oroitzen dut. Aldi berean, gauza asko egiten zituen haurrentzat, euskal komunitateen geroa hor ikusirik.

Berehala, NABOren udalekuetan ere elkarrekin aritzeko aukera izan genuen. Berak txistua irakasten zien haurrei. Ez bakarrik uda garaian, urtean zehar ere txistulariak eta txistulari taldeak sustatzeko lana hartu baitzuen gaztetxoen artean, emaitza onez gainera. San Frantziskoko Euskal Korala ere zuzentzen zuen eta etekin politak atera zizkien hauei ere. Ikasi nahi zutenei, txistua erregalatzen zien. Txistua, xirula, kantua, musika bere bizitzako parte ziren.

Apez gisa, bere beharra zeukaten bazter guztietara joaten zen, horretara milaka kilometro edo milia egin behar bazituen ere. Egia da egon zitekeela gaur euskal ume baten bataioan San Frantziskon eta bataioa bukatuta Pottoka hartu eta zuzenean 12 orduz gidatu ondoren Salt Laken plantatzea, han ehorketa batean apez lana egiteko. Ubikuitatea ez zuen pertsona batentzat, lan handia egiten zuen. Errepidean bizi zen, Oeste guztia parrokia zuen eremua eta jendea zerbitzatzearren.

Euskaldun gisa, komunitateak biltzen eta euskaldun egon zitezen egin zuen lan. Euskaltzalea, eta are gehiago abertzale gisa definitzen zuen bere burua, eta bere engaiamenduak dimentsio hori ere bazeukan. Talde, kantari eta dantzari xiberotarrak Estatu Batuetara ekartzea lortu zuen eta harreman onak izan zituen Eusko Jaurlaritzarekin, nahiz eta oro har agintariekin egotea sobera gustatzen ez zitzaion, ez elizan, ezta elizatik kanpo ere. Agintariekin baino, jende xehekin egotea gustatzen zitzaion eta ez zen ohorezale, nahiz eta bereziki azken urteotan hainbaten omenaldia eta esker ona errezibitu behar izan zuen.

Ororen buru, gizon ona zen Martxel Tillous. Ohartu zenean bera eta gero Baionako Elizbarrutiak ez zuela asmorik --edo aukerarik-- ordea hartuko zion abaderik bidaltzeko, bere eskuetan zegoen guztia egin zuen bere ordea edo ordaina Hegoaldeko Elizbarrurrietatik lortzeko. Izan ere, gauza bitxia gertatu zen bere baitan. Martxel behartuta iritsi baitzen Estatu Batuetara, apezpikuak manatu ziolako. Bera ongi zen Afrikan, laketua, eta apezpikuak bertatik atera eta Europara eraman zuen. Parisen lau urte pasa arazi zizkioten Euskal Etxean, eta han ere apezgoarekin batera kulturan egin zuen lana, koru alorrean baita ere. Ondoren heldu zitzaion Estatu Batuetara, euskaldunen kapelau edo omonier izateko agindua.

Sekula santa Estatu Batuetan izangabea, ingelesa mintzatzen ez zuela, eta bertako euskal komunitateak ezagutu gabe, joan aurretik pentsatu zuen euskal apez bat izatearena Estatu Batuetako euskaldunen kapritxoa zela, tokiko apezak baitzeuzkaten. Eta hori pentsatzen zuen Ipar Ameriketara iritsi zenean. Gero, denborarekin, iritziz erabat aldatu zen, konturatu baitzen bertan lana bazegoela, ez euskal apez batentzat, gehiagorentzat ere baizik. Eta ikusterakoan, Baionak ez zuela bere ordezkorik bidaliko, saiatu zen Bilboko eta Iruñeko Elizbarrutiekin bereziki. Honela lortu zuen, lehenik, bere apezpikua, Moleres, Estatu Batuetara ekartzea, bi bikario nagusiekin; ikusiz horrek aldaketarik ez zuela ekartzen, saiatu zen Bizkaiko Gotzaitegiarekin, eta lortu zuen Karmelo Etxenagusia apezpikuak bi bidaia egin zitzan Estatu Batuetara, bere begiekin ikusteko bertako euskaldunek egiazki zeukatela apez euskaldun baten beharra. Etxenagusiak, beharra ikusi bai, baina Euskal Herrian dagoen apez faltarekin, ezin inor bidali eta, beraz, gehienez egin ahal izan zuena, bigarren bidaia bat egitea izan zen, bigarren bisita txanda egiteko hainbat familia bizkaitarrei. Nafarroatik ere, lortu zuen euskal bikarioa bertara bidaiatzea, eta honek ere beharra onartu bai, baina apez eskasian ezintasun bera adierazi zion.

Ondorioz, bere itzulera atzeratzen eta atzeratzen hasi zen, aita Casenaut-ek egindako zortzi urteak atzena utzi eta, bera euskalerriratzeko irrika bizian bazegoen ere, ez zituen Estatu Batuetako bere parrokianoak apez gabe utzi nahi. Eta horretan heldu zaio minbizia. Euskal komunitate batzuetan pausoak eman ditu, seglarrekin erlijio alorrean zerbitzu minimo batzuk aurrera eramateko. Eta bera, eri egonik ere, bertan egon da.

2007ko abenduan Baionan, ebakuntza egin berria ziotela ospitalean bisitatu nuenean, ohetik esan zidan gauza bakarra, otsailean San Frantziskon egongo zela izan zen, Ibarretxe lehendakaria errezibitzen. Geroztik, ez ditu bere parrokianoak desatenditu, eta iaz bidaiatu da Ipar Ameriketara, tratamentua nolabait segituz eta halaber bere lan amerikarrari ere neurri batean eutsiz. Joan den abuztu-irailean Chinon zen, NABO Biltzar eta Euskal Jaian, eta ahal izan duen arte lanean aritu da.

Iragan urtarrilean, azken hitz batzuk utzi zituen Estatu Batuetako euskal komunitateetako bere lagun eta parrokianoei zuzenduak, zutabe honetako aurreko atalean esan bezalaxe.

Mendia eta natura izugarri gustatzen zitzaizkion, eta zuria izanik beti sekulako beltzarana zuen azala, asko ibiltzen zelako mendian eguzkipean. Izan zitekeen ere bere afrikartasun balioen aldarri. Azala beltzarana hil da, bere begi urdinak azken egunotan beti itxita.

Joan den igandean ikusi nuen azken aldiz eta beheititua zegoen oso. Kanboko Ania-Enea Klinikako ohean zen etzana eta hitzik ez zuen egiten. Pentsatu nahi dut entzun zuela eta jabetu zela esan nionaz, nahiz eta segurantziarik ez izan. Besteak beste Ameriketako lagun batzuen besarkada transmititu nion.

Orain, pare bat egun geroago, joana da. Benekien gertatzear zegoela, baina pentsatzen ez nuen pena eman dit. 74 urte zeuzkan, baina hainbeste gehiago egin nahi zuen...

Esan bezala, elizkizunak ostiralean Eskiulan, arratsaldeko hiruretan.

2009/04/01

Joseba Etxarri

Iritzi-zutabe honetatik euskal diasporaren egungotasunari buruzko komentarioak idazten ditu astean behin-edo Joseba Etxarri kazetari eta idazleak. EuskalKultura.com-eko zuzendaria da bera, Diasporako hainbat ekimenetan antolatzaile eta partaide aritua, bertan bizitua eta duela hogei urtetik gora euskal diaspora gaietan espezialdua.
Azken erantzunak
Ez dago erantzunik